ALDI BATERAKO EZINTASUNAREN ETA LANGABEZIAREN ARTEKO LOTURA

Auzitegi Goreneko Lan Arloko Salaren 2023ko azaroaren 22ko epaia, doktrina bateratzeko RCUD. 3.230/2020 kasazio-errekurtsoan emana. Ignacio García Perrote Escartín magistratua izan da txostengilea.
Prozedura horretan, gai hau planteatu da: ea langabezia-prestazioa jasotzeko aldia luzatzen den baldin eta langilea prestazio hori jasotzen ari dela aldi baterako ezintasun-egoerara igarotzen bada.
Prozedura horren jatorria da Elxeko Lan Arloko 2 zenbakiko Epaitegiaren epai bat; haren kontra erregutze-errekurtsoa jarri zen Valentziako Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salan, eta Auzitegi Gorenaren aipatutako epaia eragin du.
Eztabaidatutako gaiaren oinarri faktikoa honako hau da: Kasazioan errekurtsoa jarri zuen langileak lan-istripu bat izan zuen 2016ko ekainaren 6an, eta horrek aldi baterako ezintasuneko prozesu bat eragin zuen; 2016ko azaroaren 9an eman zioten alta langileari. 2016ko azaroaren 9an, langilea kaleratu zuten, eta langabezia-prestazioa 2018ko azaroaren 9ra arte onartu zitzaion.
2016ko abenduaren 5ean, aldi baterako ezintasun-egoerara igaro zen berriz ere, eta 2017ko martxoaren 13an Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak (GSIN) ebatzi zuen aurreko prozesuan berriz gaixotzeagatik izan zela.
Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren (EEZP) 2017ko uztailaren 17ko ebazpenak honako hau adierazi zuen: “langilearen langabezia-prestazioa kontsumitzen den aldia ez litzateke etengo 2016ko abenduaren 5ean (kaleratu ondoren) hasitako aldi baterako ezintasunagatik, nahiz eta 2016ko ekainaren 6an hasitako aurreko aldi baterako ezintasunean berriz gaixotzeagatik izan”.
Langileak auzitara eraman zuen Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa, eta Elxeko Lan Arloko 2. Epaitegiaren epaiak baietsi egin zuen demanda. EEZPk erregutze-errekurtsoa jarri zuen, eta Valentziako Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salak baietsi zuen 2020ko apirilaren 24an: Lan-arloko Epaitegiaren epaia baliogabetu zuen, eta Estatuko Zerbitzu Publikoaren ebazpena berretsi zuen.
Aztergai dugun epaian, zuzenbide-azterketa Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 283. artikuluan xedatutakoan oinarritzen da, zeinak arautzen baitu langabezia-prestazioaren eta aldi baterako ezintasunaren arteko lotura.
Aipatutako aginduaren 1. apartatuan, aldi baterako ezintasuneko egoeran dagoen eta egoera horretan lan-kontratua azkentzen zaion langilearen kasua arautzen da, eta bereizten dira kontingentzia arrunten ondoriozko aldi baterako ezintasuna eta kontingentzia profesionalen ondoriozkoa. Bereizketa horrek garrantzia du. Izan ere, gertakari arrunten kasuan, langabezia-prestazioa jasotzeko alditik kenduko da, kontsumitu gisa, lan-kontratua azkentzen den egunetik aurrera aldi baterako ezintasuneko egoeran egon den denbora; eta, bigarren kasuan, kontingentzia profesionalen kasuan, ez da bidezkoa langabezia-prestazioa jasotzeko alditik kentzea kontratua azkendu ondoren aldi baterako ezintasuneko egoeran egon den denbora. Horrenbestez, lege-trataera ezberdina da kontuan hartuta aldi baterako ezintasuna gertakari arruntek eragindakoa den ala kontingentzia profesionalek eragindakoa den.
Aztertutako epaian planteatutako kasuan, ordea, ez da aplikatzekoa Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 283.1 artikuluan xedatutakoa; izan ere, kontratua ez da azkendu langilea aldi baterako ezintasun-egoeran dagoela. Aitzitik, lege-testu beraren 283.2 artikuluan xedatutakora jo behar dugu, zeinak arautzen baitu erabateko langabeziagatiko prestazioa jasotzen ari den eta aldi baterako ezintasun-egoerara igarotzen den langilearen kasua, hori baita errekurritutako epaian gertatzen den kasua.
Horretan, legegilearen konponbidea desberdina da, ez baitu bereizten kontingentzia arrunten eta profesionalen artean; horren ordez, bereizten ditu, batetik, lan-kontratu baten indarraldian hasitako aurreko prozesu baten berriz gaixotzea den kasua eta, bestetik, lan-kontratu baten indarraldian hasitako aurreko prozesu baten berriz gaixotzea ez den kasua.
Ezberdintasuna hau da: lehenengo kasuan, langabezia-prestaziorako hasieran ezarritako iraupen-aldia amaitu ondoren langileak aldi baterako ezintasun-egoeran jarraitzen badu, lehen jasotzen ari zen zenbateko berean jarraituko du jasotzen aldi baterako ezintasuneko prestazioa; berriz gaixotzea ez bada, ordea, hileko eragin anitzeko errenten adierazle publikoaren % 80ko zenbatekoan jarraituko du jasotzen aldi baterako ezintasuneko prestazioa.
Baina epaian honako gai hau eztabaidatzen da, aldi baterako ezintasuna aurreko prozesuaren berriz gaixotze bat izan zein ez: “langabezia-prestazioa jasotzeko aldia ez da luzatuko langilea aldi baterako ezintasun-egoerara igarotzeagatik (Gizarte-Segurantzaren Lege Orokorraren 283.2 artikuluaren hirugarren paragrafoa)”, eta artikulu hori da aztertutako kasuari aplikatzekoa.
Epaian, txostengileak nabarmentzen du legegileak “Gizarte Segurantzaren prestazioek langabezia-prestazioan duten eraginari buruzko erregulazio bereiziak” sartu dituela, eta bestelako irizpidea izan duela lege-testu bereko 284. artikuluan, zeinak aipatzen baititu langabezia-, amatasun- eta aitatasun-prestazioak. Artikulu horretan, irizpidea mesedegarriagoa da; izan ere, kontratua azkentzen denean, ez da deskontatzen langabezia-prestazioa jasotzeko alditik langilea amatasun- edo aitatasun-egoeran egon den aldia, eta, langilea erabateko langabezia-prestazioa jasotzen ari bada eta amatasun- edo aitatasun-egoerara igarotzen bada, kasu horretan ere langabezia-prestazioa eteten zaio, eta, amatasun- edo aitatasun-prestazioa azkendu ondoren, langabezia-prestazioak jarraitzen du berriro, jasotzeke zegoen iraupenarekin eta etetearen unean zegokion zenbatekoarekin.
Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 283.2 artikuluaren hirugarren paragrafoak xedatutakoak 283.1 artikuluaren hirugarren paragrafoan xedatutakoaz eta 284. artikuluan xedatutakoaz bestelako aurreikuspen bat sartu du. Aztergai den kasuan, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 283.2 artikuluan xedatutakoa da aplikatzekoa, eta, horrenbestez, langabezia-prestazioa jasotzeko aldia ez da luzatuko langilea aldi baterako ezintasun-egoerara igarotzeagatik. Prestazioa arautzen duen arauaren hitzez hitzeko interpretazio hori aplikatu da epaian, eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren irizpidea berretsi da.
Cristina Cearra Guezuraga
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua
