Auzitegi Gorenaren Epaia, 2019ko martxoaren 20koa – Ezintasun Iraunkor Absolutuagatiko pentsio-bateragarritasuna, ordaindutako lanaldi partzialarekin

Egitatezko kasua:
Langile autonomoa (sukaldaria), Autonomoen Erregimen Bereziaren arabera Ezintasun Iraunkor Absolutua aitortu zaionean, informatikari bezala hasi da lanean, inoren kontura, lanaldi partzialeko kontratuarekin (lanaldi osoaren %75). Langileak garuneko gaixotasun baskular akutu atzeraezinezkoa adierazten duten sintomak izan zituen, eta, ondorioz, hemiplegia nozitu zuen ezkerreko hankan, eta konbultsio-krisiak behin eta berriz.
GSINk ulertu zuen lan berria bateraezina zela pentsioa jasotzearekin, eta, ondorioz, ordainketa eten zion; langilea erabaki horren aurka altxatu zen. Lan-arloko Epaitegiak langilearen demanda hasiera batean onartu bazuen ere, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren Lan-arloko Salak gaitzetsi egin zuen ondoren, eta epaia eman zuen, GSINren errekurtsoa baietsiz. Langileak azken errekurtso hori errekurritu zuen Auzitegi Gorenaren aurrean, eta kasua behin betiko ebatzi zenean, pentsioa kobratzea eta inoren kontura lan egitea bateragarriak zirela aitortu zuen epaiak.
Eztabaidagaia: Auzitegi Gorenak zenbait arauren norainokoa ebazten du, hasiera batean kontrajarriak diruditenak. Epaiaren hasierako oinarrian 1994ko Gizarte Segurantzaren Lege Orokorra dagoen arren, termino juridikoak berdintsuak dira indarreko 2015eko Legean jasotakoekin.
Alde batetik, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 194.1.c eta 194.2 artikuluek eta Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorreko prestazioei buruzko Araudi Orokorraren 12.4. artikuluak Ezintasun Iraunkor Absolutua (EIA) “edozein lan” egiteko eragozpen gisa definitzen dute. Era berean, 1974ko Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrak (2065/1974 Dekretuaren 135. art.) jada ezartzen zuenez, EIA moduan ulertu beharko litzateke “lanbide edota ofizio oro gauzatzeko langileak erabat ezgaitzen” dituena. Gogoratu EIA aitortu zaienek oinarri arautzailearen %100 besteko pentsioa jasotzen dutela, hau da, osorik berreskuratzen dituzte laneko jarduera erabat uzteagatik galdu dituzten errentak.
Hala ere, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 198.2. artikuluak (eta horren baliokide den GSLO/94 141.2. art.) bateragarritasun printzipio orokor bat jasotzen du ezintasun iraunkor absolutuagatik eta baliaezintasun handiagatik prestazio bidez jasotakoaren eta “ezgaituaren egoerarekin bateragarriak diren, eta lanerako gaitasunean aldaketarik eragiten ez dutenen artean”.
Xedapen horren inguruan 1996ko urtarrilaren 18ko Ministro Aginduaren 18.4. artikuluak, 1300/1995 Errege Dekretua garatuz, GSINk pentsioa etetea erabakitzeko daukan ahalmena adierazten zuen, pentsioaren zenbatekoaren eta garatutako lanaren artean egon zitekeen bateraezintasunaren arabera, laneko jarduerak dagozkion mugak gainditzen zituenerako.
GSINren ustez, “jarduera bateragarri” horiek GSLO/94 7.6. artikuluan aurreikusten den jarduerarekin identifikatu beharra zegoen; hau da, “lanaldia edota ordainsaria kontuan hartuta bazterrekoa edota bizi ahal izateko nahitaezkoa ez dena”. Horri gehitu behar zaio, inoren kontura lan egiten duten langile minusbaliatuen lana, laneko harreman arrunta bezala baino, enplegu zentro berezietan zerbitzua ematen duten langileen izaera bereziko harreman modura bideratu daitekeela (Langileen Estatutuko 2.1.g. art.), eta, beraz, Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean sartuko litzateke (GSLO/2015 13. art.).
Beraz, Auzitegi Gorenaren Salak ustezko kontraesana ebatzi beharra zeukan; alde batetik, hasiera batean aurreikusita zegoen ezintasunaren maila, edozein lanbide edota ofizio gauzatzeko debekuaren aldekoa; eta, bestetik, legean aurreikusita dagoena hori ere, egoera horretan “bateragarriak” diren jarduerak garatzea ahalbidetzen duena. Hori guztia, betiere, kasu zehatz batean txertatuta, non zalantzan jartzen den ea informatikari bezala inorentzat lan egitea bateragarritzat jo daitekeen, pentsioari murrizketarik egin gabe, sukaldari autonomo lan egiteko gaitasuna, berez, indargabetuta dagoela kontuan izanda.
Auzitegiaren ondorioak: Salak bateragarritasunaren alde egin zuen, oinarri moduan 2008ko urtarrilean emandako epai bat hartuta (errekurtsogileak kontrasterako proposaturikoa), antzeko kasu bat jasotzen baita bertan. Logikoa denez, kasuen arteko berdintasun horrek eragina izan zuen azken erabakian. Hala ere, kasuaren zehaztasunak kenduta, Salak bere egiten ditu orokorrak diren gogoeta jakin batzuk.
Ukatu egiten du GSINren irizpidea, jarduera bateragarriak lan txikiei dagozkiola edota bizitzeko baliabide nahikorik osatzen ez dutela dioena, alegia. Definizio murriztaile hori, izan ere, ez dator bat Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrak 198.2. artikuluan (eta horren parekoa den GSLO/94 141.2. art.) jasotako bateragarritasun-arauei buruzko termino zabalekin.
Gehitu du, baita ere, bateraezintasunak, GSINk planteatzen dituen terminoetan ulertuta, motibazioa galaraziko lukeela EIA edota Baliaezintasun handiko egoeran dagoenaren gizarteratze nahiz laneratzean. Izan ere, lan berriaren bidez ordaindurako kotizazioak etorkizuneko prestazioei begira egokiak izanda ere (erretiroagatiko pentsioa/EIAgatiko prestazio berria), lan arruntaren ondorioz sarrerak jasotzeagatik pentsioa eteteak ez lioke inolako pizgarri ekonomikorik eskainiko ezgaituak seguruenik esfortzu dezenterekin (psikofisikoa) gauzatu behar den jarduerari.
Gehitu du planteamendu horrek erabateko indarra hartzen duela teknologia berrien kasuan (batez ere informatikari eta telelanari buruzkoak), laneko jarduera bat baino gehiago –lanaldi osokoak– eskaintzen baitizkio EIA edota Baliaezintasun Handiko egoeran dagoenari. Horrela ulertzen den bateragarritasunak –jarduera sedentarioen markoan adierazi bezala–, beraz, pizgarri handia dakar gaitasuna murriztua duten langileen gizarteratzeari begira
IÑAKI ESNAL
Mutualiako Aholkularitza Juridikoa