sentencia
Itzuli

Mutualex epaia 2024ko Uztaila

AUZITEGI GORENEKO LAN ARLOKO SALAREN 2878/2024 EPAIA, MAIATZAREN 22KOA.

TXOSTENGILEA: IGNACIO GARCÍA-PERROTE ESCARTÍN

mazoa

Enpresa batek Balearretako Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salaren 286/2021 Epaiaren —uztailaren 21ekoa— aurka jarritako doktrina bateratzeko kasazio-errekurtso bat baietsi du Salak; epai horren bidez, langile baten alargunak Menorcako Lan Arloko 1 zk.-ko Epaitegiaren 160/20 Epaiari —abenduaren 10ekoa; haren bidez, langilearen heriotza lan-istripuaren kontingentzian barne hartzeko eskatzeko jarritako hasierako demanda ezetsi zen— erantzunez formulatutako erregutze-errekurtsoa baietsi zen.

Eztabaidagaia da zehaztea lantokiko aldageletan, fitxatu aurretik eta laneko txanda hasi aurretik, izandako bihotzekoa lan-istriputzat jo behar den ala ez.

Labur-labur, gertaera azalduko dugu: Langilearen lan-ordutegia 8:00etan hasten zen; aldagelan zegoen 7:50 inguruan, segurtasun-botak jantzita (NBEak jantzita), eta bihotz-biriken geldialdia izan zuen; horren ondorioz, hil egin zen.

Adierazi dugunez, Balearretako Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salak baietsi egin zuen errekurtsoa, eta langilea lan-istripuaren ondorioz hil zela jo zuen. Ebazpen horretan, Auzitegi Gorenaren 2012/09/18ko epai bat aipatzen da (doktrina bateratzeko 1996/99 kasazio-errekurtsoa); haren arabera, laneko denborak zehazteko faktore erabakigarria da, fitxatzea baino gehiago, langilea aldagelan egotea norbera babesteko ekipamenduak erabiltzea nahitaezkoa zelako. Hau da, langileak segurtasun-botak jantzita bazeuzkan, esan nahi du zerbitzuak emateko nahitaezko jarduera bat egiten ari zela.

Hala ere, orain Salak iritzi dio bihotzekoa fitxatu aurretik eta lanaldia hasi aurretik gertatu bada, aldageletan eta segurtasun-botak jantzita izanda ere, ezin dela lan-istriputzat jo, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 156.3 artikuluan zehazten denez.

Laburbilduz, doktrina egokia kontraste-epaikoa dela jotzen du; zehazki, Auzitegi Gorenaren 2006/07/14ko epaiak (doktrina bateratzeko 787/05 kasazio-errekurtsoa), haren arabera istripuak lanekotzat jotzeko, GSLOren 156.3 artikuluan jasotakoaren arabera, ez baita nahikoa langilea enpresako aldageletan egotea gertaeraren (kasu honetan, bihotzekoa) unean, dagokigun kasuan gertatu zen moduan. Izan ere, “lan-denbora” legezko terminoak esanahi zehatzagoa du, Langileen Estatutuaren 34.5 artikuluan jasotakoaren arabera: langileak bere lanpostuan egon behar du, eta jotzen da jardueraren bat edo ahaleginen bat —fisikoa edo intelektuala— egiten hasia dela. Modu horretan, gertaera errazago lotzen zaio lanari, eta kasu horretan bai, aplikatuko litzateke lan-presuntzioa.

Jon Careaga  


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua 

Lotutako berriak