Abenduaren 1ean, jardunaldi profesionala antolatu du Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak Donostian, lan-arloko bide segurtasuna ardatz hartuta.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Lehen Lehendakariorde eta Segurtasuneko Sailburuak inauguratu du ekitaldia. Azaldu duenez, “Euskadin hildako edo larri zauritutako lau trafiko istriputatik bat lan-eremuan gertatzen da”. Eta datu hauek eman ditu: “Aurten, 552 istripu izan dira in itinere edo in mision, eta horietan 11 pertsona hil dira guztira, eta 47 pertsona larri zauritu dira”. 2020. urtean –urte atipikoa pandemiak eragindako mugikortasun murrizketak direla-eta– 568 istripu gertatu ziren, eta horietan 8 pertsona hil eta 52 zauritu ziren. Bide-segurtasunaren arloan sentsibilizazio- eta kontzientziazio-neurriak sustatzeko asmoz, 2018an Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak enpresen kudeaketan integratutako bide-segurtasuneko jardunbide egokien proiektu bat sortu zuen, INNOVABIDE izenekoa, eta Mutualia ere proiektu horretako kide da.
Jardunaldia hiru panel hauetan banatuta egon da:
Lehenengo panela: “Innovabide, kudeaketa eta berrikuntza prozesuen bidez Bide Segurtasunarekin konpromisoa duten euskal enpresen sare estrategikoa”. Hizlari izan dira Fernando Sierra, Euskaliteko zuzendari kudeatzailea; M. del Mar Crespo, Mutualiako prebentzio arduraduna; eta Noemí Revilla, Garlaneko administrazio arduraduna.
Mutualiaren parte-hartzearen barruan, Prebentzio Aholkularitzaren arduradun M. Mar Crespok mutualitate horri lotutako enpresen datuak aipatu ditu, hau da, EAEko langileen % 43 ingururi buruzkoak.
Datu horien artean azpimarratzekoa da, 2020ko datuak kontuan hartu gabe, 2019ko zirkulazioko lan-istripuak guztizkoen % 8 izan zirela, horietatik ia erdiak lanera joateko bidean gertatu zirela, eguneko lehen orduetan, eta istripu horietako gehienak ibilgailuaren kontrola galtzeagatik izan zirela.
Azpimarratu duenez, hala eskatzen duten enpresa elkartuetako pertsonei laguntza ematen zaie mugikortasun eta aholkularitza plan baten bidez, bide segurtasunari buruzko on line prestakuntzaren bidez, aurrez aurreko tailerren bidez, gure webgunean jarritako dokumentazioaren bidez, eta, Biltzarretara joanda, arazo horren berri emanez eta arazoari aurre eginez.
Bigarren panelaren bitartez, enpresa erakundeetako mugikortasun seguruaren ikuspegi europarra landu da. Bertan izan dira Annick Starren, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziaren Proiektu arduraduna; Jennifer Carson, Garraioaren Segurtasunerako Europako Kontseiluaren Proiektuaren arduraduna; eta Rui Ribeiro, Portugalgo Bide Segurtasunerako Agintaritza Nazionaleko presidentea.
Hirugarren panela laneko istripu-tasan eragiten duten kausei eta faktoreei buruzkoa izan da. Hizlari izan dira Aitor Aritzeta, EHUko Psikologiako doktorea eta irakaslea eta Eusko Jaurlaritzaren IN-ITINERE ekimenaren zuzendaria, eta Jesús Monclús, Mapfre Fundazioko Prebentzio eta Bide Segurtasuneko zuzendaria.
Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak eman dio amaiera jardunaldiari. Adierazi duenez, “bideen erabiltzaileen eta erakundeen arteko erantzukizuna da bide-segurtasuna”, eta Innovabide Sarearen proiektua nabarmendu du, euskal erakundeek laneko bide-segurtasunarekin duten benetako konpromisoaren erakusle baita.
