sentencia
Itzuli

Mutualex epaia 2024ko Urtarrila

Galiziako Justizia Auzitegi Nagusiak aintzatetsi du etxeko langile baten langabezia kobratzeko eskubidea, legediak baimentzen ez zuenean eskatu zuen arren

mazoa

Galiziako Justizia Auzitegi Nagusiko Arlo Sozialeko Salak (TSXG) epai bat eman du 2023ko urriaren 10ean, berritzailea Espainian, zeinean etxe-langile bati aitortu baitio kontribuzio-langabeziagatiko prestazioak jasotzeko eskubidea duela 16/2022 Errege Lege Dekretua (16/2022 ELD), etxeko langileen lan-baldintzak eta Gizarte Segurantzaren arlokoak hobetzekoa, indarrean sartu aurretik.

Langabeziako subsidioa eskatu zuenean, ukatu egin zitzaion, ez baitzen aurreikusten etxeko langileentzat. Izan ere, 2022ko irailaren 9an sartu zen indarrean 16/2022 ELD.

Aztertzen ari garen gertaeran, langilea Etxeko Langileentzako Sistema Bereziko kide zen 2022/08/04 arte; egun horretan kaleratu zuten, eta 2.361 egun kotizatu zituen araubide horretan, eta 2 egun Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean (GSAO). 2022/09/07an langabeziagatiko subsidioa eskatu zuen, eta ukatu egin zitzaion, ez baitzen aurreikusten etxeko langileentzat, 16/2022 ELD 2022/09/09an sartu baitzen indarrean, eta auzi-jartzaileak ez zuelako kotizazio nahikorik kontingentzia horri dagokionez GSAOn; ez ziren eztabaidatu legezko langabezia-egoeran zegoela jotzeko gainerako eskakizunak [Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 267.1.a).8 artikulua].

Alderdi garrantzitsuak eta epaimahaiaren ebazpena laburbilduko ditugu:

  • 2022ko irailaren aurretiko araudiak ez du kotizaziorik eta langabeziagatiko prestazioak kobratzerik aurreikusten sistema berezi horretara atxikitako pertsonentzat.
  • Etxeko langileen kolektiboa oso feminizatuta dago (emakumeak dira guztizkoaren % 95,53). Horregatik, kontu berezia izan behar da erabakiak hartzeko garaian.
  • 2022/02/24an Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaia eman zen, Justizia Kontseilua GSDNren aurka. Epai horretan ulertu zen gizarte-segurantzaren alorrean gizon eta emakumeen arteko tratu-berdintasunaren printzipioa progresiboki aplikatzeari buruzko Kontseiluaren 1978ko abenduaren 19ko 79/7/CEE Direktibaren 4. artikuluaren 1. apartatua honela interpretatu behar dela: aurka egiten diola Gizarte Segurantzako legezko araubide baten arabera etxeko langileei emandako Gizarte Segurantzako langabeziagatiko prestazioak Gizarte Segurantzaren langabeziagatiko prestazioetatik kanpo uzten dituen xedapen nazional bati, xedapen horrek emakumezko langileak desabantailan uzten dituen neurrian gizonezko langileei dagokienez, eta faktore objektiboek eta sexuaren ondoriozko diskriminazio-arrazoiez bestelako faktoreek arrazoitzen ez badute. Lege-aldaketa bat ekarri zuen horrek.
  • Araubide berri horrek, zeina 16/2022 ELDren bide onetsi baitzen, diskriminazio hori baztertu du hura indarrean sartzen denetik sortutako prestazioetan, eta lehengo egoera berean uzten ditu aurretiaz sortutako balizko prestazioak.
  • Araudia genero-ikuspegiarekin interpretatuta eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren jurisprudentziatik eratorriko betebeharra kontuan hartuta, nahitaezkoa da sistema berezi horretara atxikitako langileak babestea, baldin eta araubide berriaren aurretik galdu badute beren enplegua eta babesik gabe badaude.

Horregatik guztiagatik, TSXGk aitortu du langileak langabeziagatiko prestazioa jasotzeko eskubidea duela, kotizatu ez duen arren (legezko ezintasun diskriminatzailearen ondorioz). Auzitegiak gogora ekarri du antzeko irizpide bat erabili dela 52 urtetik gorakoentzako langabeziagatiko subsidioa eskatzen duten etxeko langileei dagokienez (Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren 2022/03/16ko R. 5506/21 epaia eta Aragoiko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2023/06/12ko R. 200/23 epaia); aztertzen ari garen kasuan aintzatetsitako prestazioaz (langabeziagatiko kontribuzio-prestazioa) bestelakoak dira, baina araudiari dagokion diskriminazio bera dute sakonean.

Auzitegiak prestaziorako zenbateko likido bat zehazteko aukerarik eza ez da oztopoa prestazioa aitortzeko, “kontuan hartuta ez dela izan kotizaziorik Etxeko Langileentzako Sistema Berezian izan den diskriminazio iraunkorraren ondorioz“, eta ezarri da “lortu ahal izango d[el]a 16/2022 ELDk aldatutako ETren hamaseigarren xedapen iragankorrean jasotako eskalak oinarri hartuta kalkulu aktuario bat eginda, bai 2022aren aurretik, bai ondoren; kontuan hartu beharko dira langileak jasotako soldata, sistemari egindako kotizazioen oinarriak eta aplikatu beharreko tasak, ELDren bigarren xedapen iragankorrean adierazitakoa betez”.

Susana Castaños del Molino


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

Lotutako berriak