Mutualiak era aktiboan parte hartu du Espainiako Kalitate Asistentzialeko Elkartearen (SECA) XLI. kongresuan eta Madrilgo Kalitate Asistentzialeko Elkartearen (AMCA) II. kongresuan. Madrilen izan da urriaren 22tik 24ra bitartean.
Aurten, kalitate asistentzialari buruzko ezagutzen eta esperientzien trukerako topagune horren leloa “Kalitate asistentziala: eraldaketa sanitarioaren oinarria” izan da.
Mutualiak azken urteotako kongresuetan presentzia jarraitua izan du, eta hainbat mahaitan parte hartu du eta hainbat komunikazio aurkeztu ditu, asistentzia sanitarioaren kalitateari buruzko proiektu berriak eta jardunbide egokiak ezagutarazteko.
Miguel Ulibarrena, Mutualiaren Kudeaketa Sanitarioko eta Kanpo Asistentzia Sanitarioko zuzendariak “Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduten mutualitateen benchmarkinga: zentro anitzeko azterketa eta kalitate sanitarioaren estandarrak” mahai-inguruan parte hartu du, eta hitzaldi hau eman: “Mutualiako asistentzia sanitarioa pertsonalizatzea”. Mahaian, halaber, mutualitateen kalitate asistentziala ebaluatzeko kalitate-estandar jakin batzuk proposatu dituzte, eta pazientearen segurtasunari erasan dioten gertaeren intzidentziari buruz mutualitateen multzoan egindako baterako azterketaren emaitzak aurkeztu.
Orobat, bi ahozko komunikazio luze aurkeztu dituzte:
- Susana Urrutia, Mutualiako Ospitaleko farmazialariak“Gertakariak jakinarazteko sisteman jasotako komunikazioen analisia, 2022-2024 aldia” aurkezpena egin du.
- Gemma del Pozo, Mutualiaren Pakea klinikako erizainak “Gure ezagutzak eguneratzen. Elkarlaneko prestakuntza esperientzia bat erizaintzan” komunikazioa aurkeztu du.
Beste atal batean ere izan da zer nabarmendu; esaterako, Mutualiako asistentzia sanitarioan ardaztutako komunikazio laburren aurkezpen hauek:
- Cristina Perucho, mediku errehabilitatzaile eta Mutualiako Asistentzia Sanitarioa Pertsonalizatzeko Batzordeko arduradunak, komunikazio-trebetasunetan prestatzeak asistentziaren pertsonalizazioan duen eraginari buruzko ondorioak azaldu ditu.
- Aymara Ruiz, Mutualiako Kanpo Asistentzia Sanitarioko administrariak osasunaren arloko komunikazio-trebetasunei buruzko online bikaintasun-ikastaroa aurkeztu du.
Mutualiak SECA kongresuan parte-hartzeak areago indartzen du kalitate asistentzialarekin eta pazientearen segurtasunarekin hartutako konpromisoa, haren profesional sanitarioen prestakuntza, ikerketa eta konpromisoari esker.
