sentencia
Itzuli

Mutualex epaia 2023ko urtarrila

Guraso bakarreko familiak eta jaiotzagatiko eta adingabearen zaintzagatiko prestazioa

Jaiotzagatiko eta adingabearen zaintzagatiko prestazioa, “amatasuna” esaten zaiona, adingabe bat jaiotzen denean jasotzen dena da, edo adingabe bat adoptatzen edo familian hartzen hasi ondoren jasotzen dena. Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 177. artikuluan eta hurrengoetan araututakoaren arabera, Langileen Estatutuaren (LE) 48. artikuluko 4, 5 eta 6. puntuetan jasotako atsedenaldietan jasoko da prestazioa. Hasiera batean, LEren 48. artikuluak gertaera eragilearen ondorengo hamasei asteetan atseden hartzeko eskubidea jasotzen zuen; jaiotzaren kasuan, lehen sei asteak amak hartu behar zituen, eta gainerako asteetan atseden hartzeko eta, beraz, prestazioa jasotzeko eskubidea beste gurasoari laga ahal zitzaion.

Hala ere, martxoaren 1eko 6/2019 Errege Dekretuak LEren 48. artikulua aldatu zuen ondorio horietarako, eta bi gurasoei hamasei asteko atsedenaldia aitortu zien. Lehen sei asteak gertaera eragilearen ondoren hartu behar dituzte nahitaez, eta gainerako hamar asteak modu jarraituan edo ausaz hartu ahal izango dituzte adingabearen lehen hamabi hilabeteetan. Eskubide hori pixkanaka ezarri behar zen, eta azaldutako hori da 2021eko urtarrilaren 1etik indarrean dagoena.

Bi gurasoei atsedenaldi bera ematen zien araudi horrek zalantza eragin zuen, hasieratik, guraso bakarreko familiei dagokienez. Guraso bakarra dagoen kasuan, onuradun bakarrak har al ditzake, berari dagozkion hamasei asteez gain, bi gurasoko familia bat izanez gero izango lituzketen beste hamasei asteak ere ? Printzipioz, adingabea pertsona bakar batek zaindu behar duenez, ahalegina beste pertsona batekin banatzeko aukerarik gabe, arrazoi handiagoz onartu behar litzateke atseden bikoitza. Hala ere, Gizarte Segurantzaren erakunde kudeatzaileek, zeinak prestazio horren ex lege aseguratzaileak baitira, aukera hori baztertu zuten, LEren 48. artikuluaren 4. paragrafoan jasotako debekuari helduta, zeinek ezartzen baitzuen eskubidea indibiduala dela eta ezin zaiola eman beste gurasoari.

Auzia epaitegietara iritsi zen, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak (JAN) asmo hori babestu zuen 2020ko urriaren 6an emandako epaian. Orain, horren inguruko berriak iritsi dira. Galiziako JANen 2022ko urtarrilaren 28ko epaiak gure auzitegiaren irizpidea bateratu du; izan ere, epai horrek berretsi egiten du guraso bakarreko familien kasuan hamasei asteko aldiak onuradun bakar batean metatzeko aukeraren aldeko arrazoibidea. Galiziako JANek ere uste du GSINk argudiatutako interpretazio murriztaileak tratamendu diskriminatzailea ekarriko liokeela familia-eredu horri; izan ere, alde batetik, onuradunak lana eta familia bateratzeko dituen eskubideei eragingo lieke, eta, bestetik, adingabeak zainketa-aldi baliokidea jasotzeko duen eskubideari. Horrez gain, kasu gehienetan, ia beti, tratamendu diskriminatzaile horrek amei eragingo lieke, estatistikoki neurri handiagoan hartzen baitituzte beren gain zaintza-erantzukizunak, eta horrek genero-arrazoiengatiko tratu-berdintasunerako eskubidea urratuko luke.

Beraz, Galiziako JANen epaiak beste gurasoaren atseden-eskubidea ematen dio guraso bakarrari. Garai hartan hamabi astekoa zen, eta haietatik lau nahitaez hartu behar ziren erditzearen ondoren. Auzitegiak argitu du, GSINren errekurtsoa partzialki onartuta, kasu zehatz horretan atsedenaldiaren luzapena nahitaez berehala hartu beharreko lau asteko aldiaren gainerako zortzi asteei dagokiela, eta ez du onartu hori metatzea, onuradunak jada baliatu zituen hasierako sei asteei gainjartzen zaielako. Gaur egun, 2021eko urtarrilaren 1az geroztik, beste gurasoaren atsedenaldia hamasei astekoa da, eta gertaera eragilearen ondorengo lehenengo seiak nahitaezkoak dira. Beraz, aldi hori legez indarrean egon izan balitz auzitegiak balioetsitako kasuan, beste hamar aste onartuko zituen (nahitaezko seiak kenduta), eta ez zortzi, eta hori izango litzateke orain gertatzen diren kasuetan gehitu beharreko aldia, Galiziako eta Euskal Autonomia Erkidegoko JANen epaietan finkatutako doktrinen arabera.

Iñaki Esnal Zalakain


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko letratua 

Lotutako berriak