sentencia
Itzuli

Mutualex epaia 2023ko Maiatza

AUZITEGI GORENEKO LAN ARLOKO SALAREN 495/23 EPAIA, OTSAILAREN 1EKOA, DOKTRINA BATERATZEKO 514/20 ERREKURTSOA, TXOSTENGILEA: ANTONIO VICENTE SEMPERE NAVARRO

mazoa

Eztabaidagaia da zehaztea ea langile batek baduen eskubidea bere erretiro-pentsio aktiboa % 100eraino handitzeko pentsioduna kide den ondasun-erkidego batek egindako lan-kontratazio baten esparruan.

Hasteko, datu hau azpimarratu behar da: demandatzaileak erretiroa hartu zuen, eta egiten zuen jarduera bere kontura egiten jarraitu zuen, Langile Autonomoen Araubide Bereziaren barruan. Une horretan, nekazaritza-ustiapen baten titularra zen, bere emaztearekin % 50ean, eta, ustiapen horretan, demandatzaileak besteren konturako langileak zituen bere kargura, pertsona fisiko gisa.

Aurrerago, demandatzaileak eta haren emazteak ondasun-erkidego bat formalizatu zuten nekazaritza-ustiapena aurrera eramateko, langileak ondasun-komunitatean subrogatuz eta demandatzailearekin pertsona fisiko gisa zuten loturatik askatuz.

Gerora, erretiro-pentsioa % 100era igotzea eskatu zuen demandatzaileak. GSINk uko egin zion eskaerari, eta, ondorioz, demanda aurkeztu zuen hark.

2019/10/8an, Iruñeko Lan Arloko 4. Epaitegiak epaia eman zuen, demanda hori ezetsiz.

Erregutze-errekurtsoa aurkezturik, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salak 419/2019 epaia eman zuen, errekurtsoa gaitzetsiz.

Doktrina bateratzeko xedez, arau hauek aztertzen ditu, besteak beste, Salak:

  • Kode Zibilaren 392. artikulua: Erkidegoa bada, izan, gauza edo eskubide baten gaineko jabetza zenbait pertsonari indibisoan dagokienean.
  • Langileen Estatutuaren 1.2 artikulua: Lege honen ondorioetarako, aurreko paragrafoan aipatutako pertsonen zerbitzuak hartzen dituzten bai pertsona fisiko edo juridiko guztiak, zein ondasun-erkidego guztiak, enpresaburu izango dira; baita aldi baterako laneko enpresek enpresa baliatzaileei uzteko kontrataturiko pertsonen zerbitzuak hartzen dituztenak ere.
  • Langileen Estatutuaren 49.1 g) artikulua: [Lan-kontratua amaitu egingo da] Enpresaburua hil, edo Gizarte Segurantzan dagokion araubidean aurreikusitako kasuetan erretiratzen bada, edo ezgaitasuna aitortzen bazaio, 44. artikuluan xedaturitakoaren kontra joan gabe; edo kontratatzailearen nortasun juridikoa amaitzeagatik.
  • Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 213.1 artikulua: 1. Erretiro-pentsioaz gozatzea bateraezina izango da pentsiodunak lana egitearekin, legez edo erregelamenduz zehazten diren salbuespenekin eta moduan. Aurrekoa gorabehera, erretiroa hartzen duten pertsonek bateragarri egin ahalko dute pentsioa jasotzea eta lanaldi partzialeko lan bat egitea, erregelamenduz ezartzen den moduan. Egoera horrek irauten duen bitartean, pentsioa murriztuko da pentsiodunaren
    lanaldiari, parekagarria den lanaldi osoko langile batenarekin alderatuta, aplikagarri zaion murrizketarekin alderantzizko proportzioan.
  • Gizarte Segurantzako Lege Orokorraren 214.2 artikulua: Lanarekin bateragarria den erretiro-pentsioaren zenbatekoa hasierako onarpenean ateratako zenbatekoaren ehuneko 50 izango da, egoki bada pentsio publikoaren gehieneko muga aplikatu ondoren, edo lanarekiko bateragarritasuna hasten denean jasotzen ari denarena, gutxienekorako osagarria, edozelan ere, kontuan hartu gabe, pentsiodunak egiten duen lanaldia edo jarduera edozein dela ere. Hala ere, jarduera norberaren kontura egiten bada eta egiaztatzen bada besteren konturako langile bat gutxienez kontratatuta daukala, lanarekin bateragarria den pentsioaren zenbatekoa ehuneko 100era iritsiko da”.
  • Gizarte Segurantzako Lege Orokorraren 305.1 artikulua: Gizarte Segurantzako Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Bereziaren aplikazio-eremuan nahitaez sartuta egongo dira hemezortzi urtetik gorakoak izan eta ohikotasunez, pertsonalki, zuzenean, beren kontura eta beste pertsona baten zuzendaritza- eta antolaketa-esparrutik kanpo irabazizko jarduera ekonomiko profesional bat egiten duten pertsonak, besteren konturako langileei enplegua eman ala ez eman, lege honetan eta berau aplikatu eta garatzeko arauetan zehaztutako moduan eta baldintzetan.
  • Prozedura Zibilaren Legearen 6.2 artikulua: Alderdi izateko gaitasuna. Legearen aginduz kudeatzaileek eta partaideek izan dezaketen erantzukizunari kalterik egin gabe, edozein kasutan, demandatuak izan daitezke pertsona juridikoak izateko lege-eskakizunak bete ez dituzten erakundeak, baldin eta pertsona- eta ondare-osagai ugariek osatu badituzte halakoak, betiere helburu zehatza lortzeko.

