dia mundial sin tabaco 2025
Itzuli

Mutualiak bat egin du 2025eko Tabakorik Gabeko Mundu Egunarekin

Mutualiak bat egin du Tabakorik Gabeko Mundu Egunaren ospakizunarekin, alegia,  maiatzaren 31n egiten den mundu mailako ekimenarekin. Egun horren helburua da herritarrak tabakoa kontsumitzeari lotutako arriskuez kontzientziatzea eta kontsumoa murrizteko politika eraginkorrak sustatzea.  

OMEk 2025eko Tabakorik Gabeko Mundu Egunaren kanpainaren leloa iragarri du: «Mozorroa kendu diezaiogun bere erakargarritasunari: industriak tabakoarekin eta nikotinarekin darabiltzan estrategiak agerian». Gai hori aukeratu da osasun publikoaren erronka nagusietako bati aurre egiteko: tabakoaren eta nikotinaren erakargarritasunari aurre egitea, batez ere publiko gaztearen artean. Tabako-industriak hainbat estrategia erabiltzen ditu tabakoaren kontsumoa sustatzeko, gazteei bereziki zuzendutako kanpaina erakargarrien bidez. Horren ondorioz, pertsonak tabakismoan has daitezke gazte-gaztetan, eta horrek bizitza osorako mendekotasuna eta osasunerako ondorio larriak ekar ditzake.  

Tabakismoa ohitura kaltegarria da osasunarentzat, eta hainbat gaixotasuni lotutako arrisku-faktoretzat jotzen da. Enpresa osasungarrien politiketan, funtsezkoa da erretzeari uzteko sentsibilizazio-kanpainak egitea. Eta, horretarako, funtsezkoa da tabakismoa adikzio bat dela ulertzea.  

Prebentzioak, kontsumitzen hastea ekiditea ez ezik, erretzeari uztea sustatzea ere badakar. Erretzaileen kasuan, osasunerako arrisku larriak prebenitzeko, ezinbestekoa da erretzeari uztea. Erretzaile gehienak jakitun dira arriskuez, eta utzi egin nahi dute. Baina laguntza behar da erretzeari uzteko eta abstinentzia-sindromeak izan ditzakeen eraginak kontrolatzeko: suminkortasuna, haserrea, frustrazioa, nekea, insomnioa, eztula, zorabioak, buruko mina, antsietatea, kontzentrazio falta, idorreria, urdaileko mina, jateko gogoa handiagoa eta abar. 

Osakidetzak eraginkortasun frogatuko metodoak ditu erretzeari utzi nahi dioten pertsonak artatzeko eta haiei aholku emateko; zenbait baliabide ematen ditu, hala nola hezkuntza-materiala eta hainbat programa, barne hartzen dutenak aurrez aurreko tratamendua, urruneko tratamendua edo tratamendu mistoa.

Lotutako berriak