2024 mutualia ohiko batzar orokorra
Itzuli

Mutualiak 430.000 pertsona baino gehiago babestu zituen Euskadin 2023an

  • Euskadiko langileen % 45 ingururi eskaintzen dio babesa Mutualiak.
  • 370.000 osasun-laguntza baino gehiago eskaini zituen 2023an, eta 310 milioi euro ordaindu zituen prestazio ekonomikotan.
  • Osasun-laguntza jaso duten pertsonen % 94,1ek diote pozik edo oso pozik daudela eskainitako laguntzarekin.

Donostia, 2024ko uztailaren 19a

Mutualiak, Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduen 2 zenbakiko mutuak, Ohiko Batzar Orokorra egin du, eta 2023ko ekitaldiko balantze ekonomikoa eta jarduera onartu ditu hartan. Ignacio Lekunberri zuzendari kudeatzailearen arabera, kontingentzia profesionalen kudeaketak ia 64 milioi euroko soberakina izan zuen 2023an, baina kontingentzia arrunten kudeaketak ia 73 milioi euroko saldo negatiboarekin itxi zuen urtea. Hala ere, Mutualiak 3 milioi euro inguru emango dizkio Gizarte Segurantzari, langile autonomoen jarduera-etetearen kudeaketaren emaitza positibotik datozenak. Berriro ere, kontingentzia arruntengatiko prestazioen igoera handia izan da 2022ko ekitaldiaren ezaugarri nagusia. Igoera horrek lotura zuzena du jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren indarberritzearekin.

Batzar Orokorrean, Urtsa Erraztik, Mutualiako presidenteak, Plan Estrategikoan orain arte lortutako helburuen garrantzia azpimarratu zuen, baina oso kezkatuta agertu zen Euskadiko langileen baja-egunen kopuruaren bilakaerarekin, handia baita Estatuko gainerako lurraldeetakoekin alderatuta. Erraztik “Euskadin bajen portaera berezi horren arrazoi posibleak” zeintzuk diren azaldu zuen, eta, ildo horretan, gomendatu zuen azkartu daitezela arazo hori aztertzeko hasitako lanak, eta lehenbailehen martxan jar daitezela proposatzen diren ekintzak.

Batzar Orokorraren ondoren, Juanma Legorburu Mutualiako medikuak Absentziak Kudeatzeko Gida aurkeztu zuen, inplikatutako eragile guztientzako hobekuntza-tresna gisa.

Aurten ere, Batzar Orokorra Mutualiaren Pakea klinikako ekitaldi-aretoan egin da, eta hura diseinatzeko eta antolatzeko garaian Erronka Garbia metodologiari jarraitu zaio, zeinak aukera ematen baitu ekitaldietan izaten diren ingurumenarekiko inpaktu negatiboak minimizatzeko neurriak aplikatzeko.

Lotutako berriak