Langileen eguneko atsedena eta asteko atsedena

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak (EBJA), 2023ko martxoaren 2ko epaian (errekurtsoa: C-477/2021), ezartzen du langileek eguneko atsedenerako eta asteko atsedenerako dituzten eskubideak ezin direla konpentsatu. Eskubide independenteak dira, eta helburu desberdinak dituzte: eguneko atsedenaren helburua da langilea bere lan-ingurunetik urrutiratu ahal izatea ordu-kopuru jakin batez; eta asteko atsedenaren helburua da langileak atsedenerako denbora bat izatea zazpi egun bakoitzeko. Hala, ezin da jo eguneko atsedenak asteko atsedena osatzen duenik, atseden horien edukia galaraziko bailuke.
Horregatik, langile batek larunbatean eta igandean badu asteko atsedena eta aurreko ostirala opor eskatzen badu, enpresak ezin dio ukatu, larunbatean eta igandean atseden hartzen duela argudiatuz. Asteko atsedenak ez du eraginik langileak eguneko atsedenetarako eskatzen dituen egunetan, bereziki hurrenez hurrenekoak badira. Hala, oporraldia amaitzen denean soilik zenbatu daiteke asteko atsedena.
EBJAk ebatzitako kasu zehatz horretan (hungariar araudiko hutsune baten ondorioz, auzia herrialde horretan planteatu baitzen), langileak oporrak eskatu zituen ostiral baterako, larunbat eta igandean asteko atsedena zuela.
Enpresak ukatu egin zion oporraldi hori, argudiatuta eguneko atsedena ezin zela eman haren aurre-aurretik edo ondoren berehala lan egin behar ez denean, dela asteko atsedenagatik, dela baimen ordainduagatik. Laburbilduz, enpresak uko egiten zion langileak egun libre batez gozatzeko egindako eskaerari (eguneko atseden gisa), baldin eta asteko atsedena (bi egun, gehienez ere) bazuen aurre-aurretik edo ondoren berehala.
EBJAk langilearen aldeko epaia eman du, eta argi ezarri du langilearen gutxieneko atsedenari buruzko araudiaren interpretazioek ezin dietela eragin langileen eskubideei. Ondorioz, laneko atsedenaren helburua langilearen “bizi- eta lan-baldintzak eraginkortasunez babesten direla bermatzea eta segurtasuna eta osasuna hobeto babestea” dela dio; langilea lan-harremaneko alderdi ahultzat aitortzen du, eta ondorioztatzen du enpresariak ezin dituela mugatu langileari dagozkion eskubide horiek.
Laburbilduz, epaiak jotzen du eguneko atsedena ez dela sartzen asteko atseden-orduetan: bi aldi horiek independenteak direla eta elkarren ondotik joan behar dutela dio.
Gure ordenamendu juridikoari dagokionez, Auzitegi Gorenaren 2013/10/23ko epaian (EDJ 227762) ezartzen da lanaldien arteko eguneko atsedena eta asteko atsedena modu bereizian —bakoitzak bere helburua baitu— eta independentean gozatu behar direla, eta, beraz, asteko atsedenak inola ere ezin duela murriztu eguneko atsedena.
Cristina Cearra Guezuraga
Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko letradua
