sentencia
Itzuli

Mutualex epaia 2025ko Azaroa

AUZITEGI GORENAREN 298/2025 EPAIA, LAN ARLOKO SALARENA (634/2023 ERREK.), 2025EKO APIRILAREN 8KOA 

mazoa

Aztertuko dugun epaian, Auzitegi Gorenak gure auzitegietan nahiko eztabaidagarria den gai bat argitzen du, ezartzen baitu zein egunetan hasten den zenbatzen Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 53.1 artikuluan ezarritako hiru hilabeteko atzeraeragin-epea, kasu hauetan: prestazioa jasotzen hasi ondoren judizialki aitortutako egitate berrien ondorioz, aldi baterako ezintasun-prestazioan diferentziak erreklamatzen direnean. 

Zehazki, Auzitegi Gorenak ebatzitako kasuan, lanaldi partzialeko kontratuen bidez zerbitzu ematen aritu zen langile baten kasua aztertzen da, zeina, benetan, lanaldi osoan aritu baitzen lanean. Gaixotasun profesionalagatiko aldi baterako ezintasuneko (ABE) prozesu bat hasi zuen, eta, ondoren, lan-arloko epaitegiak, kontratua azkentzeari, kaleratzeari eta zenbatekoari buruzko prozeduraren gainean emandako epaian, zehaztu zuen egiaztatuta geratu zela zerbitzuak lanaldi osoan eman zituela, eta, ondorioz, berretsi zen enpresak behar baino kotizazio txikiagoa ordaindu zuela.  

Langilearen benetako lanaldia eta enpresak behar baino kotizazio txikiagoa ordaindu zuela egiaztatu zituen lan-arloko epaitegiaren epaian oinarrituta, aipatutako langileak Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den mutualitateari eskatu zion ABEaren oinarri arautzailea berrikusteko eta behar baino kotizazio txikiago horren aitorpenaren ondorioz sortutako diferentziak ordaintzeko. Mutualitateak ezetsi egin zuen langilearen eskaera, iritzita berrikuspena hiru hilabeteko gehieneko atzeraeraginera mugatu behar zela, berrikuspena eskatzen den egunetik hasita, GSLOren 53.1 artikuluaren arabera, eta ez zela bidezkoa ondorio ekonomikoak prestazioaren hasierako egunera arte luzatzea. 

Langileak demanda jarri zuen mutualitatearen aurka, eta lan-arloko epaitegiak demanda partzialki baiestea erabaki zuen. Epai horri erregutze-errekurtsoa jarrita, langilearen eskaerak erabat onartu ziren. Hala, erregutze-errekurtsoa ebazteko epaiak ondorioztatu zuen langileak aldi baterako ezintasunaren berrikuspena 3 hilabeteko epearen barnean eskatu zuela —oinarri arautzaile handiagoa (behar baino kotizazio txikiagoa dela eta) finkatzeko baldintzak ezartzen dituen epaiaren datatik hasita—, eta, beraz, ABEaren ondorio ekonomikoak hasierako unera atzeratu behar zirela, egitate berriak aintzat hartuta, oinarri arautzaile berria ordutik aurrera aplikatu behar zelako, hau da, gaixotasun profesionalagatiko bajaren datatik aurrera. Onuradunak epai hori baino 3 hilabete geroago egin izan balu erreklamazioa, orduan bai, ondorioak eskaera egin aurreko 3 hilabeteetara soilik atzeratuko lirateke. 

Horren aurrean, doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa formalizatu zen. Kontraste-epai gisa Valentziako Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko lan-arloko salak emandako epai bat aurkeztu zen, zeinak eztabaida bera planteatzen baitu eta errekurritutako epaiaz bestelako epai bat ematen baitu. Horrela, kontraste-epaiak ezarri zuen berrikuspen-eskaeraren aurreko hiru hilabeteetatik aurrera izan behar zituela ondorioak oinarri arautzaile berriak, eta ez ABEagatiko bajatik aurrera, errekurritutako epaiak adierazten duen bezala.  

