sentencia
Itzuli

Mutualex epaia 2023ko Iraila

KONTINGENTZIA ZEHAZTEA LANGILE PLURIAKTIBOEN ALDI BATERAKO EZINTASUNEKO PROZESUETAN. ZEIN DA KONTINGENTZIA NAGUSIA ERREGIMEN BAKOITZEAN?

mazoa

Auzitegi Gorenak (AG), 479/2023 zenbakiko epaian (2023ko uztailaren 5ekoa, Rec. 3841/2020), indargabetu eta errebokatu egiten du EAEko Auzitegi Nagusiko Arlo Sozialeko Salak 2020ko uztailaren 21ean emandako epai bat, zeinak Bilboko Arlo Sozialeko 6. Epaitegiak 2020ko urtarrilaren 29an emandako epai bat berretsi baitzuen. Beraz, Mutualiaren demanda onesten du, eta eraginik gabe uzten du GSINen ebazpena, zeinaren bidez laneko istripu baten ondoriozkotzat aitortu baitzen Mutualiaren kargurako (kontingentzia profesionalaren erakunde aseguratzaile gisa Langile Autonomoen Araubide Berezian —LAAB—) aldi baterako ezintasunaren aldia. 

Langileak, 2019-01-03an, ondoez bat izan zuen laneko tokian eta denboran, estomatologo-lanetan ari zela araubide orokorreko enpresa batentzat; besteren konturako laneko harremana zuen langileak enpresa horrekin. Langile horrek, bestalde, bere kontura ere egiten zuen lan estomatologo gisa, eta, beraz, altan zegoen LAABen ere.

Kontingentzia zehazteko espedientea eskatu zitzaionean erakunde kudeatzaileari, erakundeak ebazpen bat eman zuen, zeinean aitortzen baitzen 2019ko urtarrilaren 3an hasitako aldi baterako ezintasuna laneko istripu batetik eratorri zela, bai araubide orokorrean, bai LAABen, eta mutua aseguratzailearen erantzukizuntzat jotzen baitziren kontingentzia profesionalak prestazio bakoitzean, haien oinarri arautzailearen arabera.

Ebazpen horren aurrean, Mutualiak demanda bat aurkeztu zuen, eskatzeko LAABetik eratorritako aldi baterako ezintasunari zegokion prestazioan kontingentziak arrunta izan behar zuela, istripuak ez baitzituen betetzen Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 316.2 artikuluan zehaztutako eskakizunak.

Errekurritutako epaiaren eta Kantabriako Auzitegi Nagusiko Arlo Sozialeko Salak 2016ko maiatzaren 19an emandako 489/2016 zk.-ko epaiaren (286/2016 errekurtsoa) arteko kontraesanean oinarritutako doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoan orain Auzitegi Gorenak adierazten duenez, eztabaida juridikoa honetara mugatzen da: erabakitzea ea kasu honetako aldi baterako ezintasuna laneko istripu gisa aitortu behar den, araubide orokorrean ez ezik, LAABen ere.

Hala, doktrina bateratzeko kasazio-errekurtso honetan zehaztu nahi da ea langile pluriaktibo batek bere bi araubideetako batean istripua badu eta ez baditu betetzen beste araubidean laneko istripu aitortzeko eskakizunak, kontingentzia bi araubideetan berdin zehaztu behar den, ala aldi baterako ezintasunaren aldia bi kontingentzia desberdinetara atxiki daitekeen, araubide bakoitzaren arabera.

Auzitegi Gorenaren epaian, lehenengo aztertu da araubideetako bakoitzean zer jotzen den laneko istriputzat. Araubide orokorrari dagokionez, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 156.3 artikulua hartu da kontuan, zeinean laneko istripuaren ondoriozkotzat jotzen baitira langileak laneko tokian eta denboran jasaten dituen lesioak. Aldiz, LAABen, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 316.2 artikuluan zehaztutakoa aplikatuz (1273/2003 EDaren 3.2 artikuluari dagokionez), laneko tokian eta denboran jasandako lesioak lanaren ondoriozkoak direla jotzen da baldin eta egiaztatzen bada lesio horiek lotura dutela norbere kontura egindako lanarekin.

Hala, Auzitegi Gorenaren epaian nabarmentzen da LAAB murriztaileagoa dela istripuak lanekotzat jotzeari dagokionez. Izan ere, araubide orokorrean, lanekotzat jotzen dira laneko tokian eta denboran jasandako lesioak, salbu eta ez bada aurkakoa frogatzen; eta, LAABen, aldiz, egiaztatu behar da istripuak jarduerarekin zuzeneko lotura duela.

Ondorioz, epaian aitortzen da ezen, ez denez egiaztatu LAABen eskatzen den zuzeneko eta berehalako lotura, aldi baterako ezintasunari dagokion prestazioa LAABen ezin dela jo laneko istripu baten ondoriozkotzat, eta prestazioa kontingentzia arrunt gisa sailkatuko dela. Beraz, erantzuletzat aitortu du LAABen aldi baterako ezintasunaren prestazioa estaltzen duen erakundea.

 Jesus M. Vicente Cuadrado   


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua 

Lotutako berriak