- Euskadiko langileen % 45 ingururi eskaintzen dio babesa Mutualiak.
- 350.000 osasun-laguntza baino gehiago eskaini ditu, eta 322 milioitik gora ordaindu ditu prestazio ekonomikotan.
- Osasun-laguntza jaso duten pertsonen % 94,66k adierazi dute eskainitako laguntzarekin pozik edo oso pozik daudela.
Donostia, 2023ko uztailaren 14a
Mutualiak, Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduen 2 zenbakiko mutuak, Ohiko Batzar Orokorra egin du, zeinean 2022ko ekitaldiko balantze ekonomikoa eta jarduera onetsi baitira. Erakundeak 16,5 milioi euroko emaitza izan du ekitaldi horretan; zenbateko horri araudiak ezarritako ehuneko berrietara egokitzeko behar diren erreserben aplikazioari batuta, 47 milioi euro dira. Haietatik 8,2 erreserbetara bideratzen dira osorik, eta Gizarte Segurantzaren funtsetan sartzen dira 38,8 milioi euro. Kontingentzia arruntengatiko prestazioen igoera handia izan da 2022ko ekitaldiaren ezaugarri nabarmenetako bat. Igoera horrek lotura zuzena du jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren indarberritzearekin.
Ezohiko Batzar Orokorrean —egun berean egin da—, Zuzendaritza Batzordeak gobernantza-sistema aurreratu bat ezartzeko egindako ahalegina eskertu du Urtsa Errazti Mutualiako lehendakariak, eta gogora ekarri du sistema guztia koherentea dela Mutualiaren xedearekin (Gizarte Segurantzarekin lankidetzan pertsonek osasunaz, segurtasunaz eta ongizateaz gozatzeko duten eskubidea bermatzea). Bestalde, Ignacio Lekunberri Mutualiako zuzendari kudeatzaileak nabarmendu du langile bakoitzeko baja-egunek Euskadin izan duten igoera; hori dela eta, beraren ustez, “inplikatutako eragile guztien gogoeta lasai baina premiazkoa” behar da. Testuinguru horretan, iragarri du arazo hori konpontzeko pausoak ematen ari direla, eta emaitzak lortuko dituztelakoan dago, epe ertainean bada ere.
Batzar Orokorra Mutualiaren Pakea klinikako ekitaldi-aretoan egin da, eta Erronka Garbia metodologiari jarraitu zaio hura diseinatzeko eta antolatzeko garaian; hala, mota horretako ekitaldietan izaten diren ingurumenarekiko inpaktu negatiboak minimizatzeko neurriak aplikatu dira.

