Urriaren 21ean, Euskaltelen Jardunaldi Teknologikoak egin dira Bilbon. Bertan, enpresen aukera eta erronkei buruzko ikuspegiak azaldu dira, eraldaketa digitalaren aroan ingurumen-trantsizioari eta iraultza digitalari egokitzeko beharraren aurrean.
Jardunaldien gonbidatu nagusia Josep Piqué izan da, enpresaburua, ekonomialaria eta enpresa-zuzendaritzari buruzko nazioarteko hizlari eskarmentuduna. Bere hitzaldian –“Enpresaren egokitzapena datorkigun pandemia osteko munduan”–, adierazi du mundua guztiz azkar ari dela aldatzen, eta makrojoerak identifika ditzakegula, bilakabidea nolakoa izango den eta nola baldintzatuko gaituen ikusteko.

Mutualiak “Egungo egoerako arrakasta, erronkak eta aukerak” profesionalen mahaian hartu du parte . Ignacio Lekunberri zuzendari kudeatzaileak jardun du Mutualiaren izenean, eta harekin batera egon dira Koldo Etxeberria, Kutxabankeko Sistemen zuzendaria; Aitor Urzelai, SPRI Taldeko zuzendari nagusia; Isidro Fernández de la Calle, Euskaltel Taldeko Enpresen zuzendaria; moderatzaile lanak Iñaki Gonzálezek egin ditu, Deia egunkariko zuzendariak.
Bere mintzaldian, Ignacio Lekunberrik Mutualiaren kudeaketaren bi alderdi esanguratsu nabarmendu ditu: alde batetik, pertsonen motibazioa eta enpresaren xedearekin bat egitea, aldaketa-garai honi aurre egin ahal izateko etengabeko prestakuntzaren bitartez, eta, bestetik, pazientea ardatz duen arreta, bai haren segurtasunari bai beraren datuen segurtasunari dagokienez. Helburu horiek lortzeko garrantzitsua da teknologian, zibersegurtasunean eta prestakuntzan inbertitzea. Gainera, kudeaketa-ereduak printzipio etikoak izan behar ditu oinarri, Mutualia denboran iraungo duen proiektu jasangarria izan dadin. Beren jarduera gauzatzen duteneko inguruari balioa ematen dioten eta garapen jasangarriko helburuekin bat datozen enpresek baizik ez dute lortuko gizartearen onarpena eta legitimazioa.
Jardunaldian parte hartu dute, halaber, Enrique Monzonisek, Eroskiko Berrikuntza, IKT eta Eraldaketa Digitaleko zuzendariak, eta Iñigo Jaimek, Sti Norlandeko CEOak.
