Mutualiak Bikain oinarrizko ziurtagiria lortu du Bizkaian. Abenduaren 13ko arratsaldean, Bilboko Euskalduna Jauregian, Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriak banatzeko ekitaldia egin da. Lourdes Gondra (Mutualiako Zerbitzu Korporatiboetako zuzendaria) arduratu da ziurtagiria jasotzeaz Mutualiaren izenean.
Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriak euskararen presentziaren, erabileraren eta kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatzen eta aitortzen du esparru sozioekonomikoan. Hamabosgarren edizio honetan 37 entitatek jaso dute saria; 17 entitatek Harrobi saria eta 20k Bikain ziurtagiria.
2023an sartu da indarrean dekretu berria, ebaluazio-sistema berri batekin; batetik, erakundearen izaeraren araberako ebaluazio-sistema (publikoa edo pribatua), eta, bestetik, erakunde pribatuen kasuan, oinarrizko ziurtagiriarena baino maila baxuagoko beste aitortza bat, euskararen normalizazioan egindako lehen urratsak aitortzen dituena, Harrobi.
Oraingo honetan ekitaldiaren leloa “Konpromisotik bikaintasunera” izan da. Bingen Zupiriak, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, ekitaldiaren lelotik abiatuta euskararen normalizazioan eman diren urratsak azpimarratu ditu.

