
• Prestazio ekonomikoen onuradunentzat bideratutako kopurua 160 milioi euro izan zen, kontingentzia profesionalengatik nahiz kontingentzia arruntengatik. • Merkatu-kuota % 42,45 izanik, Euskal Autonomia Erkidegoan Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den lehen mutualitate gisa finkatu da • Abenduan, Pertsonen Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Saria jaso duen lehen erakundea bihurtu zen.
Gasteiz, 2017ko ekainaren 21a
Mutualiak, Euskal Autonomia Erkidegoan Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den lehen mutualitateak, 2016an 44.743 pertsona artatu zituen kontingentzia profesionalagatik, eta haietako 15.511ri baja eman zitzaien. Prestazio ekonomikoen onuradunentzat bideratutako kopurua 160 milioi euro izan zen, kontingentzia profesionalengatik (KP) nahiz kontingentzia arruntengatik (KA).
Aurreko ekitaldietan bezala, Mutualiaren estrategiaren ardatza bere enpresak eta erabiltzaileak gogobetetzea izan da, eta, horretarako, azpiegituretan eta asistentziaren kalitatean inbertitu du. Estrategia horrek Euskal Autonomia Erkidegoko lehen mutualitate gisa finkatzeko aukera eman dio, % 42,45eko merkatu-kuotarekin. Horrek esan nahi du Mutualiak, Euskal Autonomia Erkidegoan, 343.180 langileren kontingentzia profesionalak estaltzen dituela (horietako ia 7.000 autonomoak dira).
Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian elkarrekin lotutako 19 zentrorekin eta 583 langilerekin, Mutualia Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den erreferentziazko mutualitatea da langileen zainketan Euskal Autonomia Erkidegoan.
Mutualiak, 2016an, prebentzio-jarduera bizia izan zuen, laneko osasuna hobetzeko asmoz: 66 prestakuntza-gela eta 495 pertsona joaten dira laneko arriskuen prebentzioan trebatzera. Hala ere, autonomia-erkidegoko datuen arabera, laneko ezbeharren kopurua enpresetan % 5 handitu zen: 2015ean, mila langileko 40 baja izan ziren, eta 2016an, 42 izan ziren.
Batzar Nagusiak ekitaldiko balantze ekonomikoa eta jarduerarena onartu zuen: 11,45 milioi euroko emaitza kontsolidatua eta kuota bidezko 279 milioiko diru-sarrera. Ignacio Lekunberrik, Mutualiako zuzendari kudeatzaileak, erakundeak bere bezeroen beharrei eta itxaropenari aurrea hartzeko egindako apustua nabarmendu du, hau da, Osasunaren Kudeaketa Partekatua, «enpresa bakoitzarekin adosteko ekintza-planak, modu pertsonalizatuan identifikatzearren eta definitzearren haien langileen osasunaren kudeaketa hobetzen lagunduko dutenak».
Era berean, erakundearen asistentziaren kalitatearen aldeko apustua nabarmendu du. Jasotako osasun-asistentziari buruzko gogobetetze-indizea 8,48 puntukoa da kontingentzia profesionalean, eta 7,56koa kontingentzia arruntean. Larrialdietan eta kontsultan artatzeko itxaron beharreko batez besteko denbora ez da zortzi minutu baino gehiago izaten, eta ebakuntza kirurgiko baterako itxarote-denbora 6 egun baino gutxiago da, 2 egun baino gutxiago erresonantzia magnetiko baterako eta egun batekoa fisioterapia-tratamendu bat hasteko.
Urtsa Erraztik, Mutualiako lehendakariak, mutualitatearen konpromiso argi eta garbia nabarmendu du «Euskal Autonomia Erkidegoko gure talde interesdunentzako balioa sortzeko, kontratazioaren % 78 hornitzaile autonomikoak direla, beti berdintasun-baldintzetan eta sektore publikoko kontratuen legearen arabera». Eta konpromisoa Mutualian lan egiten duten pertsonetara ere zabaltzen da. Hala aitortu zitzaion joan den abenduan, Pertsonen Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Saria eman baitzioten; saria Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eman zion.
