sentencia
Itzuli

Mutualex epaia 2023ko Abendua

Auzitegi Gorenak emazteari konpentsazio ekonomikoa ordaintzera zigortu du senar bat, ezkonbizitzak iraun duen bitartean emazteak familia-kargak mantentzeari dagokionez izan duen erabateko arduraldiagatik

mazoa

Auzitegi Gorenak, 2023ko urriaren 17ko epai batean, betebeharra ezarri du ezkontideetako batek —kasu honetan emakumeak— senar-emazteen ezkonbizitzak iraun duen denboraren erdian familiako eta etxeko kargei eusteko izan duen erabateko arduraldia konpentsatzeko.

Aurreko ataletan gai gehiago jorratzen diren arren, epaiak, azkenean, baloratzen du ea zuzenbidearekin bat datorren halako kalte-ordainak jasotzea, egiaztatzen denean aldeetako batek parte hartu duela, bere esfortzuarekin eta dedikazioarekin, eta inolako ordainsaririk jaso gabe, etxeko lan deritzen zereginetan, hartara ezkonbizitza amaitzen denean ez dadin egon bere bizitzarekin jarraitzeko egoera prekario batean, lan-merkatura sartzeko berezko zailtasunengatik eta ez duelako izango lanaren ordezko prestaziorik jasotzeko eskubiderik.

Sakon aztertzen da Kode Zibilaren 1438 artikulua; zera dio artikulu horrek: “Ezkontideek parte hartuko dute ezkontzaren kargei aurre egiten. Hitzarmenik egin ezean, bakoitzak dituen baliabide ekonomikoen arabera hartuko du parte. Etxerako egiten den lana kargetan parte hartzeko bide gisa hartuko da, eta lan horrek eskubidea emango du banantze-araubidea azkentzean konpentsazioa jasotzeko; hitzarmenik egin ezean, epaileak finkatuko du konpentsazio hori”.

Hasieran, emaztea 16 urtez etxeko lanez arduratzearen konpentsazio gisa 100.000 euroko kopurua ordaintzera zigortu zuen senarra Palentziako Arlo Zibileko 3. Epaitegiak; Palentziako Probintzia Auzitegiak 50.000 eurora jaitsi zuen kopuru hori, argudiatuz ezkonbizitzak iraun zuen urteen erdietan emakumeak besteren kontura lan egin zuela eta, beraz, ez zegoela Kode Zibilaren 1438. artikuluak aipatzen duen desoreka-egoeran. Kasu honetan, ez da baloratzen zortzi urte horietan jasotako soldataren zenbatekoa, baizik eta denbora-aldi horretan etengabeko eta ordaindu gabeko erabateko arduraldirik dagoen.

Nahiz eta hitzarmen arauemaileak ez zuen ezarri familia-unitaterako lan egindako urte guztiengatiko inolako konpentsazio ekonomikorik, omisio hori ez da interpretatu behar konpentsazioa jasotzearen uko gisa, lotuta baitago emakume eta ama legitimoki bereiz ezin daitekeen berezko egintzen izaera loteslera, akordio estrajudizial horren edukiaren funtsezko xedea ezkontideen egitatezko banaketan gurasoen eta seme-alaben arteko harremanak arautzea baitzen eta une horretan ez baitzen iraungia ezkontzaren araubide ekonomikoa. Horiek horrela, Kode Zibilaren 1438. artikulua aplikatzekoa da.

Konpentsazio horren funtsa da ezin dela desoreka ekonomikorik sortu ezkontideetako bat familiaren etxea zaintzeaz arduratzen denean haien artean komunikaziorik ez dagoen ezkontza-araubide ekonomiko batean, hala nola ondasun-banaketakoan, hori baitzen auziko ezkontzaren kasua. Horrenbestez, emakumeari konpentsazio ekonomiko bat dagokio, eta zenbateko jakin bat ezarriko da, haien artean hitzartua edo epai judizial bidez finkatua.

Kasu honetan, Palentziako Arlo Zibileko 3. Epaitegiak kalkulu bat egin du, lanbide arteko gutxieneko soldataren parekoa izango den kopuru bat edo familia-unitatetik kanpoko pertsona batek etxeko lanen truke kobratuko lukeen soldata; era horretan, ezkontideetako bat etxea zaintzeaz arduratu izanari esker eta zerbitzu hori kontratatu beharrik ez izateagatik ordaintzen ez denarekin edo aurrezten denarekin egiten da ekarpena.

Kasu honetan, aintzat hartu da emakumea zazpi bat urtez arduratu zela erabat familia eta senar-emazteen bi alabak zaintzeaz, eta kalkulatu da hilabetero 600 bat euro aurreztu zutela eta kopuru hori geratu zela familiaren esku; beraz, eta zuzenbidearekin bat etorriz, 50.000 euroko kopurua zuzenbidearen araberakoa dela irizten zaio, eta ezetsi egiten da senarrak jarritako kasazio-errekurtsoa.

Laburbilduz, jurisprudentziarekin eta gaiari buruzko araudiarekin nahi dena da ez kaltetuta ateratzea bere denbora familiaren alde eta etorkizuneko bere interes profesional eta pertsonalen kalterako eskaini duen pertsona, eta hari konpentsazio bat ematea.

David Erauskin Pérez


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua

Lotutako berriak