sentencia
Itzuli

Mutualex epaia 2024ko Abendua

AUZITEGI GORENEKO LAN ARKOLO SALAREN EPAIAREN IRUZKINA (2622/2021 DOKTRINA BATERATZEKO KASAZIO-ERREKURTSOA), 2024KO URRIAREN 15EKOA 

mazoa

Auzitegi Gorenaren 2024ko urriaren 25eko epaia, 2622/2021 doktrina bateratzeko errekurtsoan emandakoa, zeinaren txostengilea Concepción Rosario Ureste García andre agurgarria izan baita. 

Prozeduran planteatzen da zer erakundek ordaindu behar duen kontingentzia arruntagatiko aldi baterako ezintasunaren prestazioa, pazientea berriz gaixotu bada eta erakunde aseguratzailea aldatu bada

Erabakia ekarri duten gertaerak sinpleak dira. Langile batek kontingentzia arruntaren ondoriozko aldi baterako ezintasunagatiko prozesua hasi zuen 2017ko abuztuaren 15ean, eta haren enpresak MC Mutual mutuarekin zituen adostuta kontingentzia profesionalak eta aldi baterako ezintasunaren prestazio ekonomikoa. Aldi baterako ezintasuneko egoera amaitu zenean, luzatu egin zen. 2019ko otsailaren 28an alta medikoa jaso zuen ukituak. 

2019ko maiatzaren 1ean (ondorioetarako data), aldi baterako ezinari dagozkion kontingentzia arrunten ondoriozko prestazio ekonomikoen estaldura aldatu zuen enpresa enplegatzaileak, eta Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalaren estaldura kontratatu zuen. 

2019ko apirilaren 12an, langileari berriro eman zioten laneko baja, eta GSINek ebazpen bat atera zuen 2019ko apirilaren 24an, zeinaren bidez aurreko aldi baterako ezintasunaren luzapentzat (langilea berriro gaixotzeagatik) aitortu baitzen egoera. Ezgaitasun iraunkorraren inguruko espediente bat hasi zen, 2019ko urriaren 14ko ebazpenaren bidez amaitu zena; ebazpen horretan, ezintasun iraunkorra ukatu zitzaion langileari, eta 2019ko urriaren 15ean amaitu zen aldi baterako ezintasunaren luzapena, ondorio ekonomikoetarako. 

MC Mutual mutuak ordaindu zuen aldi baterako ezintasunaren subsidioa 2019ko apirilaren 2tik apirilaren 30era, eta langileak eskatu zuen 2019eko maiatzaren 1etik 2019ko urriaren 15erako subsidioa ordaindu ziezaioten. Haren eskaera ezetsi egin zen, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak jo baitzuen MC Mutual etxearen ardura zela. 

MC Mutual mutuak demanda jarri zuen, eta Zaragozako Lan Arloko 7 zk.-ko Epaitegiak ezetsi egin zuen, eta 2019ko maiatza eta urria bitarteko subsidioa ordaintzearen erantzuletzat aitortu zuen erakundea. Epai hori Aragoiko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi zuen, 2021eko ekainaren 14an, eta MC Mutualek kasazio-errekurtsoa ezarri zuen Auzitegi Gorenean. 

Eztabaidatzen ari gara zer erakunderen erantzukizuna den aldi baterako ezintasunaren prestazioa ordaintzea, erakunde aseguratzailea aldatu bada prestazioa luzatzeagatik, ukitua berriro gaixotu delako. 

Doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsorako aukera izateko eskakizunak aztertu ondoren, Auzitegi Gorenak kasazio-errekurtsoa baietsi du, eta adierazi du GSINek ordaindu beharko duela aldez aurretik zehaztutako aldi baterako ezintasunaren prestazioa, jarraian azalduko ditugun arrazoiak kontuan hartuta. 

Auzitegi Gorenak dio, gaixotasun arruntaren ondoriozko aldi baterako ezintasunaren prestazioak ordaintzeari dagokionez, legegileak ez duela erantzukizun desberdinik ezartzen hasierako faserako, luzapenerako edo atzerapenerako, zeinetan lan-kontratua etenda baitago, eta adierazi du prestazioa ordaintzearen erantzukizuna ez dela etorkizuneko kotizazioa mantentzearen araberakoa, baizik eta egoera eragin duen gertaera jazotzen den uneko aseguramenduaren indarraldiaren araberakoa. 

Beraz, une jakin batean aldi baterako ezintasunaren prestazioaz arduratzen den erakundea aldatzen bada, aldi baterako ezintasunaren gehieneko aldia agortzeagatik lan-kontratua etenda dagoela, dagokigun kasuan bezala, aurrekoaren tokian jarri den erakunde berriak arduratu beharko du estalduraz. 

Auzitegi Gorenak dio hala izango dela, kotizatzeko betebeharrik ez dagoen une batean aldatzen bada ere aseguratzailea, aseguramendua batasunaren eta integritatearen arauak zuzentzen baitu, barne direla aldi baterako ezintasun-egoera aldatzeko unean daudenak eta kontratua etenda dutenak, une horretatik aurrera hartzen baita prestazioaren kudeaketaren eta hura ordaintzearen erantzukizuna, baita une horretan dagoeneko sortuta daudenez ari garela ere. 

Auzitegi Gorenak emandako soluzioan, ukitua berriz gaixotzeagatik aldi baterako ezintasunaren luzatze-egoeran erakunde aseguratzailea aldatu den kasu honetan, erakunde berriak hartu behar du bere gain une horretatik aurrera subsidioaren ordainketa, Auzitegi Gorenak dioenez, kontingentzia arruntetarako ezarritako banaketa-sistema finantzarioaren arabera, langile guztientzat kotizatutakoa kolektibo aseguratuaren kontingentziak estaltzeko erabiltzen baita, etorkizunerako baliabideak metatu gabe epe luzerako, kotizatzeko betebeharrik ez dagoenean ere. 

Auzitegi Gorenaren epai hori efikazia handikoa da praktikan, eta operadore juridikoei, enpresei eta prestazioen onuradunei laguntzen die. 

Raquel Martínez Balbas 


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua 

Lotutako berriak