Bada, aztertzen ari garen epaian, Auzitegi Gorena GSLOren 53.1 artikuluaren edukiari dagokionez garrantzi handikoa den azalpen bat eginez hasten da: adierazten du manuan bi xedapen bereiz daudela. Lehenengoak Gizarte Segurantzaren prestazioak aitortzeko eskubidearen preskripzioa zehazten du; hain zuzen, bost urteko preskripzio-epea finkatzen du —preskribaezintasuneko salbuespenezko kasuetan izan ezik—. Epe horretan, aitortu ez zaion prestazio baten onuradunak prestazioa aitortzeko eska dezake. Bigarrenean, berriz, jada aitortuta dagoen prestazio baten ondorio ekonomikoak arautzen dira, berrikuspen-eskaera baten ondorioz zenbatekoari eragiten zaionean. Bigarren kasu horretan, xedatzen da ondorio ekonomikoek gehienez hiru hilabeteko atzeraeragina izango dutela eskaera aurkezten den egunetik aurrera. Horrek esan nahi du berrikuspena egiteko eskatzen duen prestazio aitortu baten titularrak ez duela inolako denbora-mugarik zenbatekoa aldatzeko eskaera egiteko, baina berrikuspen horren ondorio ekonomikoek, berriz, hiru hilabeteko atzeraeragina baino ez dutela izango. 

Ebazten duen kasuan, Auzitegiak adierazten du sortutako eztabaida zehatza, erabaki judizial desberdinak eman direna, hau dela: jada aitortuta dagoen ABEko prestazio baten zenbatekoaren berrikuspenaren ondorio ekonomikoak, aitorpen horren ondoren gertatutako egitate baten ondorioz egiten denean berrikuspen-eskaera. Auzitegiak zehazten duenaren arabera, kasu horietan, hiru hilabeteko epea zenbatzen hasteko eguna da jada aitortuta dagoen prestazioaren berrikuspena eragiten duen egitate berria gertatzen den eguna. Hau da, egitate berri hori gertatzen den egunetik aurrera, prestazioaren onuradunak hiru hilabete izango ditu aitortutako oinarri arautzailea berrikusteko eskatzeko. Kasu horretan, ondorio ekonomikoek hasierako unera egingo lukete atzera, alegia, datu berrien arabera, oinarri arautzaile berria aplikatu behar zen unera.  

Epaian sortutako eztabaida ebaztean, kasu zehatz honetan, Auzitegiak adierazi du berrikuspen-eskaeraren arrazoia dela behar baino kotizazio txikiagoa ordaindu izana luzaroan, eta hori, zalantzarik gabe, egitate berri gisa kalifikatu daitekeela. Hala, behar baino kotizazio txikiagoa ordaindu izana prestazioa sortu aurretik gertatu arren, aitortza judizialetik aurrera soilik izan zitzakeen ondorioak, ordura arte, ezbaian zen auzi juridikoa baizik ez baitzen. Jujeak onartzen du onuradunak pentsa zezakeela ABEagatiko sorospen handiagoa merezi zuela, baina nabarmentzen du langileak ez zuela zertan jakin nola kalkulatzen zen ABEagatiko sorospenaren oinarri arautzailea, eta adierazten du ABEa hasi ondoren emandako epai judizialak berretsi zituela haren susmoak, eta, aldi berean, lehenago segur aski ez zuen froga-elementu gisa balio izan ziola. 

 

Ildo horretan, Auzitegiak ondorioztatzen du ez zela arrazoizkoa langileari eskatzea ABEa onartu eta berehala erreklamazioa egiteko, eta zerbitzu ematen lanaldi osoz —ez lanaldi partzialean— aritu zela judizialki aitortu zen arte ez zuela aukerarik izan prestazioaren zenbateko zuzena erreklamatzeko. Hain zuzen, egokiro egin zuen hori aitortza judizialaren ondoren, hiru hilabeteko epearen barruan, egitate berria zehaztu zenetik hasita. Horrenbestez, jujeak ez du zalantzarik batere: erreklamazio horren ondorioak prestazioa onartu zen unera arte atzeratu behar dira. 

 

Horregatik, Auzitegi Gorenak ezetsi egiten du mutualitateak jarritako errekurtsoa, eta, ondorioz, aztertutako epaiak argitzen du prestazioaren hasierako egunera arte luzatu behar dela ondorio ekonomikoen atzeraeragina, baldin eta, prestazioa hasi ondoren eta judizialki aitortutako egitate berrien ondorioz, ABEko prestazioak berrikusi beharra badago, eta berrikusteko eskaera hiru hilabeteko legezko epearen barruan egiten bada, egitate berria aitortzen denetik zenbatzen hasita. Era horretan, arau orokorretik desberdintzen da; izan ere, haren arabera, eskaera egin baino hiru hilabete lehenagora mugatzen da atzeraeragina. 

 


Andrea Fernández Pérez 


Mutualiako Lege-aholkularitzako lege-teknikaria      

Lotutako berriak