epaia
Itzuli

MUTUALEX EPAIA 2019KO UZTAILA

Konstituzio Auzitegiak adierazi du lanaldi partzialeko langileen erretiro-pentsioaren zenbatekoa arautzen duen agindua konstituzioaren aurkakoa eta baliogabea dela, berdintasun-eskubidea nahiz emakumea ez diskriminatzeko printzipioa urratzen dituela iritzita.

epaia

Konstituzio Auzitegiko Osoko Bilkurak, aho batez, bere ebazpena eman du, Auzitegi horretako bertako Bigarren Salak konstituzio-kontrakotasunarekin lotuta barnean planteatutako auzian, 2019ko uztailaren 3ko epaian; adierazi du erretiroari dagokion tarteki bat (“erretirokoa eta”) konstituzioaren aurkakoa eta baliogabea dela, honako testu honetan zehazki: ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina, 1. atala, zazpigarren xedapen gehigarria, c letra, hirugarren arauko lehen paragrafoa; zehazkiago, abuztuaren 2ko 11/2013 Errege Lege Dekretuak, lanaldi partzialerako kontratatutako langileak babesteko neurriak eta beste neurri batzuk hartzekoak, 5.2 artikuluan jasotako aginduaren idatzian.

Horrela justifikatu du adierazpena: “Lanaldi partzialeko langileen erretiro-pentsioaren zenbatekoa kalkulatzeko, partzialtasun-koefiziente deritzonaren aplikazioa zehazten du, eta, ildo horretatik, partzialtasun-koefizientea ehuneko 67tik beherakoa denean, 1,5eko koefizientearen aplikazioak konpentsatzen ez duenez, proportzionalki pentsioaren zenbatekoa murriztu egiten da, eta oinarri arautzailearen azpitik gelditzen da. Prestazioa eskuratzeko aukera ematen duen gutxieneko 15 urteko epea dutenentzat oinarri arautzailean ondorio murriztaile hori izatea sexu-arrazoiengatiko zeharkako diskriminazioa da, Espainiako Konstituzioko 14. artikuluaren bigarren tartekiak debekatua, eta, beraz, lanaldi partzialeko langileen erretiro-pentsioen zenbatekoa zehazterakoan, 1994ko Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko zazpigarren xedapen gehigarria aplikatzen zaien kasuan, partzialtasun-koefiziente hori aintzat hartu gabe egin beharko da, hau da, hortik eratorritako murrizketarik gabe.”

Ebazpenean jasotzen denaren arabera, inpugnatutako aginduak tratuan desberdin jokatzea eragiten du, ezartzen dituen desberdintasunen “justifikazio objektibo eta arrazoizkoa” falta denez eta, beraz, eskakizun horiek betetzen ez direnez. Gainera, “proportzionaltasuna ere hautsi egiten da, kotizazio-oinarri txikiagoaren arabera lanaldi partzialeko langilearen oinarri arautzailea arrazoiz murrizteari prestazioaren zenbatekoa zehazteko (oinarriaren gaineko ehunekoa) kotizazio-aldiaren murrizketa ere eransten zaion unetik; eta ez da horrelakorik egiten lanaldi osoko langilearekin”. “…ez dago justifikatuta tratuan desberdin jokatzea lanaldi osoko langilearen eta lanaldi partzialeko langilearen artean, eta ez lanaldi partzialeko langilearentzat kotizazio-oinarri txikiagoaren arabera oinarri arautzailea murrizteari dagokionez, “partzialtasun-koefiziente” batetik eratorritako ehuneko baten bidez oinarri arautzailearen murrizketa gehigarriagatik baizik; izan ere, egiaz kotizatutako egunen kopurua murrizten du, eta desberdintasun horrek emaitza kaltegarria du lanaldi partzialerako kontratatutako langileentzat Gizarte Segurantzaren babesaz gozatzerakoan; horrez gain, emakume langileei eragiten die bereziki, datu estatistikoek islatzen dutenez”. Batik bat emakume langileei eragitea, berariaz, zeharkako diskriminaziotzat jotzen da epaian, martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak, emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirakoak, 6.2 artikuluan jasotzen duen definizioarekin bat etorrita.

Espainiako Konstituzioko 14. artikuluari egiten zaion kalteari buruzko ondorioa, sexu-arrazoi batengatik zeharkako diskriminazioa eragitean datzana, bat dator 2019ko maiatzaren 8an Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak emandako epaiarekin (C-161/18 auzigaia). Aipagai dugun Konstituzio Auzitegiaren epaiarekiko gertueneko zuzeneko aurrekaria, hain zuzen ere, europar doktrina batean aurkituko dugu, zehazki, Konstituzio Auzitegiak berak jasotzen duenez, hemen: “berriki eman den 2019ko maiatzaren 8ko Epaian, C-161/18 auzigaian (Violeta Villar Láiz, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusia); 2015eko Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko indarreko 247. eta 248. artikuluetan ezarritako erretiro-pentsioaren kalkulurako metodoa, lanaldi partzialeko langileei dagokiena, 79/7/EEE Zuzentarauko 4.1 artikuluarekin bat datorren aztertu du Justizia Auzitegiak, hau da, prozesu honetan auzitan jarri den agindua ordeztu duten eduki bereko aginduak bat ote datozen Europakoarekin. Erretiro-pentsioaren kalkulurako metodoaren elementu eztabaidagarria, prozesu honetan bezala, ondoregoan zetzan: “lanaldi partzialeko langile baten modalitate kontributiboan, erretiro-pentsioaren zenbatekoa kalkulatzeko, oinarri arautzaile bat, egiaz jasotako soldaten eta egiaz ordaindutako kotizazioen arabera zehazten dena, ehuneko batekin (kotizazio-aldiaren iraupenaren araberakoa) biderkatu behar da, eta aldi horri partzialtasun-koefiziente bat aplikatuz aterako da berori: lanaldi partzialean egiaz lanean egindako lanegunaren eta lanaldi osoko langile batek (konparagarria) egindako lanegunaren artean dagoen erlazioaren baliokidea gehi 1,5eko koefizientea.”

Justizia Auzitegiak baztertu egin zuen zuzenean sexuan oinarritutako diskriminaziorik zegoenik, langileei araudia bereizketarik gabe aplikatzen zaie-eta; baina ondorioztatu zuen bazegoela sexuan oinarritutako zeharkako bazterketa bat, Europar Batasuneko Zuzenbidearekin bateragarria ez zena”.

Konstituzioaren kontrakotzat eta baliogabetzat jotzeak zer irismen izango duen aztertzean, Osoko Bilkuran, aipatutako doktrina hori aplikatuz, hala dio: “ez da soilik begiratu behar epaitutakoa; aitzitik, segurtasun juridikoaren printzipio konstituzionalaren kariaz”, prozedura ez da hedatuko administrazio-egoera irmoetara ere.

Susana Castaños

Mutualiako Aholkularitza Juridikoa 

Lotutako berriak