Auzitegi Gorenak bidegabetzat jo du diziplinazko kaleratze bat, eta, horretarako, kaleratze-gutuna zehaztugabea dela hartu du kontuan. Hala, langilearen defentsarako eskubideak bermatzeko, gutunak izan behar duen edukia zein den adierazi du.
AUZITEGI GORENAK 2022/06/7AN EMANDAKO EPAIA
EGITATEZKO KASUA:
Langilea, 2020ko martxoaren 14tik maiatzaren 26ra arte ABEEEn egon zen jatetxeko sukaldeburua. Egun horretatik aurrera, ABEEEtik atera zuten lanaldiaren % 65erako.
2020ko ekainaren 1ean ABEri eman zion hasiera ekainaren 10era arte, “antsietateagatiko palpitazioak” diagnostikopeko gaixotasun arruntaren kontingentziaren ondorioz.
Langilea ABE horretan zegoela, ekainaren 8an eta 9an, hain zuzen ere, bi auzokidek sukaldari jantzita ikusi zuten ostalaritzan diharduen beste establezimendu batean.
2020ko ekainaren 11n, langileak diziplinazko kaleratzerako gutunaren burofaxa jaso zuen, eta, bertan, jakinarazten zioten kaleratze-zehapena ezartzen ziotela kontratuaren fede ona urratzearren, baja medikoan zegoela aldi baterako ezintasunarekin bateraezinak ziren zerbitzuak ematen egon zelako ostalaritzan diharduen beste leku batean eta, horren ondorioz, Ostalaritzako Estatuko Hitzarmenaren 40.9 artikulua hautsi zuelako. Diziplinazko kaleratzea ebazten zen, eta gutuna jasotzean izango zituen ondorioak, 2020ko ekainaren 11n, alegia.
Bilboko Gizarte Arloko Auzialdiko Hirugarren Epaitegiak langileak aurkeztutako demanda ezetsi zuen, eta bidezkotzat jo zuen kaleratzea. Magistratuak nabarmendu zuenez, gainera, kaleratze-gutunean, modu generikoan zehazten zen fede ona urratzeko jokabidea, zigortu egiten dena, baina, horrez gain, noiz eta non urratu zen ere xehatzen zen. Beraz, ulertzen du gutunak behar beste betetzen dituela Langileen Estatutuaren 55.1 artikuluan eskatutako betekizun formalak, behar beste zehazten delako zein den jokabidea, langileak egozten zaizkion egitateak zein diren argi eta garbi, behar beste eta ageri-agerian jakin dezan.
Zentzu berean, auzialdiko epaia berresten duen Euskal Autonomia Erkidegoko JANeko Gizarte Arloko Salaren ustez, ezin da eskatu gutunean bertan zehaztu dadila zer egunetan ikusi zuten lekukoek langilea beste taberna batean lan egiten, agiri horretan ez delako langilea bi egun horiengatik bakarrik zigortzen, baja medikotik beste establezimendu batean etengabe garatutako zerbitzugintzagatik baizik.
Auzitegi Gorenak bi epaiak baliogabetu zituen, honako argudio hauek kontuan hartuta.
EZARRI BEHARREKO ARAUTEGIA:
Langileen Estatutuaren 55.1 artikulua. Horren arabera, “kaleratzearen jakinarazpen idatzian, egitate eragileak eta ondorioen data azaldu beharko dira”.
GJALren 105.2 artikuluan adierazten denez, “kaleratzea justifikatzeko, demandari aurka egiteko arrazoi moduan kaleratze horren jakinarazpen idatzian azaldutakoak baino ez zaizkio demandatuari onartuko epaiketan”.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK:
Epai honetan, Gorenak ebatzi behar du ea langileari emandako kaleratze-gutunean egozten zaizkion egitateak nahikoa zehatzak diren, hark zer jokabide egozten dioten jakiteko eta defentsarako dituen eskubideak behar bezala erabiltzeko.
Gorenaren ustetan, Langileen Estatutuaren 55.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, egitate eragileak eta ondorioen data azaldu beharko dira kaleratzearen jakinarazpen idatzian.
