sentencia
Itzuli

Mutualex epaia 2025ko Iraila

Auzitegi goreneko gizarte-arloko salaren epaia (3993/2024 doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa), 2025eko uztailaren 16koa 

mazoa

Aztertutako epaian planteatzen den gaia honako hau da: enpresak diziplinazko kaleratzea jakinarazi dio langileari. Langileak demanda jarri du, eta eskatu kaleratzea bidegabea dela aitortzeko. Gainera, 5.410,36 euroko kalte-ordain osagarria eskatu du lortu gabeko irabaziengatik. Auzialdian, bai kaleratzea bidegabea izan dela bai kalte-ordain osagarria ematea baietsi dira. Enpresak erregutze-errekurtsoa jarri du Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusian, eta azken horrek errekurtsoa baietsi du kalte-ordain osagarriari dagokionez, eta erabaki hori ezeztatu. Langileak doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa formalizatu du, honako hauek aplikatuta: Langileen Estatutuaren 56. artikulua, Nazioarteko Lan Erakundearen 158. hitzarmenaren 10. artikulua eta Europako Gutun Sozialaren 24. artikulua. 

Hau da, eztabaidaren ardatza da erabakitzea ea, langile bat kaleratzen badute eta kaleratze hori bidegabea dela deklaratzen badute, langile horrek kalte-ordain osagarria jasotzeko eskubidea duen edo ez aipatu araudia aplikatuta. 

Auzitegi Gorenak ondorioztatu du Langileen Estatutuaren 56.1 artikuluko kalte-ordain tasatua (33 egun lan egindako urte bakoitzeko, 24 hileko ordainketa arte) bidegabeko kaleratzea dela-eta judizialki egin daitekeen konpentsazio bakarra dela. Auzitegi Gorenaren aburuz, Nazioarteko Lan Erakundearen 158. hitzarmenaren 10. artikuluak eta berrikusitako Europako Gutun Sozialeko 24. artikuluak behar bezalako kalte-ordaina jasotzeko eskubidea aitortzen dute: «Gure legeriak ez du kalte-ordain librerik ezarri enplegua justifikaziorik gabe galdu izana konpentsatzeko. Dagoeneko tasatuta dagoenak eskaini izan die langile guztiei segurtasun juridikoa eta uniformetasuna. Hain zuzen ere, enplegu bera galduz gero, ordain bera jasotzen dute, jasandako kalte-ordain zehatzak egiaztatu beharrik gabe». 

«Azken batean, orain interesatzen zaigun horretara etorrita, Nazioarteko Lan Erakundearen 158. hitzarmenaren 10. artikulu horretatik ondorioztatzen da barne-legediek zehaztu dezaketela behar bezalako kalte-ordaina, eta diseinu hori hainbat faktoretan oinarrituta egin ahal izango dutela, eta, are gehiago, aurreikuspen espezifikoak egin ahal izango dituztela eskubide bereziak arriskuan jartzen dituzten egoerei aurrean. Bada, horixe egin du legegile nazionalak Langileen Estatutuaren 56.1 artikuluan, oro har, eta Gizarte-arloko Jurisdikzioa arautzen duen Legearen 182.1.d) eta 183. artikuluetan, kaleratzeak oinarrizko eskubideak edo askatasun publikoak urratzen dituenean». 

Hain zuzen ere, Auzitegi Gorenak adierazi duenez, gure ordenamendu juridikoan (Langileen Estatutuaren 56.1 artikulua) tasatutako kalte-ordaina «ezin da esan nazioarteko xedapenetik kanpo dagoenik —egokia dela bakarrik adierazten du—; aitzitik, “modu objektiboan tasatuta” dago, esan izan dugun bezala». 

Gizarte Eskubideen Europako Komitearen erabakiak ez dira betearazleak, eta ez zaizkie zuzenean aplikatzen partikularrei. 

Legea aplikatzean segurtasun juridikoari eta berdintasunari eusteko beharra justifikatzen da, eta Langileen Estatutuan aurreikusi gabeko egoera indibidualetan oinarritutako «nahierako» kalte-ordainak saihestu. Horregatik, Auzitegi Gorenak, martxoaren 29ko 270/2022 Epaian bezala (2142/2020 Doktrina Bateratzeko Kasazio-errekurtsoa), zera aldarrikatzen du: «Barne-araua alboratu eta nazioartekoa hartu eta, horrela, konbentzionaltasun-kontrola baliatzea nazioarteko arauak argitasuna eta ziurtasuna eskaintzen dituen kasuetan bakarrik egin behar da, segurtasun juridikorik eza saihestuz». Hori ez da prozedura honetan gertatzen dena. 

Ondorioz, Auzitegi Gorenak errefusatu egin du langileak Langileen Estatutuaren 56.1 artikuluan ezarritako kalte-ordain osagarria jasotzeko eskubidea izatea, legegileak edo negoziazio kolektiboak erreforma egin ezean. 

Epai horrek bi boto partikular ditu. Lehenengoaren arabera, ez zen onartu behar doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa, prozedura honetako egitateak eta alderatzeko aukeratutako epaikoak desberdinak direlako. Hala ere, adierazten du eman daitekeela bidegabeko kaleratzea dela-eta dagokion kalte-ordainaz gain beste kalte-ordain bat ere, betiere aparteko kaltea badago. Adierazten du, halaber, bidegabeko kaleratzeetarako tasatutako kalte-ordaina aldatzea legegintza-ekinbidea beraien funtzioen artean duten Estatuko organoei dagokiela, eta, jakina, legegintza-ahalmena dutenei. 

Bigarren boto partikularraren arabera, zuzenean aplika daiteke Europako Gutun Sozialaren 24. artikulua, eta, beraz, Langileen Estatutuaren 56. artikuluan ezarritako kalte-ordain tasatuaz gain, aukera dagoela kalte-ordain osagarri bat ordaintzeko, kasu jakin batzuetan salbuespen gisa ager daitezkeen eta normalean enplegua galtzeari egozten zaion kaltetik harago doazen beste kalte-galera batzuk konpentsatzeko. 

Doktrina bateratzeko epai bat hizpide badugu ere, gizarte- eta lan-testuingurua dela-eta eta aipatutako boto partikularrak direla-eta —islatzen dute Auzitegi Goreneko magistratuek interpretazio juridiko ezberdinak egiten dituztela, gizartean bertan ere gertatzen den bezala—, ziurrenik errekurtso gehiago formalizatuko dira eta jurisprudentzia aldatuko den ala ez egiaztatu beharko da. 

Jesús Escartín Azlor 

Mutualiako aholkularitza juridikoko letradua  

Lotutako berriak