sentencia
Itzuli

Mutualex epaia 2024ko Apirila

Auzitegi Goreneko Gizarte Arloko Salaren epaia, 2024ko urtarrilaren 25ekoa, 3521/2020 doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoan oinarritua; Juan Molins García-Atance magistratua izan da hizlaria

mazoa

Epai honen helburua da zehaztea ea alarguntasun-pentsioen oinarri arautzailearen ehunekoa areagotzen duen lege-erreforma baten ondoren berrikusi egin behar den erreformaren aurretik gertatutako lan-istripu baten ondoriozko Gizarte Segurantzaren prestazioen errekargua.

Hona zein diren kontuan hartu beharreko oinarrizko gertaerak: 1995eko abuztuaren 31n gertatutako lan-istripu batean, auzi-jartzailearen senarra hil zen.

1995eko irailaren 1etik aurrerako ondorioetarako, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak (GSIN) oinarri arautzailearen % 45eko alarguntasun-pentsio bat onartu zuen; Lan Arloko Epaitegiak 2003ko maiatzaren 9an emandako epaiaren bidez, % 50eko errekargua finkatu zitzaion alarguntasun-pentsioari.

2003ko abenduaren 23an, abenduaren 26ko1795/2003 Errege Dekretua onetsi zen, zeinak % 52ra igo baitzuen alarguntasunaren oinarri arautzailearen ehunekoa, 2004ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

2018ko abenduaren 10ean, auzi-jartzaileak eskatu zuen prestazioen errekargua oinarri arautzailearen % 52aren gainean ordaintzeko, haren % 45aren gainean ordaindu beharrean.

Gijóngo Lan Arloko 2. Epaitegiak auzi-jartzailearen eskaera onartu zuen, baita Asturiasko Justizia Auzitegi Nagusiaren ekainaren 30eko epaiak ere (1007/2020 autoak), eta biek ala biek aitortu zuten langileak eskubidea zuela prestazio-errekargua % 52ko oinarri arautzailearen gainean kalkulatzeko. Prestazioen errekarguaren ardura zuen enpresak kasazio-helegitea aurkeztu zuen, doktrinaren bateratzea argudiatuta.

Kontraesanak aztertu ondoren, eta helegitearen mamiari heltzeko, Auzitegi Gorenak xehetasunez aztertu du Gizarte Segurantzaren prestazioen errekarguaren figura; erakunde konplexua da Gizarte Segurantza, elementu zigortzaileak, indemnizatzaileak eta prestaziozkoak dituena.

Prestazioen errekarguaren helburuak, alde batetik, zigortzaileak eta prebentziozkoak dira, enpresariaren segurtasun-zorra urratzen duten joera antijuridikoak zigortzen baitira, enplegatzaileak edo beste batzuek etorkizunean zor hori ez betetzea saihesteko; errekarguaren ehunekoa faltaren larritasunaren arabera ezartzen da (ez eragindako kaltearen arabera), eta ez dago aseguruez baliatzeko aukerarik.

Bestalde, indemnizazioaren xedea dago, istripua izan duen langileak Gizarte Segurantzaren prestazio bat jasotzen baitu, segurtasun-zor hori urratu izan ez balitz kobratuko zukeena baino handiagoa.

Gizarte Segurantzaren pentsioen goranzko berrikuspena dakarten lege-erreformek ez diete normalean eragiten haiek indarrean sartu aurretik sortutako pentsioei; beraz, “oro har ez diete eragiten lege-erreformaren aurretik gertatutako lan-istripuetatik eratorritako prestaziozko errekarguei”. Ez da halakorik gertatzen alarguntasun-pentsioetan, pentsioaren oinarri arautzailearen ehunekoaren igoera horrek bai eragin baitzion lege-erreformaren aurretik aitortutako pentsioari. Izan ere, lege-agindu bat aldatu zen, sexu-arrazoiengatiko diskriminazioa saihesteko, eta aldaketa horren bidez alarguntasun-pentsioen oinarri arautzailearen ehunekoa areagotu zen; pentsio hori emakumezkoek jasotzen dute nagusiki.

Hain zuzen ere, arau diskriminatzaile batean oinarrituta onartu zen zenbateko eskas bat alarguntasun-pentsiorako, eta legegilea diskriminazio hori zuzentzen saiatu zen gero, alarguntasun-pentsioaren ehunekoa areagotuz eta aldaketa hori lege-erreformaren aurretik sortutako pentsioei ere aplikatuz. Auzitegi Gorenaren iritziz, “igoera horren ondorioz, birkalkulatu egin behar da prestazio-errekarguaren ehunekoa , alarguntasun-pentsio berria kontuan hartuta”, prestazio-errekargua ez baitzen preskribatu, zeren eta kasu honetan ez erakunde kudeatzaileak ez pentsioaren onuradunak ez baitute izan eskubidea iraungiarazten duen jarrera pasiborik; aldiz, lege-erreforma atera ahala, eta epearen barruan, helegileak eskatu zuen jasotzen zuen alarguntasun-pentsioaren gaineko errekargua kobratzea (% 52). Horrenbestez, langilearen eskubidea aitortu da, eta lege-aldaketa baten arabera aldatutako alarguntasun-pentsio berri horrekiko errekargua aplikatu da.

Raquel Martínez Bálbas


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

Lotutako berriak