Beste alde batetik, kontraste gisa, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salak emandako 2019ko ekainaren 18ko 3214/19 epaia aipatzen da, zeinean zuzenbidearen araberakotzat jotzen baita ondasun-erkidego bateko bazkide eta besteren konturako langile baten enplegatzaile den pertsona baten erretiro-pentsioa % 100ekoa izatea.

Epai horretan, aurretiazko beste epai batzuk aipatzen dira (otsailaren 8ko 119 eta 120/22 epaiak, Doktrina Bateratzeko 3087/20 eta 3930/20  Kasazio Errekurtsoak), baina ezaugarri batek bereizten ditu egitatezko kasu honetatik: kasu horietan, erretiro aktiboaren % 100 lortu nahi zutenak merkataritza-sozietate bateko autonomo administratzaileak edo kontseilariak ziren. Hala eta guztiz ere, Sala ondorio berera iristen da bi kasuetan, eta ezetsi egiten du aurkeztutako kasazio-errekurtsoa.

Emandako argudioen arabera, eztabaidagai den ondasun-erkidegoa “funtzional” edo “enpresarial” motakoa da, hau da, jabekidetza hutsetik haratago doana, eta, beraz, trafiko juridiko-merkantilean jarduten duena, negozio bat ustiatzeko enpresa-jarduera bati loturik. Hortaz, merkataritza-sozietateen parekotzat har daiteke, eta ondorioz, erkidego horretako kideek enpresari-izaera dute legez. Gure ordenamendu juridikoak nortasun juridikoarekin lotutako ondorio jakin batzuk aitortzen dizkie enpresariei; besteak beste, legitimazioa eta gaitasun prozesala.

Pertsona fisikoaren izaera duten enplegatzaileen erretiroak haien konturako langileen kontratuen iraungipena eragin ez zezan, enplegatzaile horiek erretiroa hartu eta, aldi berean, erretiro-pentsio osoa jasotzeko aukera aurreikusi zen, salbuespenez.

Hori horrela izanik, norberaren konturako jarduera bat egiteko bete beharreko lehenengo baldintza betetzen da, baina ez bigarrena, hau da, besteren konturako langile bat kontratupean izatea. Izan ere, enplegatzailea ez da pertsona fisiko bat, baizik eta ondasun-erkidegoa, eta, ondorioz, ez dira bateragarriak erretiro-pentsioa eta jarduera produktiboa.

Hortaz, norberaren konturako jarduera bat egiten den bitartean erretiro-pentsioaren % 100 jaso ahal izateko, ez da baliozkoa ondasun-erkidegoaren (nekazaritza-ustiapena, pentsiodunak eta haren emazteak osatua) eta plantillaren arteko lan-kontratazioa.

Jon Careaga Correa


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko letradua

Lotutako berriak