Osakinbide Programa
Mutualiaren Prestazio Berezien Batzordeak gizarte-laguntza berri bat onartu du Osakinbide Programaren bidez. Hain zuzen ere, programa horren helburua da laneko istripu edo gaixotasun baten ondorioz ezintasun iraunkorra aitortuta duten pertsonen osasuna, integrazioa, normalizazioa eta gizarteratzea bultzatzea, oinarriko Jarduera Fisiko Egokituaren bidez.

Bi modalitate bereizten dira programan:
- Taldeko programa. 10 laguneko taldeetan egiten da, 4 hilabetez, astean bi orduz; Bilbon, Gasteizen eta Donostian egin daiteke. Begirale espezializatuek gidatzen dituzte jarduera fisikoak, aretokoak nahiz uretakoak; programaren hasieran partaideen ahalmenen banakako azterketa egiten da, begiraleek jarduerak partaideen ahalmenetara egokitu ahal izateko.
- Programa espresa. Banakako modalitatea da, ordutegiengatik edo bizitokiagatik taldeko programan sartzerik ez duten pertsonei begirakoa. Partaide bakoitzaren azterketa funtzionala kontuan hartzen da, ahalmen fisikoen banakako ebaluazioa barne. Hala, banakoaren profilaren neurriko jarduera fisikoak edo kirol jarduerak egiten dira, jarduera hasieratik bukaerara gidatzen duten profesionalen laguntzaz. Banakako laguntzako eta jarraipeneko 6 saio egiten dira, ingurune normalizatuan, partaidea bizi den tokiko zentro itundu batean, udalen kirol programen barruan edo antzekoetan.
Zer helburu nagusi du Programak?
Helburu nagusia da ezintasuna duten pertsonen berregokitze funtzionala eta gizarteratzea laguntzea. Jarduera fisikoen eta kirol jardueren bidez landuko da helburu hori, osasun orokorraren kontzeptuan (osasun fisikoa, lehengoratze psikikoa eta gizarte-harremanak) oinarrituriko inklusioa bermatuz eta diziplina anitzeko arreta eskainiz.
Horretarako, Gaituz Sport fundazioko profesionalekin lan egingo dugu. Gaituz Sport jarduera fisikoaren eta kirolaren bidez inklusioa sustatzen espezializatutako fundazioa da.
Osakinbide Programa 2019ko urritik 2020ko ekainera gauzatuko da, eta parte hartzeko baldintza izango da dagokion familia unitatearen diru-sarrerek ez gainditzea gizarte-prestazio guztiei aplikagarri zaien arautegiak ezarritako muga jakin batzuk.
Informazio gehiago nahi izanez gero, jar zaitez gurekin harremanetan:
Mutualia: Telefonoa 944 042102 -945 009070 prestacionesespeciales@mutualia.es.
Gaituzsport: Telefonoa 622.022.063 – 946.065.626 info@gaituzsport.eus