sentencia
Itzuli

Mutualex epaia 2023ko Martxoa

Erretiro aurreratuko pentsio baten onuradunak ez ditu betetzen ezintasun iraunkor osoko pentsioa sortzeko eskakizunak

mazo

Auzitegi Gorenak, 2023ko otsailaren 22ko epaiaren bidez, kasatu eta baliogabetu egin du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salak 2019ko urriaren 15ean emandako epai bat , 2019ko maiatzaren 10eko epai bat berresten zuena (Bilboko Lan Arloko 2. Auzitegiaren epaia), erretiro aurreratua hartu zuen pertsona bati gaixotasun arruntagatiko ezintasun iraunkor osoa aitortu ziona; orain epai hori ezereztu egin da.

GSINek bide administratibotik (2018ko irailaren 17ko ebazpena) ezetsi egin zuen erretiro aurreratua hartu zuen pertsonak ezintasun iraunkor osoa aitortzeko egindako eskaera, alta-egoeran edo altarekin parekatutako egoeran ez egoteagatik; pertsona horrek 2018ko otsailaren 28an hartu zuen baja Langile Autonomoen Araubide Berezian, eta erretiro aurreratura igaro zen 2018ko martxoaren 1ean.

Errekurritutako epaiaren eta Kataluniako Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salak 2007ko urtarrilaren 8an emandako epaiaren (187/2006 errekurtsoa) arteko kontraesanean oinarritutako doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoan orain Auzitegi Gorenak adierazten duenez, soilik aztertzen da “ea auzi-jartzaileak, zeinak erretiro aurreratuagatiko pentsio bat jasotzen baitu,  betetzen duen ezintasun iraunkor osoaren pentsioa sortzeko eskakizun hau: alta-egoeran edo altarekin parekatutako egoeran egotea kontingentziaren unean”.

Orain arte Auzitegi Gorenak ez du hartu alderdi horri buruzko erabakirik. Aldiz, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak 2018ko uztailaren 3an emandako beste epai baten aurkako errekurtsoan Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epai bera kontraesankor gisa aipatuz, planteatua zitzaion auzi honetan epaitzen denaz bestelako auzigai bat: izan ere, EAEko auzitegia, aldi hartan, auzi-jartzailearen gaitz horiek, larritasunagatik, ezintasun iraunkor osoagatiko pentsio bat sortzeko adinakoak ziren aztertzera mugatu zen. Argudiatu zuen larritasunak justifikatzen zuela eskatzen zen ezintasun iraunkor osoko edo ezintasun iraunkor partzialeko maila, eta, aztertu gabe ea Gizarte Segurantzako altaren edo altarekin parekatutako egoeraren eskakizuna bete beharrekoa zen, ezintasun iraunkor partzialeko egoera aitortu zion erretiro aurreratuagatiko pentsioaren onuradun bati. Auzitegi Gorenak, 2021eko uztailaren 21ean (4311/2018 errekurtsoa), kontraesana ukatuz ebatzi zuen, eta irmotzat jo zuen EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia.

Kontraste-epaia, aztertzen ari garen errekurtsoan orobat alegatua, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak 2007ko urtarrilaren 8an eman zuen epaia da,,  zeinak instantziakoa berretsi baitzuen. Epai horren bidez, eskatzen ziren ezintasun iraunkorraren maila guztietarako (osoa edo, subsidiarioki, partziala) aukera ukatzen zen, eskatzailea erretiratuta zegoelako, erretiro aurreratua izan arren.

Hain zuzen, hori da aztertzen ari garen epaia eragin duen kasazio-errekurtsoaren xedea, zeren “auzigaia baita ea auzi-jartzaileak, zeina erretiro aurreratuagatiko pentsio baten onuraduna baita, ezintasun iraunkor osoko pentsioa aitortzeko eskubidea duen ala ez”. Auzitegi Gorenak ondorioztatu du kontraesana dagoela errekurritutako EAEko Auzitegiaren epaiaren eta Kataluniako Auzitegiak emandako epaiaren artean.

Gorenak, kontraesanaren eskakizuna aztertu ondoren, legezko agindu hauetan oinarritzen du errekurtsoaren baiestea:

 “1.- GSLOren 195.1 artikulua, 165.1 artikuluarekin lotuta, zeinak, ezintasun iraunkor osoko pentsioari dagokionez, eskatzen baitu onuraduna alta-egoeran edo altarekin parekatutako egoeran egotea. Bestalde, GSLOren 195.4 artikuluak eskakizun horretatik salbuesten ditu ezintasun iraunkor absolutuagatiko eta baliaezintasun handiagatiko pentsioak.

 2.- Erretiro aurreratuagatiko pentsioaren onuraduna: a) Ez dago alta-egoeran, ez baitu egiten 84/1996 Errege Dekretuaren 7. artikuluan eta harekin bat datozenetan sar daitekeen jarduerarik (artikulu horiek Gizarte Segurantzako dagokion araubideko alta arautzen dute). b) Ez dago altarekin parekatutako egoera batean, erretiro aurreratua ez baita jasotzen 84/1996 Errege Dekretuko 36.1 artikuluan.

Ondorioz, auzi-jartzaileak, zeinak erretiro aurreratuagatiko pentsioa jasotzen baitu, ez ditu betetzen ezintasun iraunkor osoagatiko pentsioa sortzeko eskakizunak.

 

David Erauskin Perez


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko letradua

Lotutako berriak