Sentencia
Itzuli

MUTUALEX EPAIA 2020KO MARTXOA

Bitarteko funtzionarioek ez dute kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik, kontratua amaitzean.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Espainiako araudia babestu du 2020ko urtarrilaren 20ko epai bidez, eta ukatu egin du aldi baterako langile hauek karrerako funtzionarioek baino tratu txarragoa dutenik, karrerako funtzionarioek ere ez baitute inolako kalte-ordain ekonomikorik jasotzen postuetatik kenduz gero. Auzitegi Gorenak joan den martxoan emandako irizpidearekin bat egin du, eta horrela amaitu da De Diego Porras kasu ospetsuan Europako Justiziak aldeko epaia eman ondoren hasitako polemika; kasu hartan, hasieran Estrasburgok bitarteko langile hari kalte-ordaina ematearen alde egin zuen, eta erabaki hark zalantzan jarri zuen Espainiako lan-arau hau, eta ondoren zuzendu egin zen epaia. 

Madrilgo Udalean 2005etik 2013ra lorezaintzako ofizial plaza izan zuen langile baten kasua da auzitegiak bere iritzia emateko erabili duen egitatezko baldintza; langile hari bere kargua amaitu zitzaion, karrerako funtzionario bat sartu zelako bere postuan; ondorioz, Madrilgo Udalari salaketa jarri zion, eta lana egindako urte bakoitzeko 20 eguneko kalte-ordaina ordaintzeko eskatu zuen. Erreklamazioa atzera bota zuen Udaleko Giza Baliabideen zuzendari nagusiak, eta, jarritako salaketaren ondorioz, Madrilgo Administrazioarekiko Auzietarako Epaitegiak Estrasburgon egoitzan duen Auzitegiari eskatu zion ebatzi zezala batasuneko araudiarekin bat ote zetorren, zehatz esateko, iraupen jakineko lanari buruzko esparru-akordioko 1. ataleko 4. klausularekin, eta Auzitegiak erabaki zuen bitarteko funtzionarioei eta karrerakoei zerbitzu-harremana amaitzean inolako kalte-ordainik ordaintzea aurreikusten ez duen araudi nazionalaren aurka ez dagoela; aitzitik, kalte-ordaina ordaintzea aurreikusten du langile finkoei, kausa objektiboren baten ondorioz amaitzen denean laneko kontratua.

Epaiaren amaieran honakoa adierazten da: «interesatua bezalako bitarteko funtzionarioek ez dute karrerako funtzionarioek baino tratu txarragoa izaten, eta ez dira geratzen haiek duten eskubiderik gabe; izan ere, bitarteko funtzionarioek eta karrerakoek ez dute jasotzen Baldonedo Martín andreak erreklamatutako kalte-ordainik». Uste du «inguruabar hauetan» Europako legedia «bitarteko funtzionarioei eta karrerakoei zerbitzu-harremana amaitzean inolako kalte-ordainik ordaintzea aurreikusten ez duen araudi nazionalaren aurka ez dagoela».

Europako epaileen arabera, bitarteko langile honen kaleratzea ezin da «alderatu» langile finkoen kaleratzearekin, hauek badaukatelako lana egindako urte bakoitzeko 20 eguneko kalte-ordaina kontratua amaituz gero, «testuingurua nabarmen desberdina» delako. Lehenengoei dagokienez, lan-harreman jakin bateko aldeek hitzartzen den une beretik jakiten dute zein datatan edo egoeratan amaituko den harreman hori, eta hala gertatu zen auzi-jartzailearen kasuan ere, bitarteko funtzionario izendatu baitzuten lorezaintzako ofizialaren plaza betetzeko egitate jakin bat gertatu arte, hau da, plaza hori behin betiko karrerako funtzionario batek bete arte. Aitzitik, kontratu finko bat amaituz gero, aurreikusi gabeko inguruabarrak gertatzen dira, eta, ondorioz, kalte-ordainaren xedea da lan-harreman horren ezusteko haustura konpentsatzea, egunkari honek eskura izan duen epaiaren arabera, eta Gorteko abokatu nagusiak joan den urrian gomendatutako irizpidera mugatzen da.

Auzitegi Nazionalak Europako Epaitegiari planteatu dion bigarren gaiaren oinarriko premisa da Langileen Estatutua ezartzen zaien Madrilgo Udaleko aldi bateko langileek lan-kontratua amaitzean jasotzen duten kalte-ordaina zerbitzuan igarotako urte bakoitzeko 12 egunekoa dela, Estatutuko 49. artikuluaren 1 atalaren c) letran aurreikusi bezala, eta egoera honetan ere ez du uste Epaitegiak batasuneko araudiak araudi nazional bati aurka egin behar dionik bitarteko funtzionarioei lana amaitzeagatik kalte-ordaina ematea aurreikusten ez badu, aldi baterako langileei kalte-ordaina ematen zaien arren laneko kontratua amaitzean.

Susana Castaños

Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

Lotutako berriak