sentencia
Itzuli

Mutualex epaia 2024ko Iraila



SENIDE BAT OSPITALEAN
EDUKITZEAGATIKO BAIMENA: EGUN BALIODUNAK ALA NATURARALAK?

mazoa

2024ko urtarrilaren 25eko Epaia (9/2024 zk.), Auzitegi Nazionalaren Lan Arloko Salak emana.

Ekainaren 28ko 5/2023 Errege Lege-dekretuaren 127.Hiru artikuluaren bidez estatuko legegintzara egokitu zen Europako 2019/1158 Direktiba, senide bat ospitaleratuta egotearen ondoriozko lan-baimenei buruzkoa; zehazki, ospitaleratuta dauden pertsonen zaintzaileek baimena izateko duten eskubideari dagokionez. Aldaketa horrekin, eduki berria eman zitzaion Langileen Estatutuaren 37.3.b) artikuluari, eta honela geratu zen:

b) Bost egun ezkontidearen, izatezko bikotekidearen edo bigarren maila bitarteko odolkidetasuneko edo ahaidetasuneko senideen istripu edo gaixotasun larriagatik, ospitaleratzeagatik edo ospitalizaziorik gabeko ebakuntza kirurgikoagatik; barne hartzen dira izatezko bikotekidearen odolkidetasuneko senideak eta aipatu direnez bestelako beste edozein pertsona, baldin eta langilearekin bizi bada etxe berean eta haren zaintza efektiboa behar badu.

Testuan ez da argi adierazten baimeneko bost egunak “baliodunak” —hau da, lanegunak— ala naturalak diren —beraz, barne hartuko lirateke lanerako egun baliogabeak—.

Adierazitako epaiak (Auzitegi Nazionalaren Lan Arloko Salak emana, ordezkaritza sindikalak mendeko pertsonen zaintzaile ez-senideen kolektiboari dagokionez planteatutako gatazka kolektiboaren ondorioz) argitu du zalantza.

Epaiak onartu du aldatutako testuak ez duela ezer zehazten baimen-egunak naturalak edo baliodunak izateari dagokionez, baina Aretoak egokitutako zuzentarauaren edukira jo du (6. artikulua), eta adierazi mandatua argia dela, estatuei ezartzen baitie “langile bakoitzak zaintzaileentzako bost laneguneko baimena, langileko eta urteko, izateko eskubidea eduki dezan bermatzeko behar diren neurriak” hartzeko betebeharra. Hortik ondorioztatu du estatuek bost “laneguneko” baimena bermatu behar dutela, testu egokituan egun horiek nolakoak izan behar duten zehazten ez den arren.

Direktibak berariaz zehazten du baimen-egunek lanegunak izan behar dutela. Beraz, estatuek ez dute egun horien izaera zehazteko eskumenik, egokitu den arauan xedatzen baita.

Iñaki Esnal Zalakain   


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua 

Lotutako berriak