SENTENCIA
Itzuli

MUTUALEX EPAIA 2020KO APIRILA

EMAKUMEZKOEN GIZARTE ZERBITZUAREN BETEARAZPEN ALDIAREN ZENBAKETA, ERRETIRO AURRERATUA ESKURATZEKO GUTXIENEKO KOTIZAZIO-ALDIA EGIAZTATZEKO.

ARAUEN INTERPRETAZIOA, GENERO IKUSPEGIAREKIN

Auzitegi Gorenak 2020-02-06ko epaia (Errek. 3801/2017) eman du; epai horretan, dotrina bateratuta, uste du emakumezkoek gizarte zerbitzua egiten emandako denbora zenbatu egin behar dela, erretiro aurreratua eskuratzeko kotizazio-aldia egiaztatzeko. Arauak genero ikuspegitik aplikatuta heldu da ondorio horretara.

Egitezko baldintza da GSINren aurrean erretiro aurreratua eskatu zuen emakumezko langile baten kasua. GSINk eskaera baztertu zuen, gutxieneko kotizazio-aldia betetzen ez zuela iritzita, 7 egun falta zitzaizkiola, ez baitzuen aintzat hartzen Emakumezkoaren Gizarte Zerbitzuko prestazio-aldia.

Lehen auzialdiko epaitegiak auzi-jartzailearen aldeko epaia eman zuen, langileak egindako gizarte zerbitzuaren aldia zenbatzea zegokiola iritzita.

Ebazpen horren aurrean, GSINk erregutze-errekurtsoa jarri zuen. Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren Lan-arloko Salak errekurtsoa baietsi zuen, eta lehen auzialdiko epaia baliogabetu zuen.

Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak ondorioztatu zuen, emakumezkoaren gizarte zerbitzua arautzen zuen araudia aztertu ondoren, bertatik ez dela ondorioztatzen zerbitzuaren prestazio-aldia parekagarria denik besteren kontura lan egindako aldiarekin, eta agintari eskudunek ez dutela inolako betebeharrik estaldura publiko pribatuko inongo sistematan afiliatu, alta eman edo kotizatzeari dagokionez; hortaz, derrigorrezko gizarte prestazio hori ez da inoiz gizarte ikuspegiko inongo sistema publikoren estaldura-esparruaren barrukotzat jo. Horrenbestez, ez dagokio aldi horiek aintzat hartzea erretiro aurreratua eskuratzeko gutxieneko kotizazio-aldia zenbatzeko orduan.

Langilea epai horren aurka agertu zen, dotrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa aurkeztuta; kontrasterako, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2016ko urriaren 11ko epaia (Errek. 1821/2016) aurkeztu zuen.

Auzitegi Gorenak errekurtsoa baietsi du, auzi-jartzaileak “Emakumezkoaren Gizarte Zerbitzua” egiten emandako denbora zenbatu egin behar dela iritzita, erretiro aurreratua eskuratzeko eskatzen den gutxieneko kotizazio-aldia betetzeko. Arauak genero ikuspegitik aplikatuta heldu da ondorio horretara.

Auzitegi Gorenak derrigorrezko Gizarte Zerbitzua arautzen duen araudia, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren Testu Bategina eta Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasun eraginkorraren 3/2007 Lege Organikoa aztertu zituen, eta Zuzenbideko Laugarren Oinarrian arrazoitu zuen Emakumezkoaren Gizarte Segurantza zenbaketan aintzat hartzeko erabakia, erretiro aurreratua eskuratzeko eskatutako gutxieneko kotizazio-aldia betetzeko, puntu hauetan oinarrituta:

1. GSLOren 208.1 artikuluaren hitzez hitzeko interpretazioak Gizarte Segurantzaren alorrean emakumezkoen eta gizonezkoen arteko trataera- eta aukera-berdintasunaren printzipioa urratzea ekarriko luke, Batasuneko araudian (1978-12-19ko Kontseiluko 79/7 Zuzentaraua) eta barne araudian (Konstituzioaren 1., 4. eta 6. artikuluak, 3/2007 Lege Orokorra eta GSLOren 2.1 artikulua) aldarrikatzen den bezala.

GSLOren 208.1 artikuluak erretiro aurreratua eskuratzeko kotizazio-aldia zenbatzeko orduan aitortzen ditu derrigorrezko zerbitzu militarraren prestazio-aldia edo horren ordezko gizarte-prestazioa, zeinak gizonezkoek soilik egiten baitzituzten; hortaz, gizonezkoei soilik aitortzen zaie kotizatu gabeko aldi bat.

2. Emakumezkoaren Gizarte Zerbitzua derrigorrezkoa zen, zerbitzu militarraren eta horren ordezko gizarte-prestazioaren antzera; beraz, modu berean tratatu behar dira.

3. Bi zerbitzuen xedea antzekoa da, “Aberriari berehalako zerbitzua ematea”, 1937ko urriaren 11ko 378 Dekretuaren Zioen Azalpenak jasotzen duenaren arabera.

4. Prestazio bietako batean ere ez dago Gizarte Segurantzan kotizatzeko betebeharrik.

5. Epaiak adierazten du interpretazioan genero ikuspegia aplikatuta eta GSLOren 208.1 manua aplikatuta soilik lortzen dela trataera- eta aukera-berdintasuna gizonezkoen eta emakumezkoen artean; izan ere, hori hitzez hitz aplikatzeak adierazitako printzipioa urratzea ekarriko luke, emakumeen trataera diskriminatzailea adieraziko bailuke gizonezkoen trataeraren aurrean.

Azken puntu horrek, hain zuzen, ematen dio epai honi are garrantzi handiagoa, eskatutako eskubidea aitortzeak berak dakarrena baino; izan ere, Auzitegi Gorenak ezartzen du, arauak interpretatzeko orduan, Estatuko botere guztiak lotzen dituen genero-dimentsioa txertatzeko printzipioari jarraikiz interpretatu behar direla arauok eta, zehatz-mehatz, epaileek eta epaitegiek printzipio hori jurisdikzio-ahalaren erabileran txertatzeko betebeharra ezartzeari jarraikiz.

Jurisprudentzia-ildo hori erdiesteko, Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasun eraginkorrari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 LOren 4. artikuluan oinarritzen da Auzitegi Gorena. Lege horren arabera, emakumezkoen eta gizonezkoen trataera- eta aukera-berdintasuna ordenamendu juridikoaren printzipio informatzailea dela ezartzen da eta, horrela den aldetik, arau juridikoen osaeran eta aplikazioan txertatu eta behatuko da.

Horretaz gainera, EGABLOren 15. artikuluak xedatzen du emakumezkoen eta gizonezkoen trataera- eta aukera-berdintasunaren printzipioak, zeharka, botere publiko guztien ekintza jakinaraziko duela.

Arauen interpretazioan genero ikuspegia txertatzeko printzipioan oinarritutako ildo horretan bertan eman da Auzitegi Gorenaren 2020ko urtarrilaren 29ko epaia, Zahartzaroko eta Ezintasuneko Derrigorrezko Aseguruko (SOVI) pentsioduna zen amaren heriotzagatik, emakumezko bati senideen aldeko pentsio bat kobratzea aitortzeari buruzkoa.

Jose Antonio Prieto

Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

Lotutako berriak