neumaticos de invierno
Itzuli

Neguko pneumatikoak

Neguan izaten dira gidatzeko klima-kondizio arriskutsuenak. Haizeak, hotzak, euriak, elurrak eta izotzak zirkulazioa baldintzatzen dute, eta gidatzeko modua aldatzera behartzen dute gidaria. Egoera horietarako, ibilgailuari neguko pneumatikoak jartzea da aukeretako bat.

Baina zer dakigu pneumatiko horiei buruz? Espainian ez da nahitaezkoa pneumatiko-mota hori erabiltzea, Europako erdialdeko eta iparraldeko beste herrialde batzuetan ez bezala —haietan ohikoak izaten dira euria, elurra eta izotza garai honetan—. Neguko pneumatikoak 7°C-tik beherako tenperaturetan segurtasun osoz zirkulatzeko diseinatuta daude —errepidean elurra egon nahiz ez egon—; haiei esker, trakzioa hobea da eta noranzkoari hobeto eusten zaio itsaspen txikiko errepideetan. Saihetseko berariazko marken bidez identifikatzen dira (M+S, 3 gailurreko mendiarekin edo 3 PMSF).

neguko pneumatikoa

Egoera kritikoagoetarako pneumatikoak ere badaude; “eskandinaviar” esaten zaie, eta elurretan ibiltzeko espezifikoak dira. Estuagoak eta abiadura txikikoak dira, material oso malguarekin eginak, eta marrazkia egokitua dute permafrosta duten errepideetan erabiltzeko (hots, zorupeak izotzezko geruza iraunkorra duenerako).

Gure geografiaren zatirik handienean ez da neguko pneumatikorik behar, baina askoz aukera seguruagoa da leku hotz eta hezeetan ibiltzen bagara. Gainera, pneumatiko horiekin ez da katerik erabili behar; hala jasotzen du zirkulazio-araudiak.

Zer abantaila dituzte neguko pneumatikoek? Tenperaturak jaistean, kautxuak propietateak galtzen ditu, eta gogortu egiten da; neguko pneumatikoak, berriz, hotzera egokitzen diren materialekin egiten dira. Konposizio horri esker, hotzarekin ere malguak izaten jarraitzen dute, eta errepidearen gainazalari modu eraginkorrean heltzen diote.

pneumatikoen konparaketa

Errodadura-bandak beste marrazki bat du, ebaki sakon —lamina—askorekin; ebaki horiek errepideari “atzapar” gisa heltzen diote, lur-mota guztietan (lehorrak, bustiak, elurtuak nahiz izoztuak) errendimendu ezin hobea bermatzeko.

Gainera, neguko pneumatikoen errodadura-banda % 10 sakonagoa da, eta, beraz, ur- eta elur-ebakuazioa askoz eraginkorragoa da.

Itsaspenarekin, trakzioarekin eta noranzkoari eustearekin lotutako abantaila horiek guztiak direla eta, horrelako pneumatikoek nabarmen murrizten dute balaztatze-distantzia. Elurretan, 50 km/h-ko abiaduran, neguko pneumatikoekin balaztatzeko distantzia 32 metro da; besteekin, berriz, 62 metro beharko genituzke, hau da, 30 metro gehiago. Datuak ia berdinak dira asfalto bustiarekin; beraz, segurtasun-abantailak agerikoak dira.

Neguko pneumatikoen alternatiba ona dira urtaro guztietarako pneumatikoak (all season). Negukoak bezalako pneumatikoak dira, baina urte osoan erabil daitezke. Hala, ez duzu uda eta negu aldatzen ibili beharrik. Neguko pneumatikoen antzeko eraginkortasuna dute, muturreko tenperaturarik ez bada. Tenperatura altuekin, prestazioak udakoen antzekoak dira, balaztatzeko distantzia izan ezik, pixka bat handiagoa baita. Denborarekin, pneumatiko hauek hobetuz joan dira, eta egoera guztietarako erantzun ezin hobea ematea lortu dute.

Ez dugu ahaztu behar pneumatikoak ibilgailuaren eta zoruaren arteko lotura direla, eta, beraz, oso garrantzitsuak direla.

Lotutako berriak