
Konstituzio Auzitegiaren epaia, 2019ko urriaren 16koa. Langileen Estatutuko 52 d) artikuluaren Konstituzio-kontrakotasuneko arazoa dela-eta.
Konstituzio Auzitegiak Langileen Estatutuaren 52.d) artikuluaren konstituzionaltasuna aztertzen du. Bartzelonako Lan-arloko 26. zenbakidun Epaitegiak planteatutako arazoa da, eta Langileen Estatutuaren artikulu horren baitan bi hilabete jarraitutan bederatzi egun balioduneko absentzia izan duen langile bat kaleratzetik dator.
Kaleratutako langilearen ustez, enpresak kaleratze hori justifikatzeko aipatzen duen manuak urratu egiten ditu EKren 14. eta 15. artikuluak, gaixo dagoen langilea bere lanpostura joatera behartzen duelako, kaleratua izateko beldurrez. Lan-arloko Epaitegiak, konstituzio-kontrakotasuneko arazoa goratzen duenak, ulertzen du manu hori kontraesanean egon daitekeela osotasun fisikorako eskubideekin, lanerako eskubidearekin eta osasuna babesteko eskubidearekin; izan ere, gaixotasun baten eraginpean dauden langileek beren osasuna alde batera utz lezakete euren lanpostura joatearren, “inola ere eska dakiekeen sakrifizio bat beren gain hartzera behartuz”. Era berean, uste du, aztergai dagoen artikulu horren azken helburua abstentismoari aurre egitea den arren, badagoela horretarako hain kaltegarriak ez diren bestelako bideak erabiltzeko aukerarik.
Konstituzio Auzitegiak (aurkako hainbat boto partikularrekin) ondorioztatu du Langileen Estatutuaren manu horretan jasotako erregulazioak enpresaren produktibitatea eta laneko eraginkortasuna babesteko legezko helburuari erantzuten diola; interpretazio hori babesten du, hain zuzen ere, Europako Justizia Auzitegiaren 2018ko urtarrilaren 18ko epaiak (C-270/16 gaia, Ruiz Conejero); halaber, uste du, kontuan hartu beharrekoak direla, Konstituzioaren 10.2 artikuluaren arabera. >Europar Batasuneko auzitegiaren doktrinak, Espainiako Konstituzio Auzitegiak bere gain hartuak, ezartzen du laneko absentismoari aurre egitea bidezko helburua dela, enplegu-politikako neurri bat baita eta enpresek jasan behar dituzten zuzeneko eta zeharkako kostuetan eragiten baitu.
Lehenik eta behin, Konstituzio Auzitegiak gogorarazten du osotasun fisikorako eskubidea urratzeko nahikoa dela lesio bat gertatzeko arrisku garrantzitsu bat egiaztatzea. Ustez langilearen osotasun fisikorako eskubidea urratu izanari dagokionez, Konstituzio Auzitegiak uste du ez dela betetzen, zalantzan jarritako arauaren bidez Konstituzioaren 15. artikulua urratu dela ikusi ahal izateko, beharrezkoa izango litzatekeelako enpresaren jarduera bat gertatzea, eta, horren ondorioz, arriskua edo langilearen osasunari kaltea eragitea. Bere ustez, Langileen Estatutuaren 52 d) artikuluan ez dago kalterik eragiteko arriskurik dakarren enpresa-jarduerarik, kaleratzea baimentzera mugatzen baita, denbora-tarte jakin batean aldizka lanera ez joateagatik, justifikatuta egon zein ez. Horretarako, kontuan hartzen du legegileak 52 d) artikuluan bertan kanpo utzi dituela baja mediko luzeak eta gaixotasun larrien ondoriozkoak, zalantzarik gabe uste duelako langileen osasuna benetan arrisku larrian egon daitekeela halakoetan. Aitzitik, balioesten du manua aplikatzea eragin dezaketen absentziak iraupen laburreko gaixotasunen edo ondoezaren ondoriozkoak izango liratekeela; horrek aukera ematen du Langileen Estatutuaren 52 d) artikulua Espainiako Konstituzioaren 15. artikuluaren aurkakotzat jotzeko.
Osasunaren babesari dagokionez, legegileak lortu nahi duen helburua aipatzen du Auzitegiak, manu hori txertatuta; hain zuzen ere, enpresak produktibitatearen defentsarekin eta langileen osasunaren eta segurtasunaren babesarekin estu lotutako absentismoaren ondorio ekonomikoak arintzeko duen beharraren arteko oreka bilatzea. Gainera, magistratuen ustez, batzuetan langileen portaeran eragina izatea baztertu ezin den arren, ezin da ulertu zalantzan jarritako erregulazioarekin langileen osasuna babesik gabe uzten ari denik.
Lanerako eskubideari dagokionez, Konstituzio Auzitegiak gogorarazten du eskubide hori kontserbatzeko dela, eta, alderdi indibidualean, arrazoi zuzenik gabeko kaleratzerik ez egotea eta erabaki azkentzaile horren aurkako erreakzioa egotea dakarrela. Aginduak kontratua azkentzean kausalitatea ematen dio kaleratzeari, eta, hain zuzen ere, bertaratze-hutsegitetzat hartu behar ez diren absentziak ezartzen ditu. Atal honetan, Auzitegiak ondorioztatzen du legegileak lanerako eskubidea partzialki mugatu badu ere, hori EKren 38. artikuluak justifikatzen duela, eta lan-arloko jurisdikzioko epaitegi eta auzitegiek kontrolatu behar dutela enpresa-erabakia ez doala enplegatzailearen interesak langilearen bertaratze-hutsegiteetatik babesteko helburu legitimoa lortzeko beharrezkoa dena baino haratago.Egia da legegileak lanerako eskubidea mugatzen duen neurri bat hartu duela (enpleguaren egonkortasunerako eskubidearen alderdian), baina legezko helburu batekin egin du hori, alegia, enpresentzat lanera ez joateak dakartzan kostuak bidegabe handitzea saihestea, enpresa-askatasunean eta produktibitatearen defentsan oinarri konstituzionala baitu.
Mutualiako Aholkularitza Juridikoa.
