eskuara
Itzuli

Mutualiak bat egin du Eskuara proiektuarekin 

“Eskuara” egitasmoarekin bat egin du Mutualiak beste 23 enpresekin batera. Hitzarmen honen bidez, Mutualiak euskararen erabilera areagotzeko neurriak sustatzeko eta zabaltzeko konpromisoa hartzen du, baita enpresan garatutako jardunbide egokiak partekatzekoa ere. 

Abenduaren 11an, Arabako Enpresen Foroaren XI. edizioa izan da eta “Eskuara” egitasmoarekin bat egin du Mutualiak beste 23 enpresekin batera. Jardunaldian Iza igogailu enpresak eta Mutualiak praktika onak aurkeztu dituzte. Honako enpresa hauek sinatu dute hitzarmena eta foroan egon dira: Adigrafik, Aenkomer, Aiaraldeko Faktoria, Angostoko Kanpinga, Asafes, Ciudad Jardin, Ediren, Egibide LH, Eraiken LH, Eska Hiunday, Galemys, Gamarra LH, Grafik Sarea, Idarte LH, Irsearaba, Iza, Laudioalde LH, Mendizabala LH, Metaposta, Mutualia, Sartu Araba, Sirimiri, Tartekamedia eta Uriarte. 

foto Jon (1)

Ekitaldiari harrera egin diote Sonia Rodriguez, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak, eta Saray Zarate, Arabako Foru Aldundiko Landa, Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren saileko foru diputatuak. Eskuara zerbitzuarekin bat egin duten enpresei aitortza egin die, bestalde, Zarate Fernandezek eta Iñaki Gurtubai, Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Saileko foru diputatuak. 

Lanbide Heziketak eta praktikek ezinbesteko zeregina dute euskalduntze-bidean lan-eremuan. Lanabes egitasmoak Euskarazko Lanbide Heziketa Duala sariak banatzen ditu, eta Arabako Enpresen XI. Foroan izan da aurtengo saridunetako bat: Ane Sesmilo Cruzek nabarmendu du praktikaldia euskaraz egiteak ekarri dizkion onurak, eta horrek enpresari ematen dion balio erantsia. Izan ere, enpresetan hizkuntza aniztasuna kudeatzen denean besteengandik bereizteko balio dutela esan du, eta horrez gain, baita enpresa kokatzen den errealitatearekin egokitzea ere. Praktiketako ikasle sarituarekin batera igo dira taula gainera Joseba Koldo Gartzia Hontz Extremeko enpresaria, bertan praktikak egin zituen Mikel Nevado eta Xabier Mendiguren Ciudad Jardin ikastetxeko kidea. 

“Eskuara” proiektuaren helburua da 50 langile baino gehiago dituzten Arabako enpresetan euskararen erabilera areagotzea eta hizkuntza berdintasuna bultzatzea. Lanabes programaren barruan sortutako egitasmoa da.  

Proiektuan parte hartzeko baldintza bakarra dago: enpresak bere behar eta neurrira egokitutako konpromisoak hartzea eta betetzea. Horretarako, Arabako Foru Aldundiarekin hitzarmen bat sinatuko dute. Proiektuan parte hartzen duten enpresek Ahize-AEK hizkuntza aholkularitza zerbitzuaren laguntza dute. Proiektua Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak finantzatzen du. 

“Eskuara” komunitatearekin bat egiteko eta zerbitzuak jaso ahal izateko eskuara@lanabes.eus helbidera mezua bidali eta aholkulariek harremanetan jarriko dira. 

Lotutako berriak