sentencia
Itzuli

Mutualex epaia 2024ko Azaroa

AUZITEGI GORENAREN EPAIA, 2024KO IRAILAREN 24KOA

mazoa

Auzitegi Gorenaren 2024ko irailaren 24ko epaia, doktrina bateratzeko 4005/2021 kasazio-errekurtsoari buruzkoa, zeinean Sebastián Moralo Gallego jaun txit gorena izan baitzen txostengilea. 

Epai honetan, argitu behar da auzi-jartzailea alta-egoeran edo altarekin parekatutako egoeran dagoen, gaixotasun arruntaren ondoriozko ezintasun iraunkor eta osoagatiko prestazioa aitortzearen ondorioetarako, hori baita auziaren gaia. 

Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak (GSIN, aurrerantzean) langilearen eskaera ukatu zuen, jo baitzuen eskatzailearen lesioek ez zutela justifikatzen ezintasun iraunkorraren inolako mailarik eta langilea ez zegoela alta-egoeran edo altaren pareko egoeran eskubide-eragineko datan. 

Langileak (ile-apaintzailea da lanbidez) 2010eko maiatzaren 31n utzi zuen bere konturako azken lan-jarduera, eta enplegu-eskatzaile gisa inskribatu zen 2015eko martxoaren 18an; ezintasun iraunkorra eskatu zuen data bera da hori. Ezintasun-eskaera ukatu egin zitzaion, 2015eko maiatzaren 28an. 

Toledoko Lan Arloko 3 zk.-ko Epaitegiaren 2016ko maiatzaren 3ko epaian, langilearen eskaera ezetsi zen, jo baitzen sekuelek ez zutela ezintasun iraunkorrik eragiten, eta adierazi zen ez zela beharrezkoa aztertzea ea gertaeraren datan langilea alta-egoeran zen ala ez. 

Auzi-jartzaileak erregutze-errekurtso aurkeztuta, Gaztela-Mantxako Justizia Auzitegi Nagusiak 2018ko maiatzaren 2an emandako epaiak baietsi egin zuen errekurtso hori, eta eskatutako ezintasun iraunkor osoa aitortu; ez zuen ezer adierazi alta-egoeraren edo altaren pareko egoeraren eskakizunari buruz. 

Auzitegi Gorenak, 2021ko martxoaren 23ko epai batean, GSINek aurkeztutako kasazio-errekurtsoa baietsi zuen; hala, aurreko epaia baliogabetzat jo zuen, omisiozko inkongruentzia zela eta, erregutze-aretoak erabaki bat eman zezan alta-egoeraren edo altaren pareko egoeraren alderdiari buruz. 

Epai hori betez, Gaztela-Mantxako Justizia Auzitegi Nagusiak bere epaia eman zuen 2021eko irailaren 28an: langilea altaren pareko egoeran dagoela jo zuen, eta langileak azken lan-jarduera utzi zuenetik enplegu-eskatzaile gisa etenik gabe inskribatuta egotearen eskakizuna malgutzeko doktrina humanista bat aplikatu zuen ondorio horietarako; horri dagokio prozedura honetako errekurtsoa. 

GSINek jarri zuen erregutze-errekurtsoa; salatu zuen ez direla bete 1994ko Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 138. eta 124. artikuluak eta gaur egun indarrean den Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 164., 166. eta 195. artikuluak, iritzi ziolako arau horietatik ondorioztatzen dela ezinbestekoa dela alta-egoeran edo altaren pareko egoeran egotea gaixotasun arruntaren ondoriozko ezintasun iraunkor eta osoagatiko prestaziorako aukera izateko, eta eskakizun horren interpretazioan zentratuko da azterketa. 

Kontraste-epaia Valentziako Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salaren 2019ko ekainaren 13ko epaia da, 1800/2018 errekurtsoari dagokiona. 

Aplikatutako eskubideari dagokionez, abiapuntua Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO, aurrerantzean) 165.1 artikulua da, zeinean hau ezartzen baita: “Araubide Orokorreko prestazioetarako eskubidea sortzeko, haren aplikazio-eremuan sartzen diren pertsonek, prestazio bakoitza eskuratzeko eskatzen diren betekizun partikularrez gainera, araubide horretan afiliatuta eta alta emanda, edo altarekin parekatutako egoeran, egon behar dute babestutako gertakaria edo egoera gertatzen denean, legezko xedapen baten bidez kontrakoa adierazi ezean”. 

Altarekin parekatutako egoerak dira kasu batzuk zeinetan Gizarte Segurantzan baja emanda egon arren, prestazio jakin batzuk aitortzearen ondorioetarako, langileak aldez aurretik zuen alta-egoera mantendu behar baita; horietako kasu bat da erabateko langabezia subsidiatuaren legezko egoera eta nahi gabeko legezko langabezia-egoera, kontribuzio- eta zerga-prestazioa amaitu ondoren, betiere langabetu gisa inskribatuta egonez gero langabezia-bulegoan. Jo da egoera honetan lanerako borondateak jarraitzen duela eta ez dela lan-merkatutik kanpo geratu, enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta egon baita etenik gabe eta modu eguneratuan, eta kasu jakin bakoitzaren egoerak kontuan hartuko dituen interpretazio humanizatzaile baten bidez eskakizun hori arindu duen jurisprudentzia-doktrina batekin osatu dela, babesgabetasun-kasu ez-justifikatuak saihesteko; hala, kasu bakoitzean aztertu beharko da lan-merkatutik kanpo geratu den langilea edo ukitutako pertsonaren borondatea ordezteko adinako bestelako eragozpen larririk izan den. 

Auzitegi Gorenak aztertutako kasuan, auzi-jartzaileak Langile Autonomoen Araubide Berezia utzi zuen 2010eko maiatzean, eta handik aurrera ez zen inskribatu enplegu-eskatzaile gisa, 2015eko martxoa arte; hilabete horretan bertan aurkeztu zuen ezintasun iraunkorraren eskaera, eta ez dago egoera hori justifika dezakeen arrazoirik. 

Bost urtez jarraian enplegu-eskatzaile gisa ez inskribatzeak argi erakusten du lan-mundutik urruntzeko nahia, eta egoera horretan ezin da esan gertaeraren datan langilea altarekin parekatutako egoeran zegoenik. Beraz, ezin da aitortu gaixotasun arruntagatiko ezintasun iraunkor eta osoa. 

Gure ustez epaia oso interesgarria da, batez ere altarekin parekatutako egoeren balioarengatik, bereziki langabezia-egoerari eta enplegu-eskatzaile gisa egoera horretan jarraitzeari dagokienez. 

Raquel Martínez Balbas 


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua 

Lotutako berriak