HAR AL DEZAKE ALDIZKAKO LANGILE FINKO BATEK TXANDA-KONTRATU BATI LOTUTAKO ERRETIRO PARTZIAL AURRERATUA, BALDIN ETA HAREN JARDUERA DATAK ZIURRAK EZ BADIRA?

Gai interesgarri horri dagokionez, Auzitegi Gorenaren 2023ko abenduaren 21eko Epaiak (RCUD 3616/2022) planteatutako gai horri aplikatu beharreko doktrina ezartzen du.
Jarduketa horiek eragin dituen epaia Eibarko Lan Arloko Epaitegiaren 2021eko irailaren 13ko Epaia da. Epai horren bidez, data ez-ziurretan lanaldi osoko aldizkako kontratu finkoa duen langile baten demanda onartu zen. Langileak lanaldi osoko txanda-kontratu mugagabe bati lotutako % 20ko lanaldi partzialeko kontratua sinatu zuen, eta erretiro partzialeko pentsioa eskatu zion Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari (aurrerantzean, GSIN). Erakunde kudeatzaileak ez zuen onartu eskaera denbora osoko lanaldi batetik ez datorrelako.
Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salaren 2022ko maiatzaren 17ko epaiak berretsi egin zuen Lan Arloko Epaitegiaren epai hori, eta Gizarte Segurantzaren Administrazioaren letraduak doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa aurkeztu zuen, GSINren eta GSDNren izenean.
Gizarte Segurantzaren araudiak mugatu egiten du erretiro aurreratu partzialaren aukera: onartu egiten die lanaldi osoko zerbitzuak ematen dituztenei, eta kanpoan uzten ditu baldintza hori betetzen ez duten langileak. Aldaketa hori abenduaren 4ko 40/2007 Legeak sartu zuen, eta hala jasota dago gaur egun urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuko 215. artikuluan. Azken batean, lanaldi osoan lan egiten ez duten langileei erretiro aurreratu partziala ukatzeko borondatea adierazten du legegileak, lanaldi partzialeko langileen eta aldizkako langile finkoen artean bereizketarik egin gabe. Epaian, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 245. artikuluan xedatutakoa aztertzen da, lanaldi partzialeko kontratudun langileei gizarte-babesari buruz aplikatu beharreko xedapenen barruan, urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Langileen Estatutuko 12. eta 16. artikuluei dagokienez.
Aipatutako epaian, Auzitegi Gorenak berriro adierazi du erretiro partziala lanaldi osoko jarduera bat betetzen duten langileei zuzenduta dagoela eta, hala, egoera hori betetzen ez duten langileak kanpoan uzten direla, lanaldi partzialeko langileen eta aldizkako langile finkoen artean inolako bereizketarik egin gabe.
Aldizkako kontratu finkoa (epaian aztertzen den kasua da), data jakin batzuetan errepikatzen ez dena, ez da lanaldi partzialeko kontratua Gizarte Segurantzaren ikuspegitik, baina horretan ari dena ez da lanaldi osoko langilea ere, zeren eta ez baita zerbitzurik ematen urteko egun guztietan eta jarduera horretarako urteko ohiko lanalditzat jotzen dena baino lanaldi txikiagoa egiten baita. Legegilearen ustez, eta doktrinak hala interpretatzen du, “erretiro partzial aurreratua salbuespenezko neurria da, eta, horregatik, lanaldi osoan egiten ez diren lanen kategorian sartu da lan etena, bai data ziurretan egiten dena, bai jarduera zalantzazkoa dela-eta data ez-ziurretan egiten dena”.
Interpretazio horrekin argi eta garbi xedatzen da zein kolektibok duten borondatezko erretiro partzial aurreratua hartzeko aukera, legegileak ezarritako gainerako baldintzak betez gero, eta kanpoan uzten dira aldizkako langile finkoak, lanaldi osoan lan egin badute ere.
Jon Careaga Correa
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua
