sentencia
Itzuli

Mutualex epaia 2023ko otsaila

Madrilgo Auzitegi Nagusiak, guraso-erantzunkidetasunaren printzipioa aplikatuta, ezetsi egin du semea eskolaz kanpoko jarduera batera eramateko lan-ordutegia aldatzeko eskaera

epaia

MADRILGO AUZITEGI NAGUSIAREN EPAIA, 2022ko ABENDUAREN 19koa (rec. 385/2022)

Madrilgo Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salak eman duen 2022ko abenduaren 19ko 731/2022 epaiaren (JUR/2023/12882) azterketaren xedea da funtsezko bi alderdi baloratzea: familia-bizitza eta bizitza pertsonala uztartzeko eskubidea seme-alabak zaintzeko; eta haien hezkuntzan gurasoek duten erantzunkidetasuna, guraso bien ardura dena.

Horrela, bada, supermerkatu-kate ezagun bateko langile batek, kutxazaina lanbidez, lan-ordutegia alda ziezaioten eskatu zuen –dagoeneko murriztua zuen–, semea eskolaz kanpoko futbol-jardueretara eramateko denbora izan zezan, bai entrenamenduetara astegunetan, bai partiduetara asteburuetan. Langileak hori eskatzen zuen Langileen Estatutuaren 34.8 artikuluari jarraikiz, eta zehazten zuen lan-jardunaldia astelehenetik ostiralera 11:00etatik 15:00aetara izatea nahi zuela. Enpresak ukatu egin zion jardunaldia egokitzeko aukera hori, eta langileak egindako eskaeraren ordezko beste aukera bat eskaini zion. Enpresaren arrazoiak izan ziren astelehenetik ostiralera arratsaldez direla salmenta-bolumen handienak eta ordutegi horietan joaten dela bezero gehien, eta larunbat eta igandetan, ordea, goizez.

Enpresaren eta langilearen artean adostasunik lortu ez zenez, demanda planteatu zen, ordutegi-aldaketa hori eskatuz, bai eta kalte-galerengatiko kalte-ordaina ere, hamabi mila eurokoa, oinarrizko eskubideak urratzeagatik.

Auzialdiko epaiak ezetsi egin du demanda, eta Madrilgo Auzitegi Nagusiak epai hori berretsi eta ezetsi egin du langilearen erregutze-errekurtsoa.

Baloratzen den alderdietako bat adingabeen aitaren lan-ordutegia da; hau da, zehazki: asteartetik larunbatera, goizeko 3etatik goizeko 11etara. Langile eskatzailearen iritziz, ordutegi hori bateraezina da arratsaldez adingabeak zaintzearekin, goiz lotaratu behar baitu osasuna minimoki zainduko badu Langileen Estatutuaren 34.8 artikuluak lanaldiaren iraupena eta banaketa egokitzeko eskubidea jorratzen du, bizitza pertsonala eta familia- eta lan-bizitza uztartzeko eskubidea eraginkorra izan dadin eta, adostasunik izan ezean, egoitza judizialean ematen den irizpena bete beharko da. Aurrez aurre jartzen diren ondasunak eta interesak haztatu behar dira arrazoizkotasun- eta proportzionaltasun-irizpideak erabilita; eskubide baldintzatu bat da, beraz. Ez da aitortzen ordutegia egokitzeko eskubidea, eskubide-espektatiba bat baizik.

Aipatutako araua aplikatzeko, kontuan hartu behar da Auzitegi Konstituzionalaren doktrina, esaten duena langileen lan- eta familia-bizitza bateragarriak izan daitezen lortzera bideratutako neurrien dimentsio konstituzionala gailendu behar dela, eta interpretazioko edozein zalantza argitzeko orientazio modura balio behar duela, emakume langileek sexu-arrazoiengatik diskriminaziorik ez jasateko duten eskubidearen ikuspegitik zein familia eta haurrak babesteko aginduaren ikuspegitik.

Ildo horretan, Auzitegi Gorenak azaroaren 5eko 39/1999 Legea aipatzen du, gizon langileek, familiako erantzukizunak modu orekatuan banatuta, familia-bizitzan benetan parte har dezaten lortzera bideratutako neurriak hartzen dituena; helburu hori indartu egin dute ondoren onetsi diren lege-xedapenek. Haien artean, nabarmentzekoak dira emakumeen eta gizonen berdintasun eraginkorrerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan aurreikusten direnak. Lege horren zioen azalpenean adierazten da Lege horretan jasotzen diren lan-arloko neurrien helburua dela langileen bizitza pertsonala, lan-bizitza eta familia-bizitza uztartzen laguntzea, eta familiako obligazioak hartzerakoan emakumeen eta gizonen arteko erantzunkidetasuna handiagoa sustatzea.

Eskaera guraso-erantzunkidetasunaren printzipioarekin uztartu behar da, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeko helburuz. Helburu hori du, hain zuzen ere, enpleguaren eta lanaren arloan emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko presazko neurriei buruzko martxoaren 1eko 6/2019 Errege Dekretuak.

Auzitegi Nagusiak arrazoitzen du, auzialdiko epaileak arrazoitzen duen ildo beretik, eskaera ezin dela onetsi, guraso-erantzukidetasunaren printzipioan oinarrituta, ez baitzen aurkeztu adingabeen aitaren daturik eta ez baitzen jakinarazi langile eskatzailea seme-alabez arduratu ezin den egunetan aita ere arduratu ezin daitekeenik. Auzi-jartzailearen bikotekidearen lan-txanda bakarrik aipatzen zen, eta txanda hori ez da bateraezina adingabeez arduratzearekin eta haiek zaintzearekin, gaueko lan-txandetan jarduten baitu, goizaldeko hiruretatik goizeko hamaiketara eta, beraz, indarrean dagoen arauditik eratortzen den bezala, eta guraso-erantzunkidetasunaren aipatutako printzipioa aplikatuz, seme-alabak zaintzeaz ardura daiteke arratsaldeetan, eguneroko atsedenerako behar adinako denbora izanik. Eskolaz kanpoko jarduerari dagokionez, Auzitegi Nagusiak ezetsi egin du eskaera, arrazoizko proposamentzat jo daitekeenetik harago baitoa; izan ere, nahiz eta jarduera horiek adingabeen hezkuntza eta prestakuntza integralaren parte izan, ezin da ahaztu hautazkoak direla, eta ez derrigorrezkoak. Horrenbestez, jarduera horiek familia- eta lan-inguruabarretara egokitu behar dira, eta ezin da onartu, behin jarduerok aukeratu ondoren, guraso langilearen lan-jardunaldia haietara egokitu nahi izatea, enpresariari enpresa-antolakuntza aldatu beharra inposatzearen kontura.

Auzitegi Nagusiak uste du ez dela arrazoizkoa eta neurrizkoa eskolaz kanpoko futbol-jarduerari dagokionez eskatutako neurria eta, gainera, uste du, guraso-erantzunkidetasunaren printzipioa aplikatuz, eta behin adingabeen aitaren lan-ordutegia aztertu ondoren, ordutegi hori ez dela bateraezina. Baloratzen du aitak hartu behar duela bere gain seme-alabak zaintzearen erantzukizuna, ama askok egiten duten bezala, hein handi batean beren lanbide-karreraren eta etorkizunaren kontura; sakrifizio hori arinduz joan behar da pixkanaka.

David Erauskin Perez


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko letradua

Lotutako berriak