sentencia
Itzuli

Mutualex epaia 2025ko Martxoa

Auzitegi gorenaren epaia, 2025eko otsailaren 3koa (doktrina bateratzeko 85/2025 kasazio-errekurtsoa)

mazoa

Errekurtso honetan galdera hau planteatzen da: lan-istriputzat jo daitekeen miokardio-infartu batetik eratorritako aldi baterako ezintasuna. Langileak aurreko igandean min zentrotorazikoa izan zuen, eta osasun-etxera joan zen; han adierazi zioten ospitalera joan behar zuela, baina ez zen joan. Gainera, ez zen jasota geratu hurrengo egunean laneko orduetan eta tokian inolako ohiz kanpoko ahaleginik egin behar zuenik.  

Langilea besteren konturako igeltseroa zen. Astelehenean, lanean hasi zenean, gaizki sentitu zen; ospitaleko larrialdi-zerbitzura eraman zuten, eta miokardio-infartua diagnostikatu zioten. Aurreko egunean (igandea), langileak min zentrotoraziko arina izan zuen —opresioa sentitzen zuen— egun osoan, irradiaziorik eta goragale eta izerdi hotzik gabe. Osasun-etxean izan zen, non esan baitzioten ospitalera joan behar zuela, osasun-langileekin batera, baina ez zuen halakorik egin.  

  

Asteleheneko lanaldia hastean, materiala prestatu zuen eta igeltsero-ofizialari lagundu zion alikatatzen eta morteroa jartzen. 

Aurreko urtean stent bat jarri zioten. 

  

Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak (GSIN) lan-istriputik eratorritako aldi baterako ezintasunaren prozesua aitortu zuen; horren harira, Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduen mutuak demanda bat jarri zuen; Cádizko Lan Arloko Auzitegiaren 2019ko maiatzaren 20ko epaiak demanda hori baietsi zuen eta GSINen ebazpena ezeztatu zuen; gainera, aldi baterako ezintasuna kontingentzia arruntetik eratorria zela aitortu zuen.  

  

Lan Arloko Auzitegiaren epaiak kontuan hartu du langileak egiteko arruntak egiten zituela lanean, eta irizten dio ez zela ohiz kanpoko ahaleginik egin behar egiteko horietan.  

  

Langilea hil egin zen, eta haren alargunak jarraitu zuen prozedurarekin, erregutze-errekurtsoa jarriz Lan Arloko Auzitegiaren Epaiari . Andaluziako Justizia Auzitegi Nagusiak (Sevillan du egoitza), 2022ko otsailaren 14ko epaian, errekurtsoa baietsi zuen, eta epaia ezeztatu, aldi baterako ezintasuna lan-istriputik eratorri zela adieraziz.  

  

Justizia Auzitegi Nagusiak errekurtsoa baietsi zuen arren, ez zuen baietsi egin nahi zen aldaketa faktikoa (frogatutako egitateetan sartzea langilea astelehenean zolarria deskargartzen ari zela), irizten baitio instantziako organoari bakarrik dagokiola frogak batera baloratzea. 

  

Justizia Auzitegi Nagusiaren ustez, errepikatzen den doktrina bati jarraituz, infartua aurreko egunean hasi bazen ere, lanean hasi ondoren areagotu ziren sintomak, eta orduan utzi behar izan zuen laneko jarduna eta ospitalera joan; horrenbestez, ezin da alde batera utzi lanak eragina izan zuela aldez aurretik hasitako krisialdia larriagotzean.  

  

Mutua arduradunak kasazio-errekurtsoa aurkeztu zuen, eta Auzitegi Gorenak, bere epaian, Auzitegi Goreneko Laugarren Aretoaren doktrina zabala berrikusi zuen; baloratu zuenez, ez da ezinbestekoa lesioa egindako lanaren ondoriozkoa izatea, baizik eta lantokian izan behar du, eta lan egitearen ondorioz. Bestalde, adierazi zuen presuntzioa ez dela baztertzekoa langilea lehenagotik gaixorik zegoela egiaztatu delako edo sintomak lanean hasi aurretik agertu zirelako. Ondorio horietarako, baloratzen dena ez da lanaren ekintza lesio kardiakoaren kausa gisa, ez bailitzateke hautemango, lesio horien etiologia komuna dela eta; baloratzen da, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 156.2.f) artikuluaren esparruan, lanaren ekintza krisia eragin duen faktore gisa, krisiak eragiten baitu beharraldi babestua. Eta lanaren ekintza posible horrek bere alde du GSLOren 156.3 artikuluko legezko presuntzioa, eta ezin da baztertu gaixotasuna lehenagotik zetorrela frogatzeagatik bakarrik. Izan ere, hala balitz ere, krisialdia izan behar da kontuan babesaren ondorioetarako, eta ez aldez aurretiko gaitza.  

  

Orain arte erantzun hori eman du behin eta berriz Auzitegi Gorenak, baina kasu honetan erantzuna desberdina da. Izan ere, doktrina hori kontuan hartuta, aztertzen ari garen kasu zehatza baloratu du eta GSLOren 156.4.b) artikuluan xedatutakoa aplikatu du, zeinean esaten baita ez dagoela lan-istriputzat jotzerik istripua izan duen pertsonaren zuhurtziagabetasun ausartegia tartean dela gertatutako istripua. Osasun-zerbitzu publikoan emandako preskripziotik infartua gertatu zen unera igarotako denbora-tarte laburra eta halako gomendio larriaren (ospitalera joatea osasun-langileekin batera) eta krisialdi kardiobaskularra gertatu zen unearen (lan-jarduera hasi eta ordu gutxira) artean lan-ahalegin handiko tarterik ez izatea ere bat datoz aurreikuspen honekin, eta medikuen argibideei kasurik egin gabe lanera joaten den pertsonak arrisku larrian jartzen du bere osasuna; halaber, jokatzeko modu horrekin eta orain arte azaldutakoarekin, epaitegiaren iritziz, GSLOren 156.3 artikuluko presuntzioa are gehiago hutsaltzen da. 

  

Auzitegi Gorenak prozedura honetako gertaerak baloratu ditu; eta, batez ere, adierazitako GSLOren 156.3 artikuluan xedatutako presuntzioak aurkako frogak onartzen dituela. Horregatik, epai honek ez du aldatzen infartua lan-istripu gisa jotzeari buruzko doktrina klasikoa, baina presuntzioaren balioa kasu bakoitzeko gertaerak kontuan hartuta baloratzen da; Auzitegi Gorena hirugarren instantzia gisa aritu da. 

Cristina Cearra Guezuraga 


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua  

Lotutako berriak