ENPRESEN KONTRATAZIO BERRIKO LANGILEEI ZIGOR-AURREKARIEN ZIURTAGIRIA ESKATZEKO LEGEZKO GAITASUNA, BEREZIKI SEGURTASUN PRIBATUKO ENPRESEN ESPARRUAN, ETA GAINERAKO ENPRESA-SEKTOREETARA ESTRAPOLATZEKO AUKERA.
Auzitegi Gorenaren 435/2022 Epaia, 2022ko maiatzaren 12koa, 70/2022 Errekurtsoa.
Balizko egoera:
Segurtasun pribatuaren sektoreko enpresa batek aurrekari penalen ziurtagiria eransteko eskatu zien langileei, edota azken bost urteetan aurrekari penalik ez dutela adierazten duen inprimaki bat sinatzeko, hala kontratazio berrietan, nola segurtasun pribatuko estatu-mailako hitzarmen kolektiboa aplikatzearen ondoriozko kontratuetan.
Eskaera horien aurrean, langileen ordezkariek gatazka kolektiboko demanda aurkeztu zuten, praktika hori bertan behera utz dadila eskatzeko, uste baitzuten Espainiako Konstituzioaren (EK) 18. artikuluan datuak babesteko oinarrizko eskubideari buruz xedatutakoaren aurkakoa zela. Auzitegi Nazionaleko Gizarte-arloko Salaren Epaiak demanda baietsi zuen, eta lantoki guztietan praktika hori ezabatzera kondenatu zuen enpresa.
Epai horren aurka, kasazio-errekurtsoa aurkeztu zuen enpresaren auzitarako ordezkariak.
Aztergai den araudia eta jurisprudentzia:
EKren 18.4 artikulua eta Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 8. artikulua
2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (10. artikulua)
Abenduaren 5eko 3/2018 DBLOaren 10. artikulua
Konstituzio Auzitegiaren 144/1999 Epaia eta Auzitegi Gorenaren 2014ko otsailaren 25eko Epaia (4374/2014 Doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa)
Horrela, aipatutako epaiak aztertzen du ea segurtasun pribatuko enpresek aukerarik duten sartu berri diren langileei aurrekari penalak eskatzeko (ex novo kontratazio bidez sartu direnei, nahiz kontratua ohiko aginduz subrogatuta sartu direnei), kontuan hartuta, halaber, langileek datu horiek jasotzeko baimena ematen duten balizko kasua.
Kasuari aplika dakiokeen araudia aztertu ondoren, ebazpen judizialak ondorioztatzen du ezin dela aurrekari penalik eskatu, eta, beraz, berretsi egiten du Auzitegi Nazionalaren Epaia. Horretarako, adierazten du ebazpenean zera aztertzen dela: ea enpresak informazio hori biltzeko beharrik duen, langileek emana baitute eskatutako informazioa biltzeko baimena. Hala, Epaian adierazita dago informazio hori ez dela beharrezkoa; izan ere, informazio hori administrazioak (Barne Ministerioak) eskatzen du, hark ematen baitie langileei beren lanbidea garatzeko gaikuntza, eta, beraz, administrazio horrek berak zaindu behar du gaikuntza mantentzeko baldintzak betetzen direla. Hori horrela, baldintzaren bat gerora betetzen ez dela jakinez gero (horien artean dago aurrekari penalik ez izatea), administrazio horrek berak jardun beharko du, eta emandako gaikuntza baliogabetu beharko du.
Beraz, segurtasun pribatuko enpresen eta langileen arteko lan-kontratazioko harremanaren esparruan, langileen zigor-aurrekariei buruzko datuak ezagutzea ez da kontratazioaren funtsezko elementua; izan ere, aurretik adierazi legez, administrazioaren eskumena da, hark ematen baitie langileei beren jarduera gauzatzeko gaikuntza. Hala, langileen betebeharra da administrazio eskudunak emandako gaikuntza indarrean dagoela egiaztatzea.
Azkenik, Epaiak jasotzen du enpresek ez dutela arau-babesik aurrekari penalei buruzko datuak bildu ahal izateko, halaxe xedatuta baitago Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko Lege Organikoaren (DBLO) 10. artikuluan. Izan ere, horren arabera, datu horiek eskatu ahal izango dira soilik hartarako Batasuneko Zuzenbidearen, lege honen edo lege-mailako beste arau baten babesa dagoenean. Ondorioz, aplikagarria den arau-agindurik ez badago, enpresek ez dute halakorik eskatzeko lege-ahalmenik izango. Aurrekari penalak babes berezia duten datuak dira, eta arau-hauste penalak prebenitzeko, ikertzeko, detektatzeko edo epaitzeko erabiltzen dira, edo zehapen penalak betearazteko. Hartara, adierazitako araudiaren babespean baino ezin dira bildu.
Horrela, erabaki hori beste enpresa-esparru batzuetara eramanda, ondorio bera atera daiteke edozein jarduera kontratatzeko prozesuei dagokienez. Hortaz, ezein sektoretako enpresek ezin izango dute aurrekari penalen jakinarazpenik eskatu, salbu eta Batasuneko Zuzenbidearen, DBLOaren edo lege-mailako arau baten bidez hartarako babesa badago.
Jesus M. Vicente Cuadrado
Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua
