Eska daiteke aitortutako erretiro-pentsio bat eraginik gabe uzteko?

Auzitegi Gorenak (AG), 320/2023 zenbakiko epaian (2023ko apirilaren 26koa, Rec. 2860/2020), kasatu eta errebokatu egiten du Valentziako Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Arlo Sozialeko Salak 2020ko uztailaren 7an emandako epai bat, zeinak Alacanteko Arlo Sozialeko 6. Epaitegiak 2019ko martxoaren 22an emandako epai bat errebokatu baitzuen. Beraz, langilearen demanda onesten du, eta eraginik gabe uzten du langileari erretiro-pentsioa aitortu zion GSINen ebazpena.
Langileak, 2018-05-30ean, erretiro-pentsioa eskatzeko espedientea irekitzeko eskatu zuen GSINen, eta erakunde kudeatzaileak 2018-06-13an eman zuen ebazpena: erretiro-prestaziorako eskubidea eman zion langileari. Ebazpen horren aurrean, langileak aldez aurretiko erreklamazioa aurkeztu zuen, emandako prestazioa eraginik gabe uzteko. GSINek 2018-08-09an eman zuen ebazpena: aitortutako pentsioa eraginik gabe uzteko aukera ukatu zuen, jo baitzuen prestazioen uko hori ez dela onartzen Gizarte Segurantzako Lege Orokorraren (GSLO) 3. artikuluan.
Errekurritutako epaiaren eta Andaluziako Auzitegi Nagusiko Arlo Sozialeko Salak (Sevillako egoitza) 2011ko martxoaren 17an emandako epaiaren (187/2006 errekurtsoa) arteko kontraesanean oinarritutako doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoan orain Auzitegi Gorenak adierazten duenez, eztabaida juridikoa honetara mugatzen da: erabakitzea ea posible den dagoeneko aitortuta dagoen erretiro-prestazio bat baliorik gabe uztea langile jasotzailearen aldebakarreko borondateagatik, gero prestazio berdina hobetuta eskatu ahal izateko etorkizuneko kotizazioen ondorioz.
Hala, doktrina bateratzeko kasazio-errekurtso honetan zehaztu nahi da aitortutako prestazio bati uko egiten zaion (erakunde kudeatzailearen iritziz, baliogabea da, GSLOren 3. artikuluan zehaztutakoa betez, zeinak ez baitu onartzen GSLOn aitortutako eskubideei uko egiterik) edo, aitzitik, errekurtsogileak dioen moduan, ez den uko bat, baizik eta eskubide hori eraginik gabe uzteko eskaera bat, prestazio horretaz baliatu gabe lanean jarraitu ahal izateko eta aurrerago, egokiago ikusten duenean, berriro eskatu ahal izateko.
Auzitegi Gorenaren epaian, zehazten da onuradunaren aldebakarreko erabakia ez dela zuzenbidearen aurkakoa eta, beraz, ez duela urratzen GSLOren 3. artikuluan jasotakoa, ez baitio eskubide bati uko egiten hura bere ondaretik egotzita; aldiz, alde bakarretik eta borondatez eskatzen du prestazioa aldi baterako eraginik gabe uzteko, eskubide hobea sortzen jarraitzeko eta geroago eskatu ahal izateko.
Testuinguru horretan, kontuan izan behar dugu erretiro-prestazioaren eskaera ez dela nahitaezkoa erretiratzeko legezko adina bete duten pertsonentzat. Halaber, ez dago aitortutako erretiro-prestazioa eraginik gabe uztea aurreikusten duen araurik, baina eskaera debekatzen duen araurik ere ez dago. Beraz, ez da aurreikusten aitortutako prestazioa bertan behera uzteko kausa gisa.
Ondorioz, epaiak aintzatesten du aitortutako erretiro-prestazioa baliorik gabe uzteko eskubidea duela onuradunak, eta aurrerago berriro eskatu ahal izango duela gerora kotizatutako oinarrien eta aldi berrien arabera.
Jesus M. Vicente Cuadrado
Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko letradua
