Murtzian urriaren 25etik 27ra bitartean egingo den SECA biltzarra osasun-laguntzaren kalitateari buruzko esperientziak eta jardunbide egokiak trukatzeko topagunea da.
Aurten, “Asistentziaren kalitatea, jasangarritasunaren oinarria” izenburupean, biltzarrak gogoeta egin nahi du asistentziaren kalitateak osasun-sistema eredu jasangarriago baterantz bideratzeko funtsezko faktore gisa duen rolaz.
Mutualiak hurbileko eta kalitatezko osasun-laguntza emateko konpromisoa du, eta pazienteen osasuna du osasun-laguntzaren oinarri nagusia. Horretarako, osasun-arloko profesionalen talde bat du, kasu guztiak modu pertsonalizatuan aztertzen dituena, paziente bakoitzaren beharren arabera eta osasun-arloko azken teknologiaren laguntzarekin.
Gaur egun, Mutualiak ekimen bat baino gehiago ditu martxan, eta zenbait komunikazio eta hitzaldi aurkeztuko ditu SECA biltzarrean:
Komunikazioen atalean:
- “Segurtasun-errondak. 9 urteko esperientzia praktikoa arriskuak kudeatzen”
- “Adimen artifiziala kontingentzia arruntagatiko bajen kontrola eta segimendua egiteko”
- “Zer dago tratu-desadostasunagatiko kexa baten atzean?”
- “Erizaintzaren balioa kontingentzia arruntagatiko aldi baterako ezintasuna kudeatzean”
Hitzaldien atalean:
Miguel Ulibarrena Mutualiaren Osasun Kudeaketako eta Kanpoko Osasun Laguntzako zuzendariak Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduten mutuen arteko Benchmarkingari buruzko mahai-inguruan parte hartuko du, “Pazientearen segurtasuna hobetzea” izenekoan, eta “Osasun-laguntza pertsonalizatzeko eredua” hitzaldia aurkeztuko du. Proiektu hori Mutualiako Humanizazio Batzordeak sortu zuen 2018an, jendeari patologiaz gaindiko arreta emateko kultura sustatzeko helburuarekin. Pandemiaren ondoren, 2021. urtean, berrartu egin zen ,eta Osasun Laguntza Pertsonalizatzeko Batzorde bihurtu zen. 2022an, Mutualiaren eta Humans Fundazioaren arteko lankidetzari ekin zitzaion, kanpoko erakunde baten laguntza metodologikoa eta ebaluazio-laguntza izateko. Hala, Mutualian Osasun Laguntza Pertsonalizatzeko Planaren ereduaren oinarri diren dimentsio eta ardatz estrategikoak ezarri ziren. Aurten, Humans Ziurtagiriarekin (A maila) aintzatetsi da, hots, osasun-laguntzan humanizazio- eta kalitate-neurriak ezarri direla aitortzen duen ziurtagiriarekin.
Cristina Peruchok, Mutualiako mediku errehabilitatzaile eta Osasun Laguntza Pertsonalizatzeko Batzordeko arduradunak, “Onarpen digitala lan-istripuen mutua batean” hitzaldia emango du. Hitzaldi horretan, paziente bat onartzeko Mutualian egiten den prozesu digitala azalduko du, baita erabiltzaileak harrera digitalean duen esperientzia ere.
Eta Ane Telleriak, Mutualiaren Pakea Klinikako erizainak, Educator proiektuaren berri emango du, “Educator 2.0: egia bihurtutako ametsa” izeneko hitzaldian. Proiektuaren helburua da osasun-ezagutzak eta ezagutza higieniko-sanitarioak transmititzea enpresei eta haietako langileei, lan-istripuren bat gertatuz gero nola jokatu jakin dezaten, baita pazienteei eta haien zaintzaileei ere, suspertze-prozesuan aktiboki parte har dezaten.
