EZINTASUN IRAUNKORREKO PENTSIOEN BATERAGARRITASUNARI BURUZ

Auzitegi Gorenaren epaia, 2024ko azaroaren 27koa, 1227/2022 doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoan emana.Txostengilea: Sebastián Moralo Gallego magistratua.
Gai honi buruz ebatzi behar zuen epaiak: zehaztu behar zen ea bateragarriak diren Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean aitortutako ezintasun iraunkorragatiko pentsio berri bat eta langileak zenbait patologiagatik Langile Autonomoen Araubide Berezian (LAAB) deklaratuta zeukan ezintasun iraunkor osoagatiko pentsioa, kontuan hartuta langileak bi araubideetan egindako kotizazioak hartu direla aintzat horietako bat aitortzean.
Gertakariak eta Auzitegi Gorenak ebatzi duen prozedura aztertuko ditugu orain.
Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren (GSIN) 2005eko uztailaren 9ko ebazpenaren bidez, deklaratu zen aipatutako langileak ezintasun iraunkor osoa zuela ile-apaintzaile lanbiderako (bere lanbidea), patologia osteoartikular baten ondorioz. Langilea lanbide horretan zegoen afiliatuta eta alta emanda Langile Autonomoen Araubide Berezian (LAAB). Gehienbat, 1999ko ekainetik 2005eko maiatzera bitarteko LAABeko kotizazioak hartu ziren kontuan, eta 2004ko urtarriletik 2005eko maiatzera bitarteko araubide orokorrekoak.
2007ko otsailaren 16az geroztik, langilea garbitzaile-zerbitzuak ematen hasi zen Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean, eta, 2018ko apirilaren 15ean hasitako aldi baterako ezintasuneko aldi baten ondoren, eskatu zuen ezintasun iraunkorra aitortzeko koadro onkologiko batengatik. Egoera hori ukatu egin zitzaion, GSINen 2020ko urtarrilaren 21eko ebazpenaren bidez eta urte bereko martxoaren 10eko ebazpenaren bidez (aurreko erreklamazio bat ezestekoa).
Langileak demanda jarri ondoren, Valladolideko Lan-arloko 4. zenbakiko Epaitegiak, 2021eko otsailaren 4ko epaian, gaixotasun arruntagatiko ezintasun iraunkor osoa aitortu zion langileari garbitzaile lanbiderako (bere ohiko lanbidea); onartu zuen bateragarria dela LAABen aitortutakoarekin, eta, ezintasun berri horretarako, araubide orokorreko kotizazioak baino ez zituen hartu kontuan.
GSINek erregutze-errekurtsoa jarri zuen; Gaztela eta Leongo Justizia Auzitegi Nagusiko Lan-arloko Salaren 2022ko urtarrilaren 24ko epaiaren bidez, berretsi egin zen Lan-arloko Epaitegiaren epaia, eta erakunde kudeatzaileak doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa formalizatu zuen, zeina aztertzen ari garen epaian ebatzi baita.
Kasazio-errekurtsoan ez zen zalantzan jarri ezintasun iraunkorraren maila, pentsioen bateragarritasuna baizik, eta salatu zen urratu dela Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 163. artikuluan eta apirilaren 12ko 691/1991 Errege Dekretuaren 5. artikuluan xedatutakoa. Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak zioen pentsioak bateraezinak direla LAABeko lehen ezintasun iraunkor osoa aitortzeko araubide horretako kotizazioak ez ezik araubide orokorreko kotizazioak ere gehitu behar izan baitziren.
Kontraste epai gisa aztertu da Galiziako Justizia Auzitegi Nagusiko Lan-arloko Salak 3938/2012 errekurtsoan 2014ko martxoaren 24an emandako epaia.
Auzitegi Gorenak bateragarritzat jo ditu aldi berekoak ez diren kotizazioen ondorioz araubide desberdinetan sortutako ezintasun iraunkorreko pentsioak, baldin eta araubide bakoitzean kotizazioak nahikoak badira pentsio horiek sortzeko.
Auzitegi Gorenak ezetsi egin du GSINen errekurtsoa, eta bi pentsioak bateragarritzat joz ebatziko du planteatutako auzia, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2022ko ekainaren 30eko epaian jasotako doktrina aplikatuz (C-625 gaia, pentsioen bateragarritasunari buruzkoa), uste baitu epai horren parametroen arabera egin behar dela interpretazio egokia.
Horretarako, Gizarte Segurantzaren arloko gizonen eta emakumeen arteko tratu-berdintasunaren printzipioa azpimarratzen da, kasu honetan oso feminizatuta dauden bi lanbideri aitortzen baitzaie ezintasun iraunkor osoa: ile-apaintzailea LAABen eta garbitzailea Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean. Gaitz ezberdinak dira, eta bigarren ezintasun iraunkorra araubide orokorreko kotizazioen arabera aitortu da soilik, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren doktrinarekin bat etorriz. Hala, emakumezko langileek gizonezko langileekiko duten desabantaila-egoeran eragiten duten oztopoak kendu dira, hau da, berriz ere genero-ikuspegia aplikatu da, gure ordenamendu juridiko osoan txertatu behar baita. Interpretazio horretan datza epai honen garrantzia.
Raquel Martínez Balbas
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua