AUZITEGI GORENEKO LAN ARLOKO SALAK 2025EKO MARTXOAREN 11N EMANDAKO 182/2025 EPAIA (2115/2023 ERREKURTSOA)

Epai horretan planteatzen den eztabaida da ea posible den alargun-pentsioa aitortzea banantze-kasu batean, non ezkontideak banantze judizialaren ondoren adiskidetu egin baitziren, baina Epaitegiari adiskidetze horren berri eman gabe.
Auzitegi Gorenaren epaiak ebazten duena aztertu aurretik, komeni da prozeduran zehar eman ziren ebazpen judizialak aipatzea:
- Madrilgo Lan Arloko 11 zenbakiko Epaitegiak 2022ko uztailaren 28an emandako epaiaren bidez, ezetsi egin zen alargun-prestazioa erreklamatzeko aurkeztu zen demanda. Hona hemen frogatutako egitate aipagarriak:
- Demandatzailea 1998an ezkondu zen.
- Navalcarneroko Lehen Auzialdiko 2 zenbakiko Epaitegiaren 2012ko urriaren 15eko epaiaren bidez, ezkontideen arteko banantzea deklaratu zen.
- Madrilgo Udalak emandako errolda-agiri kolektiboan jasota dago demandatzailea eta haren senarra etxebizitza berean daudela inskribatuta.
- 2020ko martxoaren 8an, hil egin zen demandatzailearen senarra zena.
- Demandatzaileak alargun-prestazioa eskatu zuen, eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak (GSIN) prestazioa jasotzeko eskubidea aitortu zion. Alabaina, aitortutako prestazioaren berrikuspenaren ondorioz, GSINek banantze judizialaren epaiaren berri izan zuen, eta ondorioztatu zuen ezen demandatzaileak ez zituela betetzen prestaziorako eskubidea izateko baldintzak. Hala, 2020ko urriaren 14an kasuan kasuko ebazpena eman zuen, eta, haren bidez, bidegabe jasotako zenbatekoak itzultzeko betebeharra ezarri zion demandatzaileari.
- Madrilgo Auzitegi Goreneko Lan Arloko Salak 2023ko martxoaren 9an emandako epaiaren bidez, erabaki zen Lan Arloko Epaitegiaren epaia baliogabetzea, eta demandatzaileari alargun-pentsioa aitortzea. Horretarako, Auzitegiak oinarri hartu zuen demandatzailearen eta kausatzailearen arteko banantze judizialaren ondoren berriro ekin zitzaiola ezkontideen arteko izatezko bizikidetzari.
Auzitegiaren arabera, izatezko bikoteen alargun-pentsioa arautzen duen Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 221.1 artikuluko eskakizun guztiak betetzen ziren, eta kausatzaileari eta onuradunari ezin zitzaien galdegin izatezko bikoteen erregistro autonomikoan inskribatzeko; izan ere, senar-emazte gisa erregistratuta zeuden jada, eta ezin ziren berriro erregistratu, izatezko bikoteen erregistroak ezin baitira formalizatu senar-emazteentzat .
- Madrilgo Auzitegi Gorenaren epai horren aurka kasazio-errekurtsoa jarri zen. Errekurtso hori Auzitegi Goreneko Lan Arloko Salak ebatzi zuen, aztergai dugun 2025eko martxoaren 11ko epaiaren bidez.
Auzitegi Gorenak kasu honetan adierazi du kontuan hartu behar dela ezkontideen adiskidetzea Kode Zibilaren 84. artikuluan dagoela araututa. Artikulu horrek xedatutakoari jarraikiz, “adiskidetzeak amaiera ematen dio banantze-prozedurari, eta gerogarreneko ondorerik gabe uzten du prozedura horretan erabakitakoa; baina bi ezkontideek, bakoitzak bere aldetik, adiskidetze horren berri eman beharko diote auzia erabakitzen ari den edo erabaki duen epaileari“.
Aipatutako auzi hori ebazteko, Auzitegiak hizpidera ekarri du jurisprudentzia-doktrinak behin eta berriz xedatutakoa. Doktrina horren arabera, ezkontideen arteko banantzeak, hura agindu duen erabaki judizialak bere horretan dirauen bitartean, ondorio jakin batzuk sortzen ditu legez, eta ondorio horien artean hau da funtsezkoena: eten egiten dela ezkontideen arteko elkarbizitza. Hori dela eta, ezkontideen arteko banantze-egoerak bere horretan irauten duen bitartean eta ebazpen judizial berri baten bidez egoera hori aldatzen ez den bitartean, legez ez dago ezkontideen arteko elkarbizitzarik, egitatez gauzatzen bada ere.
Auzitegi Gorenak xedatzen duenez, judizialki banandutako ezkontideen adiskidetzeak ondoreak izan ditzan alargun-pentsioaren aitorpenean, beharrezkoa da Kode Zibilaren 84. artikuluak galdegiten duen jakinarazpen judiziala egitea; izan ere, jakinarazpen hori egin ezean, elkarbizitzaren egitatezko berrekite batean aurrean geundeke, eta horrek, ezkontideen artean ondoreak izan ditzakeen arren, ez du zertan ondore horiek izan hirugarrenen aurrean, —eta Gizarte Segurantzaren Erakunde Kudeatzailea, jakina, hirugarren bat da kasu honetan—.
Ildo horretan, Auzitegi Gorenak xedatzen du lau kasu desberdinek ahalbidetzen dutela alargun-pentsioaren sortzapena —kasu bakoitzak bere baldintzak ditu—, eta hauek dira horietako bi:
- Banantze judiziala edo dibortzioa. Konpentsazio-pentsioaren jasotzailea izatea edo genero-indarkeriaren biktima izatea eskatzen da (GSLOren 220. artikuluaren 1. eta 2. apartatuak).
- Egungo izatezko bikotea edo izatezko bikote historikoa. Besteak beste, berariazko erregistroren batean inskribatu izatea eskatzen da (GSLOren 221. art.).
Kasu honetan, Auzitegi Gorenak nabarmendu du agintaritza judizialari ez zitzaiola jakinarazi kausatzailearen eta demandatzailearen adiskidetzea, eta legez banandutako ezkontideak zirela; beraz, demandatzaileak alargun-pentsioa jasotzeko eskubidea izan dezan, GSLOren 220. artikuluko baldintzak bete behar dira, (artikulu horrek arautzen du banantze-, dibortzio- edo ezkontzaren deuseztasun-kasuetako alargun-pentsioa), eta ez GSLOren 221.1 artikuluko betekizunak. Izan ere, 221.1 artikuluak izatezko bikoteen alargun-pentsioa arautzen du, eta, pentsio hori jaso ahal izateko, bikoteak berariazko erregistroren batean inskribatua egon behar duela xedatzen du. Hizpide dugun kasu honetan, demandatzaileak ez du baldintza hori betetzen.
Beraz, aplikatu beharreko araua GSLOren 220. artikulua denez, Auzitegi Gorenak xedatu du ezen, arau horri jarraikiz, judizialki banandutako pertsonak Kode Zibilaren 97. artikuluko konpentsazio-pentsioaren hartzekodun izan behar dutela edo onuradunak genero-indarkeriaren biktima izan behar duela, baina aztergai dugun kasu zehatz honetan ez direla betetzen baldintza horiek, eta, horrenbestez, demandatzaileak ez duela alargun-pentsioa jasotzeko eskubiderik.
Jesús María Vicente Cuadrado
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua
