Itzuli

MUTUALIAk Enpresa Osasungarriaren Foroan parte hartu du

Irailaren 22an, Bilboko Guggenheim museoan Enpresa Osasungarrien Foroa egin zen. El Correok antolatu zuen, Osalanen babesarekin, eta Enpresa Osasungarri izateko behar diren alderdi nagusiei buruz hitz egin zen, baita horrek erakundeentzat duen garrantziaz ere. 

Irekiera-ekitaldian, Idoia Mendia lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enpleguko sailburuak Osalanen lana nabarmendu zuen, eta Euskadiko Laneko Osasunaren 2021-2025 Estrategiaren puntu nagusiak aurreratu zituen. Adierazi zuenez, osasuna sustatzea “ez da soilik langileen eskubide bat; aitzitik, enpresentzako inbertsio bat” da. Estrategia berriaren barruan alderdi hauek daude: zahartzea, prebentzio-planetan genero-ikuspegia sartzea, ingurune digitala, arrisku psikosozialak (adibidez, laneko estresa), eta abar. Helburua da prebentzio-kultura bat garatzea, osasuna prebenitzea eta babestea, eta ezbehar-tasa eta absentismoa murriztea.  

Mutualiak “Zenbait enpresaren arrakasta-kasuak” izeneko mahai-inguruan parte hartu zuen, Carlos Fernández MovexClinicseko ingeniari mekatronikoarekin, eta Vicente Guzmán Indartek Soluciones e-Learning-ekoarekin. Mahai-ingurua gidatzeko ardura Eva Gonzálezek izan zuen, Osatoki Salud enpresaren sortzaile eta zuzendariak. M. Mar Crespo Prebentzio Alorreko gure arduradunak Mutualian enpresa osasungarri gisa egiten ari garen ekintzen eta hartutako neurrien berri eman zuen; hizpide izan zituen ergonomia; nahasmendu muskuloeskeletikoen prebentzioa; arrisku psikosozialen prebentzioa, esaterako, laneko estresarena, gure Estresa Kudeatzeko Eskolarekin; bizi-ohitura osasungarrien sustapena, esaterako, Elikadura Osasungarriaren Eskola; sedentarismoa, Mutualia On!-en Atsedenaldi Aktiboa programaren bidez… Era berean, azpimarratu zuen kudeaketa-sisteman garatu beharreko neurriak ekintza eta helburu zehatzekin txertatzeko dagoen beharra. 

Bestalde, “Enpresa osasungarriak, eredu jasangarriago eta gizatiarrago baterantz” mahai-inguruan, honako hizlari hauek hartu zuten parte: William Cockburn, EU-OSHAko Prebentzio eta Ikerketa Unitatearen burua; Iñaki Olaizola, Osalaneko Planifikazio zuzendariordea; Dolores Rico, SGSko Iparraldeko Prebentzio zuzendaria; eta mahai-ingurua gidatzen Natalia Fernández Laviada aritu zen, Fraternidadeko Kalitate, Prebentzio eta Komunikazioko zuzendariorde nagusia. Hizlariek azpimarratu zuten prebentzio-kultura sustatzeko beharra, prestakuntzatik beretik. 

Jardunaldian, gainera, hauek ere parte hartu zuten: José Millán, Axa Arriskuen Prebentzioko Katedraren zuzendaria; María Eugenia Pérez Ramos, Gizagune Fundazioko kidea; Digna González, BexenCardio enpresaren I+G Departamentuaren arduraduna; Natalia Gimferrer, MC MUTUALeko enpresa osasungarriko teknikaria; eta Ana Huerta, Aenorreko Erakunde Osasungarriko Kudeaketa Sistemen auditore burua.    

Lotutako berriak