Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 37.6 artikulua aldatzearen ondorioz —minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duen beren ardurapeko adingabea ospitaleratzean eta ondorengo tratamenduan zehar zaintzeko lan-jardunaldia murrizten duten eta prestazio ekonomikoa jasotzen duten guraso biologiko, adoptatzaile edo abegi-gurasoei buruzkoa—, duela gutxi aldatu egin da minbizia edo beste gaixotasun larriren bat (CUME) duten adingabeak zaintzeagatiko prestazio ekonomikoa aplikatzen eta garatzen duen Erregelamendua (1148/2011 Errege Dekretua, uztailaren 29koa).
Egindako aldaketei esker, laguntza hori nabarmen hobetu da. Oro har, aldaketa horien helburua da prestaziorako irispidea erraztea, laguntzaren aldia zabaltzea eta prestazioaren eskubidea berriztatzeko luzapenen tramiteak erraztea:
- Gaixoa adinez nagusia izan daiteke, betiere minbizia edo gaixotasun larria hark 18 urte bete aurretik diagnostikatu bada.
Aldaketaren aurretik, prestaziorako eskubidea aitortzeko, beharrezkoa zen gaixoa adingabea izatea.
- Gaixoak 23 urte betetzen dituenean iraungiko da prestazioa. Baldin eta gaixoari % 65eko edo gehiagoko desgaitasuna aitortu bazaio 23 urte bete baino lehen, 26 urte betetzen dituenean iraungiko da prestazioa, betiere ere desgaitasun hori mantentzen bada.
Lehen, gaixoak adin-nagusitasuna betetzen zuenean iraungitzen zen prestazioa. Beraz, laguntzaren aldia nabarmen zabaldu da.
- Prestaziorako eskubidea hilabeterako aitortzen da gehienez. Aldi hori, hasiera batean, bi hilabetez luza daiteke gehienez eta, ondoren, gehienez lau hilabeteko ondoz ondoko aldiak izapidetuko dira, harik eta prestazioa iraungitzen den arte.
Lehen, luzapen horiek guztiak 2 hilabetekoak ziren gehienez, eta prestazioaren onuradunek bi hilabetetik behin jo behar izaten zuten adingabearen medikuarengana, hurrengo luzapena eskuratzeko medikuaren adierazpenaren bila. Hobekuntza horrekin, nabarmen hobetu da prestazioak eskatzeko egin beharreko izapideen prozedura, onuradunari, osasun zerbitzu-publikoari eta mutuei dagokienez.
- 18 urte bete ondoren, gaixoa ezkontzen bada edo izatezko bikote bat eratzen badu, haren ezkontideak edo izatezko bikotekideak prestaziorako eskubidea izango du, betiere prestazioa eskuratzeko eskakizunak betetzen baditu.
Lehen ez zen aukera hori jasotzen araudian: adingabe gaixoaren guraso biologiko, adoptatzaile edo abegi-gurasoek bakarrik jaso zezaketen prestazioa.
- Banandu, dibortziatu edo ezkontza deuseztatuz gero, eta izatezko bikotea hautsiz gero, gaixoarekin bizi den guraso biologiko, adoptatzaile edo abegi-gurasoari aintzatetsiko zaio prestaziorako eskubidea, nahiz eta beste guraso biologiko, adoptatzaile edo abegi-gurasoak lanik ez egin, betiere gainerako eskakizunak betetzen badira.
Lehen beharrezkoa zen bi guraso biologiko, adoptatzaile edo abegi-gurasoak Gizarte Segurantzaren erregimenen batean afiliatuta eta alta emanda egotea eta biak aldi berean jardunean izatea. Horregatik, babesgabetasun-egoerak gertatzen ziren dibortzioa edo banantzea izan edo izatezko bikotea hautsi eta bikotekideetako bat seme-alaba gaixoa zaindu ezin zuen urruneko beste leku batera joaten zenean bizitzera.
Gogorarazten dizuegu minbizia edo beste gaixotasun larriren bat (CUME) duen seme-alaba bat zaintzeagatiko prestazioa Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduten mutuek kudeatzen dutela, eta zuzentzen zaiela minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duen seme-alaba bat ospitaleratzean eta ondorengo tratamenduan zehar zaintzeko beren lanaldia murriztu behar duten guraso biologiko, adoptatzaile edo abegi-gurasoei (gutxienez % 50 murriztu behar dute, lan-harremana etetera iritsi gabe), familia-unitateak egoera larri eta ohiz kanpoko horretan dituen sarrera-galerak konpentsatzeko.
Diego Badosa Quintana
Laneko jarduera uzteko prozesuaren zuzendaria. Bonusaren eta CUMEren arduraduna
