
AUZITEGI GORENAREN 2019KO EKAINAREN 11KO EPAIA. EZAR DAITEKEEN HITZARMEN KOLEKTIBOA EZ APLIKATZEA, SOLDATEN ORDAINKETA ATZERATZEKO PROPOSAMENAREKIN. LEren 82.3 ARTIKULUAREN INTERPRETAZIOA
LEren 82.3 artikuluak hitzarmen kolektiboa ez ezartzeko prozedura arautzen du, ez aplikatzea bezala ezagutzen dena, aplikatu gabe utzi daitezkeen materien tasatutako zerrendan sartuz “ordainketa eta soldata kopuruaren sistema”.
Xedapen horren arabera, enpresa batek erabakitzen du ez aplikatzeko prozedura abiaraztea, arrazoi ekonomiko eta produktiboak argudiatuz, kontsulta aldian dagoeneko sortutako Gabonetako aparteko ordainsaria kobratzea atzeratzea proposatuz, baita soldataren % 50 kobratzea hamabost egun atzeratzea ere, hileroko guztietan, hurrengo ekitaldiko data zehatz batera arte. Kontsulta aldian akordiorik lortu ez denez, enpresak Hitzarmen Kolektiboen Kontsulta Batzorde Nazionalaren esku utzi du erabakia; Batzordeak uste badu ere argudiatutako arrazoiak ematen direla, ez dago ados enpresak proposatutako neurriekin. Enpresak Audientzia Nazionalaren aurrean aurkaratu du erabakia, eta horrek gaitzetsi egin du; horrenbestez, kasazioan, Auzitegi Gorenera jo du.
Azkenean, Auzitegi Gorenak ebatzi du kontua 2019ko ekainaren 11n; enpresak emandako arrazoiak zati batean behintzat ematen direla alde batera utzi gabe, ukatu egin du soldatak ordaintzea atzeratzeko neurriak balioztatzea; izan ere, uste du neurri hori ez dagoela LEren 82.3 artikuluan aurreikusitakoen artean eta ez dela sartzen “ordainketa eta soldata kopuruaren sistema” kontzeptuan.
Auzitegi Gorenak, LEren 82.3 artikuluaren materia zerrenda “numerus clausus” dela errepikatu ondoren, modu hedagarrian interpretatu badaiteke ere, uste du soldata eta aparteko ordainsariak ordaintzeko datari dagokionez ez dagoela ez aplikatzeko aukerarik, “ordainketa eta soldata kopuruaren sistema” ordainketa kontzeptu edo soldata egitura ezberdinak ezartzen dituzten irizpide edo arauei buruz ari baita, eta horiek jasotzeko moduari buruz, baina inoiz ez lanaren ordainez emandako ordainketa datari buruz.
Argudiatu du hitzartutako edo legeak ezarritako ordainsaria puntualki jasotzea ezin dela sartu agindu horretan, LEren 4.2 f) artikuluak langileei aitortzen dien lan harremanaren oinarrizko eskubideen barruan baitago, eta horren likidazio eta ordainketa ezingo da hilabetetik gorakoa izan (LEren 29. art.). Dagoeneko sortutako Gabonetako aparteko ordainsariari dagokionez, Auzitegi Gorenak gogorarazi du LEren 31. artikuluak zehazten duela langileak jasotzeko eskubidea duen bi aparteko sarietako bat Gabonetakoa dela, eta ordainsari hori 12 hilerokotan banatu daitekeela. Era berean, aitortzen du aplikatu beharreko hitzarmenak kopurua eta, hala badagokio, hainbanatzea zehazteko baimena duela, eta materia horiek bai sartuko liratekeela LEren 82.3 artikuluaren “ordainketa eta soldata kopurua sistema” kontzeptuan. Dena dela, ez da gauza bera gertatzen ordainketa datarekin; izan ere, ohiko terminoek ordainketa “Gabonetako jaiak direla-eta” zehazten dute, hau da, dagokion urteko abendua amaitzean.
Iñaki Esnal
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua