Itzuli

Mutualiak 26 milioi euroko emaitza finkatuarekin itxi du 2014ko ekitaldia

• Araudi berria aplikatuz, mutuak 75 milioi euroko ekarpena egiten dio Gizarte Segurantza sistemari.
• 315.915 pertsona daude babestuta Kontingentzia Profesionalean (EAE-ko %41,8).

Donostian, 2015eko uztailaren 17an

Mutualiak, Gizarte Segurantzako 2 zenbakiko Lan Istripuen eta Gaixotasun Profesionalen Mutuak, 2014. urteko balantze ekonomikoa eta jarduera balantzea onetsi ditu gaur Batzar Nagusian. Diru sarrera osoak 289 milioi eurokoak izan dira, horietatik 285 milioi Gizarte Segurantzaren kudeaketari eta 4 Ondare Historikoaren kudeaketari dagozkionak.

Diru sarrera horiei esker, emaitza finkatu positiboa 24 milioi eurokoa izan da Gizarte Segurantzaren kudeaketa kontuetan, eta 2 milioikoa Ondare Historikoaren kudeaketari dagozkion kontuetan.

Azken ekitaldian, Mutualiaren jardueraren ezaugarri nagusia bere bezeroen aldeko zerbitzu eta harreman bokazio argia izan da. Horri esker, Euskadiko Autonomia Erkidegoko lehen mutua gisa finkatu da, 2014. ekitaldia %41,8ko merkatu kuotarekin itxiz. Kontingentzia Profesionalean babestutako batez besteko pertsona kopurua 315.915 pertsonakoa izan zen.

Ignacio Lekunberri Zuzendari Gerenteak, bezero tipologia guztiek lortutako gogobetetze maila altua azpimarratu du. Horrela, prestazio ekonomikoak jaso dituzten pertsonek 8,08 puntuko gogobetetze maila adierazi dute, eta osasun arretaren erabiltzaileen %93,52 pozik edo oso pozik agertu da jasotako zerbitzuarekin, Mutualiak arretaren kalitatearen alde egindako apustuari eta, inolako zalantzarik gabe, beharrei erantzuna ematen dieten instalazioei eta ekipamenduei esker, neurri batean. Mutualiako kide diren enpresek lortutako gogobetetzeari dagokionez, 7,7 puntukoa izan da. Zuzendari Gerenteak, Mutualiaren alderdi bereizleetako bat zentroen hedapena eta gertutasuna dela azpimarratu nahi izan du. Horren adibide, une honetan mutuak dituen 19 zentroak dira (horietatik 18 Euskadin). Zentro horietan 34.255 pazienteri eman zaie arreta eta 130.300 osasun kontsulta eta 1.388 ebakuntza kirurgiko egin dira.

 

Mutualiaren beste jarduera bat, kide diren enpresetako istripu maila murrizten laguntzea da. Horri dagokionez, joan den ekitaldian 3.233 prebentzio jarduketa baino gehiago egin dira. Jarduketa horien artean kasu jakinen azterketak, aholkularitza orokorra, jardunaldi teknikoen antolakuntza edo dibulgazio jarduerak daude. Horri esker, istripu maila murrizteko pizgarriak, Bonus izenez ezagutzen direnak, jasotzeko 119 eskari erregistratu dira, eta horien zenbatekoa 1.800.000 eurokoa izan da.

 

Joan den ekitaldian Mutualiak lorpen garrantzitsuak izan ditu bere kudeaketaren zenbait arlotan. Horien artean hauek azpimarratu behar dira: Prebentzio Sozietatearen salmenta, instalazioen eta ekipamenduen egokitzapena eta hobekuntza eta, batez ere, Ercilla Klinikako hidroterapia gunearen zaharberritzea, zenbait ziurtapen berriztatzea eta berriak lortzea, Henaoko zentroan lortutako irisgarritasunari buruzkoa eta Henaoko eta Ercilla Klinikako iraunkortasunekoak, besteak beste, eta bezeroekin harreman azkarragoa eta eraginkorragoa lortzeko teknologia berrien erabilera indartzea. Teknologia berrien aldeko azken apustu horri esker, bere App-ak Administrazio eta Smart City kategoriako aplikazio hoberenaren saria lortu du Star BiscayApp´14 Lehiaketan.

Batzar Nagusian, Alvaro Plaza Prestazio Berezien Batzordeko Presidenteak, Batzorde horrek 2014an aurrera eramandako jarduketak azaldu dizkie bertaratutakoei. Jarduketa horien onuradunak 215 pertsona izan dira, eta banatutako laguntzak, 561.000 eurokoak.

Amaitzeko, Urtsa Errazti Mutualiako Presidenteak, 2015ean Mutuen Legea onartu ondoren Mutualiak aurrean izango duen eszenatoki berria azpimarratu du. Horrela, legeak, bertan jarritako itxaropenak osorik bete ez dituen arren, mutuak, eta Mutualia horien artean, harro daude krisiak iraun dituen urteetan Gizarte Segurantzako Funtsetara 3.962 milioi euro bideratu izanaz, pentsioak ordaintzeko. Amaitzeko, ez dio bere aurkezpenari amaiera eman nahi izan erakundeko lantaldea osatzen duten eta beraien eguneroko lanarekin Mutualia EAE-ko erreferentziazko mutua bilakatzen lagundu duten 600 pertsona baino gehiagoren inplikazioa aitortu gabe. Langile horiek osasun eta ekonomia alorretako laguntza hoberena eskaini diete mutuako kide diren langileei eta, ondorioz, enpresak egunero lehiakorragoak izan daitezen lagundu dute, ekonomia berreskuratzen ari dela dirudien eszenatoki berri honetan.

 Txostena PDF Formatuan
 Mutualia zifratan PDF Formatuan

Lotutako berriak