Ikusmen murriztuak pertsona askoren eguneroko bizitza eta gizarte-harremanak baldintzatzen ditu. Retina Euskadi Begisarek (EAEko hiru elkarteak batzen ditu; Retina Araba, Retina Bizkaia eta Retina Gipuzkoa) “Ikusmen murriztua dut” bereizgarriaren komunikazio-kanpaina abiarazi du.
Bereizgarri hori erabiltzearekin lortu nahi da edonork identifika ditzala ikusmen murriztua duten pertsonak, uler dezala beharbada ez direla albo batera mugituko espaloian, laguntza beharko dutela zenbait egitekotan edo haien jokabideak gaizki-ulertuak eragin ditzakeela.

Gainera, Erretinako Distrofia Hereditarioen Nazioarteko Eguna eta Ikusmen Murriztuaren Eguna direla eta, Retina Euskadi Begisarek hainbat ekimen jarri ditu abian, erretina progresiboki kaltetzen duten eritasunen gaineko kontzientziazioa eta sentsibilizazioa zabaltzeko. Eritasun horiek ikusmen-zolitasunaren edo ikuseremuaren galera progresiboa eragiten dute bi begietan, eta, denborarekin, ikusmena murriztea dakarte, harik eta legezko itsutasuna edota erabateko ikusmen-galera eragin arte.
Retina Euskadi Begisarerekin sinatutako lankidetza-akordioa dela medio, Mutualiak babesa adierazi nahi die sentsibilizazio-kanpaina horiei, haien berri emanda. Gure Aniztasun eta Inklusio Planean, lehentasunezko jardun-ildoetako bat da sentsibilizazioa, eta pertsona guztien nortasuna, bakantasuna eta duintasuna aitortu eta defendatzen dituen kultura bultzatzea du xede.
Hala, Mutualiak ikusmen murriztua duten pertsonei ahotsa eta ikusgarritasuna eman nahi die, eta haien ekimenen hedapenean lagundu nahi du, gizartea inklusiboagoa izatea sustatuta.
