Mutualiak lekuz aldatu du Bergarako zentroa, eta, aldaketa horri esker, zerbitzu hobea eman ahal izango du, instalazio handi eta modernoagoetan. Bergarako Amillaga kalean dago, 5C zenbakian, eta urtarrilaren 11z geroztik dago zabalik.
Kokaleku berrian, aurrekotik oso gertu, Mutualiak Bergarako eta inguruko mutualistei osasun eta administrazio laguntza eskaintzen jarraituko du; inguru horretan, 9.000 langile ingururi emango zaie estaldura. Kokaleku berria egokitzeko eta hornitzeko, 600.000 € inguruko inbertsioa egin da, eta Mutualiaren eraikin guztietan onartutako jasangarritasun eta irisgarritasun irizpideen arabera diseinatu da.
350 metro koadroko azalera du zentroak guztira, eta aipagarriak dira, orobat, medikuen lau kontsulta, sendaketa gela bat, azken teknologiako ekipamendua duen erradiodiagnostikorako gela bat eta 82 metro koadroko errehabilitazio eremu bat.