Egitateei dagokienez, nabarmentzen du bere garrantzia oinarrizkoa dela, enpresariak langileari egiten dion diziplinazko gaitzespena direlako eta, aldi berean, bere defentsarako bermea direlako beretzat. Izan ere, GJALren 105.2 artikuluan berariaz adierazten denez, kaleratzea justifikatzeko, demandari aurka egiteko arrazoi moduan kaleratze horren jakinarazpen idatzian azaldutakoak baino ez zaizkio demandatuari onartuko epaiketan.
Erabakia hartu baino lehen, Auzitegi Gorenak adierazten du kaleratzearen jakinarazpenaren erlazio faktiko egokiaren eskaera behin eta berriro interpretatu dela jurisprudentzian, nahiz eta haien deskribapen xehatua inposatzen ez den, eskatu egiten delako jakinarazpen idatziak egozten zaizkion egitateen euren ezagutza argia, behar bestekoa eta ageri-agerikoa eman diezaiola langileari. Horrela, haien irismena inolako zalantza arrazionalik gabe ulertuta, enpresaren erabakia inpugnatzeko eta bere defentsarako egokitzat jotzen dituen frogabideak prestatzeko aukera izango du. Helburu hori ez da betetzen jakinarazpenean egozpen generikoak zein zehaztugabeak bakarrik agertzen direnean, defentsa hori modu larrian asaldatzen dutelako eta alderdien berdintasunaren printzipioaren aurkakoak direlako, anbiguotasun hori enpresarentzako posizio abantailatsua dela kontuan hartuta. Zenbait epai aipatzen ditu; esate baterako, 1997ko apirilaren 28koa, 2000ko urtarrilaren 18koa eta 2013ko martxoaren 12koa.
Gorenak adierazten duenez, doktrina hori ezartzean, kasu honetan, kaleratze-gutunean ez da egitate zehatzik azaltzen, gaitzespen generikoa baizik (“ABErekin bateraezina den beste jarduera bat egitea” eta “ostalaritzako beste establezimendu batean zerbitzuak ematen egon izana”). Gainera, ez da zehazten bere edukiari eta inguruabar tenporal zein materialei begira, “jokabide horiek” “egunotan” gertatu direla aipatzen delako, modu zehaztugabean, aldi baterako ezintasunari dagokionez eta taberna jakin batean.
Hain zuzen ere, Gorena edukiaren zehaztugabetasun horretan oinarritzen da, horren ondorioz egozpen horien aurkako defentsa eraginkorra antolatzea eta haien larritasuna baloratzea ere ezinezkoa dela ulertzeko. Gauza bera gertatzen da zehaztapen tenporalari dagokionez ere; horren ondorioz ezin da aurkako frogarik egituratu, gainera. Argudiatzen da egia dela errekurritutako alderdiak egozten duena jokabide jarraitua dela, baina, kasu horretan ere, Gorenak dioenaren arabera, zehaztapen tenporala, ahal den neurrian, 1990eko martxoaren 20ko epaian adierazi zuen bezala, beharrezkoa da, hautsi egin dela adierazten duen aginduaren ondorioz sortutako eskakizunak betetzat jo ahal izateko.
Azkenik, Auzitegi Gorenaren esanetan, ezin da argudio hori onartu, hau da, egitateak egiaztatu egin direnez, egileak ezagutu ezagutzen zituela eta haien aurkako defentsa egituratu ahal izan zuela, 1997ko apirilaren 28ko epaian adierazi zen bezala, printzipio-eskaera biltzen duen eta langileak egozpenak zehatz-mehatz ezagutzeko duen bermea ezabatzen duen arrazoibide zirkularra delako. Hori dela eta, bere defentsa mugatzen da, eta prozesuko informazio-desberdintasunaren ondorioz lortutako emaitza erdiesten da.
Hori dela eta, bidegabetzat jotzen du kaleratzea, eta enpresa zigortzen du bost eguneko epean langilea berriro onartzera, izapidetzako soldatak ordaintzera edo legez zehaztutako kalte-ordaina ordaintzera; kasu honetan, antzinatasunaren, soldataren eta kaleratzearen ondorioen dataren arabera, 39.421 eurokoa da.
María José Marcilla
Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua
