2030 Agendaren hamargarren urteurrenean eta Garapen Jasangarriaren Helburuen Egunean, Mutualiak berretsi egin nahi du garapen inklusibo eta jasangarriarekin dugun konpromisoa. Hori dela eta, bat egiten dugu 18. GJH: Kultura- eta hizkuntza-aniztasuna ekimenarekin eta haren helburuarekin: nazioarteko agendan hizkuntza eta kultura guztien presentzia eta aintzatespena bermatzea.
18. GJH eta “Ahots Batuak” ekimena
2030 Agendak, NBEk 2015ean bere egin zuenak, 17 Garapen Jasangarriko Helburu (GJH) ezarri zituen. Hala ere, bere 169 jomugetan ez ziren ia kultura eta hizkuntzak aipatzen. 18. GJHk aintzatespen falta hori estali nahi du, eta aliantza global handi bat sortu, hizkuntzek eta kulturek eraldaketa sozialaren eragile gisa duten funtsezko eginkizuna aitortzeko.
18. GJH ekimena 2017an sortu zen Donostiako EASO Eskola Politeknikoan, eta EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrak bultzatu zuen, Eusko Jaurlaritzaren, EHUren eta hainbat udalen laguntzarekin. Helburu horrek aitortzen du hizkuntza- eta kultura-aniztasuna funtsezko zutabea dela gizarte-kohesioa, ekitatea, ongizatea, berrikuntza eta giza eskubideak gauzatzeko.
Euskadik urrats bat harago egin du, “Ahots Batuak” aurkeztu baitu, Eusko Jaurlaritzak gidatutako aliantza globala, kultura- eta hizkuntza-aniztasuna garapen jasangarriaren erdigunean jartzeko
Mutualiaren konpromisoa
Mutualian hizkuntza- eta kultura-aniztasuna bermatzeko konpromisoa hartzen dugu, eta gure estrategian sartu dugu 18. GJH, helburu zehatzekin:
1. Hizkuntza-komunitateen nortasuna ikusaraztea (18. GJH, 1. jomuga):
Aktiboki lan egitea gure inguruko hizkuntza-komunitateen identitateak ikusarazteko eta indartzeko, euskaratik hasita, pertsonak beren hizkuntzaren bidez ahaldunduz.
2. Hizkuntzen presentzia bermatzea gure zerbitzuetan (18 GJH, 3., 6. eta 7. jomugak):
Gure komunikazioetan, arreta-zerbitzuetan eta, bereziki, osasun-zerbitzuetan aurrera egitea, gure erkidegoko berezko hizkuntzak erabiltzeko aukera bermatzeko, norberaren hizkuntzan aritzea oinarrizko eskubidea dela aitortuta.
3. Eredu elebidunak eta eleaniztunak bultzatzea (18. GJH, 4. jomuga):
Gutxienez bi hizkuntzaren erabilera praktikoa bermatuko duten ereduak sustatzea, kalitatezko erakunde batek munduari bere nortasunetik begiratu behar diola eta gizarte global batean integratu behar duela sinetsita.
4. Eten digitala murriztea (18. GJH, 5. jomuga):
Konpromisoa hartzen dugu gure tresna eta kanal digitalak gure interes-talde guztiek eskura izan ditzaten gure jardun-eremuko hizkuntza guztietan, eta, horrela, hizkuntzaren erabilerarako oztopoak saihestea eta teknologia inklusiorako tresna izan dadin laguntzea.
