sentencia
Itzuli

MutuaLex Epaia- 2022ko Azaroa

Adingabearen zurztasun-pentsioa eta babesa

Auzitegi Gorenaren epaia, 2022ko irailaren 7koa, Ángel Antonio Blasco Pellicer jaun txit prestua txostengile izan duena, 475/2019 errekurtsoari buruz emandakoa

Prozedura honetan planteatzen den arazoa da zehaztea ea bidezkoa den amarik ez duen adingabe baten zurztasun-pentsioaren ehunekoa handitzea, haren aitak, alarguntza-pentsiorik jasotzen ez duenak, guraso-ahalaz gabetu baitu Lehen Auzialdiko Epaitegiaren epai baten bidez, adingabearen beharrizanei denbora luzez ez erantzuteagatik.


Hona hemen gertakariak: Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren 2015eko abuztuaren 6ko ebazpenaren bidez, adingabe bati zurztasun-pentsioa aitortu zitzaion, dagokion oinarri arautzailearen % 20koa.


Eskatzailearen tutoreak zurztasun-pentsioaren gehikuntza eskatu zuen, eta erakunde kudeatzaileak 2016ko martxoaren 15ean emandako ebazpenaren bidez ezetsi zen, aita ez baitzen hil.


Bartzelonako Lan Arloko 33. Epaitegiari demanda aurkeztu zitzaion, demanda onartu zen, eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak errekurritu ondoren, Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salak, 2018ko abenduaren 13ko epaiaren bidez, erregutze-errekurtsoa onartu zuen, eta berretsi egin zuen errekurritutako ebazpen ezeslea.


Adingabearen legezko ordezkaritzak doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa jarri, eta epai honetan ebazten da.


Auzitegi Gorenak interpretatu egiten du Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorreko prestazio ekonomikoen zenbatekoak eta horiek eskuratzeko baldintzak zehazten dituen Erregelamendu Orokorraren 38. artikuluan xedatutakoa, 299/20196 Errege Dekretuak emandako idazketan.


Artikulu horrek zurztasun-pentsioen igoeraren baldintzak zehazten ditu, hemen aztertzen ari garenari dagokionez, alarguntza-pentsioaren onuradunik ez dagoenean, umezurtzaren pentsioa % 52 handituz, eta umezurtz absolutuarekin parekatuz guraso bakar bat aitortuta duen umezurtza.


Aipatu dugun epaian, Auzitegi Gorenak umezurtz absolutu terminoaren norainokoari buruzko azterketa bat egin du (aurreko epaietan goi-auzitegiak jorratu du). Halaxe tratatu da gurasoa hil ez den, baina inguruabar desberdinengatik alarguntza-pentsioa jasotzen ez duen kasuetan, adibidez, ezkonduta ez dauden edo izatezko bikotea osatu ez duten bikoteen kasuetan, hala nola 584/2013 errekurtsoari buruz 2014ko apirilaren 30ean emandako epaian, gehikuntza ere ukatuz, interpretazio zorrotz batekin, ulertzen baita zurztasun absolutuak bi gurasoen falta esan nahi duela, eta hori bat dator gure ordenamendu juridikoarekin, baita zurztasun absolutu terminoaren interpretazio gramatikalarekin ere.


Alabaina, Auzitegi Gorenak kasu zehatza aztertu du, epai bidez guraso-ahalik ez duen aita, eta lehen aipatutako Erregelamendu Orokorraren 38. artikuluaren interpretazio finalista egin du, non Gizarte Segurantzaren arloko neurriei buruzko abenduaren 4ko 40/2007 Legean eskatzen den berdintasun-araubidean, seme-alaben afiliazioa edozein dela ere, igoera horiek eragiten duten umezurtzen babes-plusa zurztasun absolutua edo antzeko inguruabarrak direla-eta aitortu beharreko prestazioen intentsitate handiagoa justifikatzen duen premia-egoera larriagotu bat dagoela egiaztatzen den egoeretara bideratzen den.


Auzitegi Gorenak antzeko zirkunstantzia horiek dakartzatenak aztertuko ditu. Egoera horiek pareko premia-egoera sortzen duten zurztasun absolutuaz bestelako egoerak baino ez dira.

Alabarekiko betebeharrak nabarmen ez betetzeagatik gurasoari guraso-ahala kentzeak, zeina ez baitago arauan espresuki aurreikusia, Auzitegi Gorenaren iritziz, arrazoi-berdintasun erabatekoa du zurztasun absolutua aitortzen den kausekin; beraz, aipatutako aginduak ezartzen duen erabateko zurztasun-kasuarekin parekatzea aplika dakioke egoera horri.


Auzitegi Gorenak, kasu honetan, interpretazio bat egiten du Kode Zibilaren Atariko Tituluaren 3.1 artikuluko irizpide hermeneutikoen arabera, bai eta banakako interpretazio bat ere, betiere, adingabearen inguruabarrak behar bezala egiaztatuta geratzen badira, kontuan hartuta, gure ordenamendu juridiko nazionalaz gain, Espainiak Haurren Eskubideak babesteari buruz sinatutako Nazioarteko Itunak, zentzu integratzaile eta aurrerakoi argiarekin premia-egoerei erantzuten dieten gizarte-segurantzako prestazioen helburuari dagokionez.


Raquel Martínez Balbas 


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua

Lotutako berriak