sentencia
Itzuli

Mutualex epaia 2023ko Ekaina

Auzitegi Gorenaren epaia, 2023ko otsailaren 2koa, 4748/2019 Doktrina Bateratzeko Errekurtsoari dagokiona, zeinaren txostengile Mara Luz García Paredes andrea izan baita.

mazoa

Kasazio-errekurtsoan doktrina bateratzearen inguruan sortutako auziaren koska da zehaztea ea zurztasun-pentsio bat aitortu daitekeen onuraduna enplegu-zentro berezi batean zerbitzuak ematen ari denean, lanaldi osoko kontratu mugagabe batekin; kasu honetan, ONCErentzat, kupoi-saltzaile gisa.

Eskatzailea 1969an jaio zen eta 0,1etik beherako alde biko ikusmen-zolitasuna du haurtzarotik; hala, Kataluniako Generalitateak % 86,5eko desgaitasuna aitortu zion, 1985eko urriaren 14ko ebazpen baten bidez.

1998ko urtarrilaren 7tik, ONCEko saltzaile gisa egiten du lan.

Aita 2015eko abenduaren 1ean hil zitzaionez, zurztasun-pentsioa eskatu zuen baina Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak ukatu egin zion. Demanda jarri zuen eta Lan Arloko Epaitegiak ezetsi egin zuen, ulertzen baitzuen ONCErentzat lanean ari zela. Erregutze-errekurtsoa jarri zuen eta Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak epaia eman zuen, 2019ko irailaren 26an, erregutze-errekurtsoa onartzeko, instantzia-epaia errebokatzeko eta auzi-jartzaileari zurztasun-pentsio bat jasotzeko eskubidea aitortzeko, 2016ko uztailaren 6an aurkezturiko eskaera baino 3 hilabete lehenagoko ondorio ekonomikoekin, eta 1.193,53 euroko oinarri arautzailearen % 20ko ehunekoarekin.

Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak kasazio-errekurtsoa jarri zuen, uste baitzuen ez zegokiola pentsio hori aitortzea, aita hil zenean eskatzailea zerbitzu profesionalak ematen ari baitzen, enplegu-zentro berezi batean izan arren.

Beraz, eztabaidaren muina izango da zer irismen eman behar zaion enplegu-zentro berezi batean lan egiten duen umezurtz batek duen lan-harreman bereziari, zurztasun-pentsioa jasotzeko eskubidea aitortze aldera.

Auzitegi Gorenak urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 224.1 eta 225. artikuluetan xedatutakoa aztertu du, baita prestazio hori 1967ko otsailaren 13ko aginduak arauturiko zurztasun-pentsioaren araubide juridikotik arautzearekin loturiko lege-aurrekariak ere. Adierazitako agindu horrek zurztasun-pentsioaren onuradun gisa aitortzen zituen adin jakin bateko adingabeak edo edozein lan egiteko desgaituta daudenak, 1994ko Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 175. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakora arte, 1647/1997 Errege Dekretutik eta Neurri fiskal, administratibo eta lan-arlokoei buruzko 66/1997 Legetik aurrera eginiko aldaketekin.

Eskabidea egiteko unean indarrean den zuzenbidea aztertuta ondorioztatzen da zurztasun-pentsioa jasotzeko eskubidea dutela, berdintasun-erregimenean, hildako kausatzailearen seme-alaba guztiek, haien filiazioa edozein dela ere, baldin eta heriotzaren unean 21 urtetik beherakoak badira edo lanerako ezgaituta badaude, eta kausatzailea altan edo altaren pareko egoera batean bazegoen edo pentsioduna bazen 217.1-c) artikuluaren arabera.


Adierazitako legearen 225.2 artikuluak, zurztasun-pentsioaren eta zurztasun-prestazioaren bateragarritasunari dagokionez, dio zurztasun-pentsioa bateragarria dela umezurtzaren lan-errentarekin, eta, zurztasun-pentsioa jasotzeko eskubidea duten lanerako ezgaitutako umezurtzei dagokienez, Gizarte Segurantzaren beste pentsio bat jasotzen dutenean ezintasun beragatik, bata edo bestea aukeratu ahal izango dutela ezartzen du.

Auzitegi Gorenak, araubide juridiko arauemailea interpretatuta, nabarmentzen du zurztasun-pentsioaren araubideak ez duela eskubidea aitortzeko baldintza gisa jartzen onuraduna (izaera hori izateko aukera ematen duen kasuetan) ez dadila egon inoren konturako zerbitzurik ematen, ez egoera horren hasieran, ez egoera horri eusten zaion bitartean; izan ere, salak zurztasun-pentsioari buruz duen doktrinak ezarri izan du pentsio horrek ordeztu egiten dituela kausatzailearen heriotzagatik onuradunek jasotzeari uzten dioten errentak (jasotzeari uztean kaltea jasaten dute, haien sarrera-iturrietako bat desagertzen baita).

Horrenbestez, Auzitegi Gorenak dio ezen, zalantzan jartzen duena enplegu-zentro berezi batean zerbitzuak emateak izan dezakeen eragina bada, bat datorrela Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren irizpidearekin; hark enplegu-zentro berezitzat jo zuen eta hortaz, hondar-lan gisa har daiteke, eta ez du esan nahi lanerako gaitasuna duenik, ez baitu lan-merkatuan lanbide bat osoki betetzeko behar adinako hondar-gaitasunik (are gehiago epaiaren oinarri faktikotik aintzat hartzen badugu langileak zuen minusbaliotasun-maila handia, zeinak, bestalde, erabat justifikatzen baitu gure ordenamendu juridikoak eskatzen duen lanerako ezintasuna).

Beraz, kasu bakoitza eta haren inguruabarrak aztertu beharko dira, baina enplegu-zentro berezi batean zerbitzuak ematea ez da eskubidea ukatzeko arrazoia.

Raquel Martínez Balbás 


Letrada de la Asesoría Jurídica de Mutualia

Lotutako berriak