Itzuli

Mutualex epaia 2019ko iraila

Auzitegi Goreneko Lan Arloko Salak langileak abiarazitako kasazio-errekurtsoa aintzat hartu du, eta Andaluziako Justiziako Auzitegi Nagusiaren Lan Arloko Salak (Sevillako egoitza) 2016ko urriaren 27an 2421/2015eko errekurtsoari dagokionez emandako epaia indargabetu eta ezeztatu du.

Jarduera hauetan planteatzen den galdera zera da: ea oporraldiaren eskudiruzko konpentsaziorik ematea egoki den, oporretarako erabakitako datan aldi baterako ezintasun-egoeran dagoenean langilea, lanean berriro hasi gabe ezintasun iraunkor osoa aitortu zaiolako, eta, ordaina badagokio, preskripzio-epearen zenbaketa noiz hasten den, aipatutako kopuruak eskatu ahal izateko.

Hauek dira auziarekin lotutako egitateak: 2012ko abenduaren 14an Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpen bidez ezintasun iraunkor osoa onartu ostean, enplegu-emaileak langileari enpresan baja eman zion, eta langileak ez zuen 2010, 2011 eta 2012. urteei zegozkien oporraldiez gozatu, urte horietan aldi baterako ezintasun-egoeran baitzegoen, 2010eko martxoaren 3tik 2010eko martxoaren 19ra eta 2010eko abuztuaren 30etik ezintasun iraunkor osoa aitortu arte.

Erreklamazioa 2013an hasi zen; adiskidetze-ekitaldia maiatzaren 9an izan zen; auzitan eskatutako kopurua, berriz, 3.114,04 eurokoa zen, 2010. urteari, 2011. urteari eta 2012ko urtarrilaren 1etik 2012ko abenduaren 12ra bitarteko epeari zegozkien hartu gabeko oporraldien konpentsazio ekonomiko gisa.

Jerezko Lan Arloko 3. zenbakiko Epaitegiak atzera bota zuen hasiera batean langilearen eskaera, eta horixe egin zuen Andaluziako Auzitegi Nagusiak ere, nahiz eta arrazoi desberdinak erabili horretarako; Lan Arloko Epaitegiaren epaiaren arabera, preskribatu egin zuen kopuru horien ordainketak, Langileen Estatutuaren 59. artikuluan xedatutakoak jasotakoaren ildotik; eta Lan Arloko Salak errekurtsoa ezesteko arrazoi gisa adierazi zuen ez zela egokia konpentsazio ekonomikoaren aitortza, langilea aldi baterako ezintasun-egoeran egon zenez.

Planteatutako gai horiek aztertzen ditu Auzitegi Gorenaren 2015eko martxoaren 14ko epaiak, eta Langileen Estatutuaren 38.3 artikuluan xedatzen dena aztertzen du, bai eta auzitegi horren doktrina ere, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren jurisprudentziarekin bat etortzeari dagokionez; azken hori batez ere bi epaitan oinarritzen da, 2009ko irailaren 10eko epaian eta 2012ko ekainaren 21ekoan, hala jasotzen baitu urteroko oporrengatik konpentsazio ekonomikoa eskatzeko eskubideaz: salbuespenezkoa da, eta eskubide hori in natura eraginkor egiteko ezintasuna dagoenean soilik da egokia, langilearen borondatetik kanpo, betiere; eskubide hori ez da sortzen lan-harremana amaitu arte, eta une horretan hasten da konpentsazioa eskatzeko ekintzarako epea; izan ere, lan-harremana duten bitartean, eta oraindik harreman hori eten ez denean, ezin da eskatu betebehar horren ordezkapena dirutan.

Hortaz, eta doktrina hori kasu honi aplikatuta, erreklamazioa egin duen langileak eskubidea du konpentsazio ekonomikorako; izan ere, Auzitegi Gorenak adierazi duenaren ildotik, langileak ezin izan zituen oporrak hartu ezinbestez, hots, aldi baterako ezintasun-egoeran zegoelako, eta formulatutako ekintzaren epea zenbatzeko dies a quo izango daezintasun iraunkor eta osoa aitortu zaion data; beraz, langileak urtebeteko epea du erreklamazioa egiteko, Langileen Estatutuaren 59.2. artikuluan jasotzen denaren arabera, eta, aztergai dugun kasuan, erreklamazioa epe barruan egin da; beraz, eskatutako konpentsazio ekonomikorako eskubidea aitortu da.

Raquel Martínez

Mutualiako aholkulari juridikoa

Lotutako berriak